Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Aitortza bat dut egiteko: erre egiten dut. Gazte-gaztetan hasi nintzen, noizik edo behin, herriko jaietan irteten hasitakoan-edo. Astebururo izaten hasi zen gero, tabernetako gau-giroak hala uzten zuenean eta baita debekatu ondoren ere, zortzi urte berandu heldu baitzen 2010eko tabakoaren legea bizi nintzen herrira. Egun aldizka erretzen dut, dela fakultatean, kaferako tartean, dela trago bat hartzera animatzen naizenetan edo zenbait errekadu egitera noanean. Dena den, erretzaile okasionala edo soziala naizela esan dut beti, jendartean soilik egiten dudalako, inoiz ez bakarrik etxean.
Edozein modutan ere, badira tabakoaren ohiturak kendu ez dizkidan enbarazuak: ezin ohitu uzten duen kiratsari, arropetatik eta iletik kentzeko horren nekeza denari; erredurek ere ze amorru, deskuiduan arropan egindako txinoteak edo larruazaleko zauriak; erretzeko azturak ere ez dizkit eztarriko noizbehinkako azkurak kendu, ezta begi gorri lehorrak ere. Edonola, ezin erretzeari utzi.
Auskalo irakurriko duten GoiBerriko tarte hau nire gertukoek, baina harrituta geratuko dira ez baitakite nire bizioaz, ez nautelako sekula ikusi zigarroa ezpainetan. Eta ikusi ez banaute da ez dudalako nire ahoan inoiz zigarrorik piztu, baina tabakoak bai piztu nauela ni. Ni erretzailea naiz nire inguruko erretzaileek hala erabakita, gero eta aukera gutxiago uzten zaien arren, oraindik ere hainbat eta hainbat espazio bereganatzen dituztelako, askotan ingurukoei traba egiten digun galdetu gabe, askotan debekatuta dagoen tokietan ere. «Kalea guztiona da, hemen ere erre ezin badugu…», esan zidan batek erretzea debekatuta dagoen terraza batean. Su eman nahi izan nion, baina ez pitilloari, noski.