Ardiek eta artzainek urteko gertaera handienari ekingo diote egun hauetan. Uda hurbiltzearekin batera, baserri eta artegi ondoko larreak utzi, eta mendietara igoko dira, hango belar eta giro freskoagoaren bila. Belaunaldiz belaunaldi ezagututako bideetan gora abiatuko dira, artzaintzaren lanbidearen ezaugarri den transhumantzia eginez. Ardiek uda osoa egingo dute goiko larreetan, eta udazkena ondo sartuta dagoenean itzuliko dira behera, negua ukuiluen babesetik gertu igarotzeko.
Artzain batzuk ere goiko parajeetan emango dute uda, txaboletan, ardietatik gertu, gazta ekoizpenarekin jarraitzeko. Ardientzat bezala, artzainentzat ere urteko garairik gogokoena da.
Goierriko artzainek Enirio-Aralar Mankomunitateko eta Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria Nagusiko larreak erabiltzen dituzte udan. Aralarren 16.000 ardi egongo dira, eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dagoen Partzoneriako lurretan 4.500 buru. Bi eremu horietatik kanpoko beste larreetan ere igarotzen dute uda ardiek.
Eli eta Mikel, Ttonttor bordan
Olaberriko Aizpea gaztandegiko Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta dira transhumantzia egiten duten artzainetako bi. Negua Olaberriko zelaietan igarotzen dute, eta uda Urbian, Ttonttor bordan. Laster egingo dute urteroko lekualdatzea, ardiek eta artzainek.
Transhumantzia hemengo artzaintzaren ekoizteko sistemaren etapa bat dela azaldu du Arrillagak. «Mendira joatea urterokoa da. Gu maiatzean joaten ginen lehen, baina orain beheko zelaiak ia urte guztian ditugunez errentan, ekainera arte atzeratu dugu igoera». Eguraldia kontuan hartzen dute, «eguraldiaren menpe bizi gara». Esnea ematen duten ardiekin igotzen dira babesik ez duten eremura, eta esne ekoizpenean tenperaturak garrantzi handia du. Beraz, «eguraldia epeltzen doan eran, eta larreak ateratzen diren heinean joaten gara».
Aurten ekainaren erdialdean igoko dira, baina igo aurretik «egoera zein den ikustera» joango dira. «Eguraldi txarra egin du duela gutxira arte, euria eta tenperatura baxuak, eta hori mendian ardiak jezteko ez da egokiena, tenperatura altuagoak behar ditu». Larreak nola dauden ere ikusi behar da.
Aurreikuspenak ez dira oso onak, «ekainetik aurrera bero egingo duela esan dute, ikusiko dugu!».
Goiko egonaldia eguraldiaren menpe dago, baina baita abere zamaren menpe ere. Behorrak eta behiak maiatzaren lehenengoetatik igotzen dira, eta horrek larrea murrizten die ardiei. Arrillagak dionez, lehen artaldeen eremua zen Urbia, baina orain artaldeak gutxiengoa dira. «Eskubideak denok ditugu, baina eskubide horiek banatzerakoan ez da kontuan hartzen gu bezala horretaz bizi zaren ala ez, nahiz eta arauetan jarri artzaintzak lehentasuna duela. Hori ez da aplikatzen».
Kamioian, Araiaraino
Artaldearen igoera bi zatitan egiten dute Aizpeakoek. 500 buru dituzte, eta goizean jetzi ondoren bi kamioitan sartuta, Araiaraino (Araba) eramango dituzte, Petroliota edo Zumarraundiraino. Han hamaiketakoa egin ondoren, oinezko bidea hartu eta txabolaraino joango dira, «pare bat ordu lasai eginda». Antzututa dauden 34 ardi eramanda dituzte aurretik, eta oraingoan, beste guztiak, «ardiak, txakurrak… dena!».
Ardiak gustura joaten dira. Dunba txintxarri handia jartzen diete gidariei, eta haien doinuari jarraituz atzetik joaten dira besteak, «dunbaren doinua entzun orduko, pozik jartzen dira».
Ibilaldi polita dela dio Arrillagak. Berak eta senarrak normalean ez dute oinez egiten, «egun horretan guk beste lan batzuk izaten ditugulako, bi kotxeetan trasteak eramaten, eta besteei martxa pixka bat jartzen». Ilobak eta lagun batzuk joago dira ardiekin, eta eguerdirako goian izango dira. Txabolara iristean zerbait jan, ordu beteko atsedena hartu, eta gero berriz ere ardiak jeztera.
«Gurea erabateko transhumantzia da, gu bizitzera joaten gara. Aurreko bi asteak urduritasun handikoak izaten dira, etxez aldatzea bakarrik ez, lantokiz aldatzea ere badelako. Aurreko egunetan begiratu egin behar da dena ondo dagoen, neguan izotzak ur tuturen bat hondatu duen, generadoreak eta ardiak jezteko makinak ondo funtzionatzen duten…». Antolaketaren aldaketa handia izaten da. Lehenengo astea izaten da okerrena, baina behin ardiak egokituta, artzainak ere egokitzen dira, eta gero «gozamena da!».
Arrillaga eta Etxezarreta urriaren bukaerara arte egongo dira han. Jaitsieran desberdina da, ordurako ardiek ez dutelako esnerik eta ez dagoelako jezteko orduaren mugarik. Oinez jaisten dira, bi etapatan, Urtsuarandik bueltan. «Ardiak ernari egoten dira garai horretan, eta lasaiago ibiltzeko, Urtsuaranen egiten dute gaua, eta hurrengo goizean lasai-lasai, Olaberrira. Urbitik gosaldu ondoren ateratzen gara, 10:30 inguruan, eta iritsi 15:00etan Hurrengo goizean 08:30 aldera aterata, Olaberrira 12:00erako iristen gara».
Txabolan, pribilegiorik gabe
Artzainak pribilegiatuak direla diote batzuek, txabolak «paraje zoragarrietan» daudelako. Baina Arrillaga ez dago ados. «Badirudi artzaintzak lehengo mendeko bizimodua mantendu behar duela, eta egia da, gauza askotan mantendu behar du, baina artzainok pertsonak gara, eta gure premiak gaurkotu egin dira. Orain ur korrontea dugu, eguzki plakak, Interneta… Etxe ia normala da. Hori hainbesterako pribilegio al da, askok uste duten bezala?».
Horrela pentsatzen dutenak lanbidea ez dutela asko ezagutzen dio. «Jendeak oporretan gaudela uste du, baina txabolako terrazan liburu bat irakurtzen ikusten nautenek ez dakite egun horretan goizeko 6etan jaikita nagoela, ardi mordoa jetzi ditudala, gazta eginda nagoela, beste mila lan ere egin ditudala… eta oraindik arratsaldeko saioa geratzen zaidala». Eguraldi txarreko egunak ere aipatu ditu Arrillagak, «ez dira gurekin gogoratzen udazkenen blai eginda gabiltzanean arditan, lainopean… Gure txabola 1.200 metroko altueran dago, eta han eguraldia gogortzen denean, gogortu egiten da, eta ardietara beti bezala joan behar zara, eta zaindu».
Lan handiko egunak
Goian, hasierako hilabeteak dira lan handienekoak, ardiak egunean bi aldiz jezten dituzte ekainean, uztailean eta abuztuko lehen astean. Gero antzutu egiten dira, baina ahari garaia dator, eta «artaldearen ondoan egon behar da, ahariak zaintzen eta ardiak beste artaldeekin ez nahasteko». Artalde edo txabola bakoitzak dauka bere larrebidea, baina batzuetan ondoko artaldearekin nahasten dira, eta orduan «pixka bat konplikatzen da zainketa».
Zainketa hori goizean hasten da, ardiak jetzi ondoren txabola ondotik askatzen dituztenean. «Zaindu egiten dugu noraino joaten diren, oso urrutira
joan ez daitezen, gero jezteko ekarri behar dituzulako berriz txabola ondora. Antzutzen direnean libreago uzten ditugu». Ttonttor txabolako ardiak Fonda aldera eta Oltza aldera botatzen dituzte.
Ardiak zaintzeaz gain, «beste lan asko daude: gazta egitea, aharien garaia zaintzea, botikak ematea, salmenta…».
Gustuko bizimodua Urbian
Urbiakoa «oso gustuko bizimodua» da, «niretzat beharrezkoa da goiko garaia, indar berritzeko. Udazkena iristen denean, depresioa sartzen zait», dio Arrillagak. Ez dira bakarrik egoten, inguruan artzain gehiago eta mendizaleak dabiltza, eta gazta erostera joaten da jendea. Astean behin ere jaisten dira behera, erosketak eta bestelakoak egitera.
Goian daudenean, nahiko komunikatuta daude, telefono mugikorraren seinalea eta Interneta badituztelako. Hori garrantzitsua da larrialdiren bat gertatuz gero. Lanerako ere behar dituzte telefonoa eta Internet, gazta eskaera asko hortik etortzen zaizkielako eta «milaka gestio» egin behar izaten dituztelako administrazioarekin. «Behean geratzen diren alabekin eta beste familiarekin ere lotura mantendu behar duzu, bizitzarekin orokorrean».
Umeak txikiak zirenean, arazo handia izaten zen eskola garaia, oporrak iritsi arte behean uzten zituztelako, eta asteburuetan igotzen ziren. «Nik uste dut nire alabentzat amaren falta gogorra izango zela, baina niretzat ere bai haien falta, eta askok leporatu egin zidaten gainera. Beste lanbideetan ere gertatzen da hori, baina artzaintzan ematen du abandonatu egiten ditugula. Hori gertatzen da gurean emakumeen papera ez delako ikusten profesional baten gisa, baizik eta etxekoandre gisa eta senarraren laguntzaile bezala».
Artzaintzan emakumeari profesionaltasuna aitortzea ezinbestekotzat du Arrillagak. Aizpean eta Ttonttorren biek, senar-emazteek berdin lan egiten dute, ardurak banatuta eduki arren: «Ardiak biok jezten ditugu, gazta egitearen ardura nirea da baina Mikelek ere egiten ditu lan batzuk, ardiak normalean Mikelek eramaten ditu baina berak ezin duenean nik, erosketak, janaria, gaztandegiko burokrazia guztia nire ardurak dira… baina talde lana da».
Artzain bideetan eta abelbideetan ibilaldiak egiteko gonbita
Txusma Perez Azazeta eta Sare Carte Moriones mendizaleentzat edozein aitzakia da ona motxila hartu eta mendira abiatzeko, gero gida edo liburu batean biltzeko egindako ibilbideak. Oraingoan, Euskal Herriko artzainek eta artaldeek uda garaian larre garaietara igotzeko erabiltzen zituzten eta oraindik erabiltzen dituzten bideak eta abelbideak izan dira aitzakia, eta emaitza, Sua Edizioak argitaletxearekin batera kaleratu duten Cañadas y senderos de pastores (Abelbideak eta artzainen bideak) izeneko gida. Bertan, 25 ibilbide jaso dituzte xehetasun handiz, euskal mendiko mendilerro nagusietan dauden antzinako bideak ezagutzeko eta lanbide zahar horretan murgiltzeko aukera emanez.
Antzinako bide horien artean badira Goierriko lau ere: Aizkorriko mendi garaietara igotzeko, Otsaurtetik eta Brinkolatik abiatzen direnak; Idiazabaldik Atxurbide eta Andrelorriaga arteko zelaietara doana; eta Zaldibiatik Aralarrera Eniriotik igotzen dena.
Belaunaldiz belaunaldi artzainek egindako bideak dira, eta artzain bide zahar horietan barrena 30-bat gailurretara igotzeko gonbita luzatzen dute Perez Azazetak eta Carte Morionesek liburuan.
Gainera, artzaintzaren zenbait alderdi ezagutzeko aukera ere ematen dute, hala nola, artzainek erabiltzen dituzten tresnak, praktikak eta teknikak, baita herrialdeko mendigune nagusietan zehar banatutako monumentu megalitikoak ere.
Artzain eta artalde txikiek ere gustuko dituzte mendiko larreak