Pertsona baten izenari ‘-tegi’ erantsi eta, horrela, beraren etxea edo jabetza adierazteko balio duten toponimoez aritu ginen aurreko batean atal honetan. Orduan aditzera eman genuenez, ez da atzizki hori sartzea horrelakoak osatzeko modu bakarra. Ezta gurea ere bide hori baliatu duen hizkuntza bakarra. Erromako inperioa handi egin zen garaian, beste leku batzuetan antzera jokatu zuten lekuak izendatzeko garaian.
Gurean bada fenomeno edo jokabide hori erakusten duen atzizki berezi bat baino gehiago; ‘-ain’ dugu zabaldu eta ezagunenetakoa. Dena dela, ez dira sail berekoak ‘-ain’ bukatzen diren leku izen guztiak. Besteak beste, horien artean badira ‘gain’ bukaeradun batzuk edota -(h)arain/-(h)aran osagaia dutenak, patronimiko bati ez, baina lekuaren bereizgarriren bati lotuta datozenak (Astiazarain/Astiazaran; Zabarain/Zabaran…). Ez da erraza askotan batzuk eta besteak bereiztea.
Bere hutsean hartuta, ‘-ain’ osagaiari lotuta dauden toponimoak Nafarroako erdi aldean dira bereziki ugariak eta hango fenomeno gisa aurkeztu izan dira: Indurain, Noain, Urdiain. Pentsatuko du, beraz, batek baino gehiagok normala dela hori, han izan zuelako indarra Erromak eta han nabarmendu zelako latinaren eragina, gure alde honetan baino askoz gehiago.
Bai eta ez. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute Euskal Herriko Kantauri aldeko isurian ere nabarmena dela erromatar zibilizazioak utzitako arrastoa; lekuak izendatzeko modu honen agerpenak, horren froga.
Kantauri isurialdean ere bai
Caro Barojak planteatu zuen lehenbizi —eta Mitxelenak berretsi— ‘-ain’ atzizkiaren jatorri latindarraren hipotesia. Jatorria ‘-ani’ latineko genitiboan du; fundi edo lur jabetzak bereizteko, nahikoa zen haien jabeen izenei erantsita ematea; horrela, Indurain «Induraren lursaila» izango zen.
Erromatarren garaian, eta geroxeago ere, latinak indarra izan zuen bitartean sortu eta aurrerago fosilizatuta geratuz, sail haietan egindako etxaldeak izendatzeko balio izan zuten izenok. Horrelakoa da, konparazio baterako, Ataunen izan zen eta Idiazabalen orain ere baden Akutain; «Acutus /Acutiusen etxea» izango zatekeen (P. Salaberri). Olaberriko Garitain, berriz, «Garitianum zelako batena (L. M. Mujika).
Goierriko bi herriren izenak ere sail berekoak direla dirudi. Zerain —nahiz eta kasua guztiz garbia ez den— Salaberri eta Zalduaren arabera, «Cerio/Cereusen edo Serus/Seranusen baserria edo lurra» izango zen. Beasain-ek ere egitura bera du, baina badirudi Beraxa edo Beratsa antroponimoa geroxeagokoa dela, Erdi Aroaren hasierakoa edo.
Goierriko adibide gehiago
Hona beste ale batzuk ere, zehatz zein garaitakoak diren ez dakigunak: Alkain (Gabiria), Atsisain (Idiazabal), Begiriztain/Begiristain (Ataun, Lazkao, Mutiloa); Untsain (Beasain)…
Aspaldiko izenak dira, hortaz, horiek guztiak; gure garaiko kulturatik begiratuta behintzat, oso bestelako giro batean sortuak. Latinak markatuko zuen orduan gizarte bizitzaren nondik norakoa eta hark ekarritako ereduei eta modei jarraituz jokatu zuten hemengo jendeek ere, Erromak sortutako zibilizazio indartsuak hara eta hona zabaldutako moldean.
Irudimena behar duela orduko jendeen jokabide haiek ondo ulertzeko? Bai eta ez. Nahikoa duzu Goierri Valley, Goierri Basque Highlands, Ordiziarrock, LegoReggae, Goierri Trail, Kutxabank edo Eroski City bezalakoak orain guretzat zer diren pentsatzea.