Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Asko kostatzen ari zait gaurkoan lau hitz eta bi ideia paperean jartzea lortzen. Zarata mediatiko handia sumatzen dut hauteskundeen ostean; lehenago jada asko bazegoen ere. Betekada sentsazioa daukat albistegiak ikusi, entzun edota irakurtzen jartzen naizenean. Eta honek ez dit uzten ideiak ordenatu eta idatziz jartzeko aukerarik ematen.
Politika gaiak gainezka egin dit eta datorrena ikusirik planeta honetatik irteteko atea bilatzen hasteko gogoa ematen dit; ni banoa, hor konpon! Politikarien deklarazioak, burutazio absurdoak eta batak bestearen hitzen inguruan duen iritzia, itunak eta haietara iristeko batuketa eta kenketak, klimaren eraldaketa eta honen ondorio latzak, emakumeenganako etengabe hazten doan indarkeria eta horrekiko dugun erantzun errepikakor eta antzua, jaiotze tasaren beherakada, langileen protestak, pentsiodunen aldarrikapen entzungabeak, osasun publikoaren gainbehera, bonbak eta heriotzak, erosketa saskia eta hipotekaren garestitzea…
Itzali telebista, kendu irratia, etzazu egunkaririk irakurri… Bai zera! Hori ez da niretzat hain erraza eta ez da erremedioa ere! Saiatu naiz baina horrek ‘gertatzen denari’ bizkarra emanda ematea bizitzera narama. Eta horra hor gakoa; ikusi, entzun edota irakurtzen duguna gertatzen ari dena da, edo hori gertatzen ari dela sinestarazi nahi digute. Albistea gertatzen denaren narrazio eta kronika da edo narrazioa eta kronika da gertatzen dena. Ez, ez nago kazetarien lana epaitzen, kazetaritza eta medio handien norabidea kuestionatzen baizik eta baita ere, zergatik ez, albisteen kontsumitzaile amorratu garenon kuestionamendurako gaitasuna. Albisteek gure aldartean duten eragina frogatuta dago. Albiste txarrek gizartearen erantzuna baldintzatu dezaketela badakigu. Eta etengabe daukat horren sentsazioa; beti manipulazio puntu bat egon bada ere, oraingoan ikaragarria dela.
Zarata mediatikoa entzun, azkar kontsumitu, gutxi sakondu, korrika bizi, hausnarketari balioa kendu, epe luzerako estrategiarik ez ezarri, norberaren iritzia garraxirekin defendatu… Jakin badakit, zarata mediatikotik aldentzeko oasiak badaudela eta tarteka politikariak ez diren pertsonak elkarrizketatzen direla; artistak, ikerlariak, zientzialariak, kazetariak, autobus gidariak edo 100 urte betetzen dituzten pertsonak. Agian sumatzen den krispazio sozial hori baretzeko horrelako gehiago beharko genituzke. Gai antzuak alde guztietatik zukutu beharrean benetako gertakariei kaso egitea. Zarata itzali, arreta piztu, arnasa hatu.