Madrilen bizi da Maitane Perez (Ordizia, 1999) dantzari eta artista eszenikoa. Antzerki musikala ikasten ari da. Apirilean Banger Battle freestyle dantza lehiaketa irabazi zuen. Arte eszenikoen egoeraren eta asmoen inguruan aritu da. Udan, Warner parkean lan egiteko lehen aukeraketa gainditu du. «Oso aukera ona izan daiteke».
Madrilen bizi zara. Zertan zabiltza orain?
Nire bigarren urtea da Madrilen. Iaz, antzerki musikala ikastera etorri nintzen eta aurten bigarren ikasturtean nabil. Goizetan izaten dut, astelehenetik ostegunera. Interpretazioa, kantua eta dantza lantzen ditugu. Arratsaldetan dantzari bezala nabil.
Zer estilo dantzatzen duzu?
Gehien entrenatu eta dantzatzen dudan estiloa Hip Hopa da. Zehazki, Hip Hop freestyle-a. Dantza munduan gutxiago entzuten da baina azken finean hori entrenatzearen helburua batailetan parte hartzea da eta ni horretan nabil. Horrez gain, popping eta afro (zehazki azonto estiloa) dantza estiloak lantzeko formakuntzarekin nabil, akademia batean, Sifer eta Christopher Mateus irakasleekin.
Zer nahiago duzu dantza egiteko, kalea ala antzokia?
Ez da nahiago dudan ala ez. Akademietan formakuntza jasotzen duzu, taldean. Azkenean, akademietan, ekonomikoki sala bat alokatzea errentagarria da. Formakuntzan, gainera, koreografietarako ispiluak izatea ondo datorkigu. Kalean, freestyle-a hobeto entrenatzen da, ez zaudelako ispilu baten beharrean, energia ezberdinak elkarbanatzen dituzu. Niri freestyle-a asko gustatzen zaidanez, kalea asko gustatzen zait.
Banger Battle izeneko txapelketa irabazi zenuen apirilaren 9an.
Banger Battle-an irabazle izan nintzen eta beste pare bat batailatan final erdietan gelditu naiz. Madrilen Nuevos Ministerios metro geltokian elkartzen gara, bozgorailu batekin, eta bertan entrenatzen egoten gara, orduak eta orduak. Lehiaketa talde batean ere ibili naiz aurten, eta txapelketa ezberdinetan izan gara, lehenengo postua lortuz. Nire dantza bikotearekin premium kategoriako emakume talde baten entrenatzaile eta koreografa naiz. Txapelketetan ere lehen postua irabazi izan dugu.
Nola hasi zinen dantzan?
Nire amak 2019an planteatu zidan Beasainera dantza klase bat probatzera joatea. Ordura arte ez nuen dantzarik egin, baina beti izan dut erritmo asko. Klase hori probatu eta hori egin nahi nuela jabetu nintzen. Beasainen hasi nintzen. Ananda Berasarte nuen irakasle eta berak hip hopa erakusten zidan. Ondo erakustearen ondorioz daukat gaur egun dudan atxikimendua.
Zergatik Hip Hopa?
Hip Hop kulturarekin oso erlazionatuta sentitu izan naiz beti, eta dantzan hasi nintzenean, kulturaren historia ikasiz eta dantza landuz, geroz eta gehiago maitemindu nintzen. Eta gaur egun, geroz eta gehiago maitemintzen jarraitzen dut.
Antzerki musikalean, dantzan zein arte eszenikoen munduan aukera handiagoa dago Madrilen?
Iazko ekainean Madrilen mikroteatroan lanean ibiltzeko aukera izan nuen, Encerradas izeneko obra batean. Akademiarekin, kurtso amaierako lan bezala, musikal bat egiten dugu, eta edozein joan daiteke ikustera, doan. Lan handia egiten dugu hori aurrera eramateko. Madril handiagoa izanda, askoz mugimendu gehiago dago, bai dantzan eta baita antzerki musikalean ere. Ordizian, nire garajean entrenatzen nuen dantza, bakarrik, eta hemen dantza komunitate oso handia dago, denetik aurki dezakezu. Lan aldetik ere aukera gehiago daude. Jende zoragarria ezagutu ahal izan dut dantza eta antzerki musikalari esker. Nire egunerokotasunaren parte bihurtu dira pertsona asko.
Lan aukera aipatu dituzu. Zer egitea gustatuko litzaizuke?
Orain helburua antzerki musikalera dedikatzea izango da. Buruan daukadana da interpretazioa, bai kantua eta bai dantza lantzea, ahal dela musikal batean lan egiteko.
Donostiako Bamboo taldearekin, Los Angelesera joateko hautatu zintuzteten, World of Dance txapelketarako.
Bai, baina nik ezin izan nuen joan. Sailkatu ginen, baina Covid-a iritsi zen, eta bertan behera geratu zen. Ni Madrilera etorri nintzen. Iazko udan joan ziren hara, baina ni ez nintzen joan.
Goazen telesailean lan egin zenuen.
Goazenen bi urtez ibili izan naiz, dantzari eta figurazio moduan lanean. Esperientzia polita izan da, azken finean gustatzen zaidana egiten ibili naiz oso jende onaz inguratuta. Baina ordu asko sartzen ditugu eta ekonomikoki ez da justua ateratzen. Oraindik artea baloratzea asko kostatzen da, hori ere esan beharra dago.
Zergatik gertatzen da hori?
Artea ez da baloratzen, ez delako aitortzen atzean dagoen lan guztia. Jendeak dantzan, kantuan, antzezten ikusten zaitu, iruditzen zaie erraza dela. Uste dut, gainera, txikitatik ere hori islatzen dela; hobby bat bezala ikusten da, eta horrek arteari balioa kentzen dio. Beste edozein karreratan egiten den esfortzu berdina edo gehiago eskatzen du, artistok ez baitugu izaten lan finko bat, goizetik gauera formakuntzetan gabiltza, edo aukera ezberdinak mugitzen, ez dakizulako noiz aterako den beste lan bat. Hori aldatzen hasi beharko litzateke.
Zer proiektu daukazu epe motzean?
Udari begira, egin dudan azken casting-a izan da Warner Parkean lan egiteko, bertako musikaletan eta ikuskizunetan lan egiteko. Oraingoz hautatu naute, eta zain nago ea aurrera doan. Uda osoa egongo nintzateke bertan, deskantsurik gabe, pauso txikiak emanez gero eta gertuago egoteko Gran Viako musikal batetik, adibidez. Ezin izango dut batailetan parte hartu aukeratzen banaute. 100% aprobetxatu behar dut. Oso aukera ona da eta espero dut aurrera segitzea.