Angel Elortza Beitia • Ormaiztegi
Eskubaloia kirol bat baino gehiago da Ormaiztegirentzat eta ormaiztegiarrontzat. Azken egun hauetan berri txar bat jaso dugu, «eskubaloia desagertzera doa». Herriko gazteen zati handi batentzat izan den kirola azken jardunaldira iritsi da.
Aspalditik zeukan ezarrita iraungitze data. Jokalari berriak ezin aurkitu batetik, eta bestetik, zeudenek ez dute hurrengo denboraldirako konpromisorik hartu nahi izan. Gainera hainbeste urtetan entrenatzaile eta kirol zuzendari lanetan izan dena Anbrosio Apaolatza jubilatzera doa.
Iraganera jo beharra dago eskubaloiaren historiari hasiera emateko. 1974-1975 denboraldian kolore orlegi eta txuria soinean zituztela sortu zen lehen taldea, Baso Txulo izenarekin.
Bultzatzaile nagusia Pedro Sola Artajona izan zen, garai hartan teknikari eta nazioarteko epailea. Manzisidor Anaiak eta Luis M. Pildain zuzendaritza lanetan. Taldea herriko gazteekin osatu zen, gainera Etxeberria anaiak Txutxin eta Miguel donostiarrak, horiek esperientzi handiko jokalariak. Lehenengo urte hartan Legazpiko Lasalle ikastetxean jokatu behar izan zituzten partidak, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegia eraiki bitartean.
1976an, jada Ormaiztegin finkatuta, Hirugarren mailako garaile izatea lortu zuten. Urte berean gazte maila sortu zen, horrela etorkizuna bermatuta zegoen. 1977an Barduliarrak izena hartu zuten, eta Leo Aierbe entrenatzaile beasaindarrarekin bigarren mailako liga eta Gipuzkoako Kopa irabazi zituzten.
80ko hamarkada hasieran, udalaren babesarekin, Ormaiztegiko Kirol Elkartea sortu zen. Urte haietan kadete taldea ere izan zuten, eta Espainiako txapelketetara ere iritsi ziren Bartzelona indartsua aurkari zutela. 1986an Leo Aierberen heriotzarekin, Anbrosio Apaolatzak hartu zuen taldearen gidaritza. Hurrengo urteetan taldearen bilakaera gora-beherakoa izan zen hainbat alditan, Bigarren maila nazionalera igotzea lortu eta Gipuzkoako eta Bizkaiko talde indartsuekin lehiatuz. Euskal Herrian zehar Ormaiztegi bezalako herri txiki bateko taldeak euren indarra eta kemena ondo erakutsi zuten.
Azken urteetan neskek ere bere taldea izan zuten bi denboraldiz.
Baina futbola indartsuagoa denez, gazteak bereganatzea lortu ditu, eta zaila izaten da Ormaiztegiko bezalako herri txiki batean taldeak behar den bezala osatzea. Gainera boluntario hitza gure bizitzetatik desagertu denean, orduan eta zailago. Etorkizunak ez dakigu zer ekarriko digun.