Artalde txikiak dituztenek ere egiten dute transhumantzia, Brinkolako Uberkalde baserriko Joakin Balerdik bezala. Laster igoko du Andraitz aldera 30 buruko artaldea, Lagun txakurra ondoan duela eta Beñat semeak eta Jesus bizilagunak lagunduta.
Ama Xeberirekin eta Jose Luis anaiarekin ikasi zuen artzaintza Balerdik. Aitona Franciscok ere bazituen ardiak, baina kendu egin zituzten hura hil zenean, eta 1960an jarri zituzten berriz ere. Uberkaldeko artaldea 30-40 ardikoa izan da ordutik, 80ra ere iritsi bazen ere tarte batean. Gazta egiten zuten lehen, baina orain utzita daude.
Baserri ondoan edukitzen ditu neguan, eta «San Antonio inguruan», ekainaren 13an, bidaltzen ditu gora. «San Migel edo Pilaricara arte» egoten dira han, irail bukaera edo urri erdialdera arte. Ordurako ardiak antzututa daude. Mendian daudenean, «astean behin joaten naiz, nola dauden ikustera». Andraitzera eramaten ditu ardiak Balerdik, «baina Partzoneriako lurretatik kanpo, Legazpi aldera, Kargalekueta deitzen den parajera, Arriurdinetik Andraitz aldera». Baserritik irten, Barrendiola urtegira igo, «eta han ezkerreko bidea hartuta Beainera, gero Pikandiko herri txabola esaten den lekuan sartu Tubobiden, eta sifoia dagoen tokian uzten ditut. Handik aurrera bakarrik joaten dira. Amarekin ikasitako bidea da gutxi gora behera. Goizean garaiz irteten dut, berotzen hasten bada ardiak ez direlako mugitzen, eta iluntzerako ia goian daude».
Memoria handia duten abereak dira ardiak, eta urte batetik bestera gogoratzen dute bidea. aurrean bidea egiten urte gehien daramatenak eta eskura etortzen direnak joaten dira. «Mendira astean behin edo joaten naizenean ere, haiek etortzen dira lehenengo txistua egiten dudanean».
Mendian erabat libre ibiltzen dira ardiak, ez dute aterperik, ez dute itxiturarik, ez dute ezer. Han badaude errekatxoak eta putzuak, eta ura aurkitzen dute, eta «eguraldi naturala» baldin badago eta gauean ihintza egiten badu, horrek asko egiten die, «baina udan ez dute ur asko edaten».
Artalde bakoitzak bere ibilbidea duela dio Balerdik, «eta goizean hemen egongo dira, eguerdian harkaitz baten azpian babestuko dira eguzkitik, eta arratsaldean berriz mugitzen dira beste leku batera. Eguraldi ona badator, guk baino lehenago antz ematen diote, eta gora igotzen dira; txarra baldin badator, behera egiten dute, zuhaitzak dauden lekura, babesera».
Urri erdialdera arte egongo dira Andraitzen, eta gero zuzenean ekarriko ditu etxera. Baserrian neguko lanak hasiko dira gero. Egunez, oso eguraldi txarra ez badu egiten, kanpoan edukitzen ditu, eta gauean, ukuiluan sartuta. Atera, sartu, zelaiez aldatu, arkume garaian erditzeak zaindu, motelagoak diren arkumeei esnea hartzen lagundu… udan baino askoz ere lan gehiago izaten da neguan.
Artzainak bakarrik ez, ardiek ere nahiago izaten dute uda. Latxa ardiak berez behar du udan mendiko egonaldia, «ez dago konparatzerik, goian egoten den ardia behean egoten dena baino askoz hobeto dago. Behean egoten dena abuztuan egosi egiten da beroarekin, eta hanketatik asko sufritzen du, mendian baino gehiago. Mendian hobeto daude, beste haize bat dago han goian».
Artzainak eta artaldeak gora bidean