Milurteko erdi bat gordetzen da Segurako Arrabiola baserrien inguruan. Burdinola izan zen, eta agirietan lehen aipamena 1548koa da. Ubideko urarekin indarra sortuta, burdin totxoa, lanabesak eta armak egiten ziren bertan.
Gaur egundik desberdina izan zen Arrabiola historikoa. Hiru eraikinek osatzen zuten multzoa. Arrabiolabehekoa zen burdinola; oraindik ubide altua mantentzen da, nahiz barrua erorita dagoen. Alboan, Arrabiolagoikoa zegoen, burdin fabrika. Hiru etxebizitza bihurtu zituzten gerora, eta XX. mende hasieran erdikoa erre zen. Harrezkero, bereiztutako bi etxe dira Arrabiola.
Aurrean, langileen etxea edo bizitokia zeukan, beste eraikin bat. Burdinolan langile mordoxka bat enplegatzen zutela adierazten du etxe hori egoteak.
1593an, Oñatiko Kortazar-Ugarte jabeak Segurako Francisco Elortzari saldu zion burdinola. Lardizabaldarrekin uztartu zen gero Elortza. XIX. mendera arte, jabe askoren eskuetatik pasatu zen: Bikuña, Zabala, Zarautz, Lardizabal, Barrenetxea-Lapatza Vargasko markesa… «Segurako enpresa handiena eta inguruetako handienetakoa izan zen», azaldu du Arrabiolaren historia artxiboetan ikertu duen eta maketa eraiki duen Erratiolatza museoko Rafa Berasategik.
Burdin-mea Somorrostrotik, Zeraindik, Mutiloatik, Amezketako meategietatik eta Altsasutik ekartzen zuten.
Errota, txaperia eta gainbehera
Burdinolen urrezko aroa agortu zenean, errota bihurtu zuten. Bi errotarri pare zeuzkan. 1864ko apirilaren 21ean, Zegamako Jose Antonio Agirrezabalarekin sei urterako errenta-kontratua sinatu zuen Zurbano jabeak. Urteko hamar fanega gari eta 1.040 beloizko erreal ordaindu behar zuen errotariak. 1936ko gerra garaian, Ariztimuño familiak hartu zuen. 1959an eho zuten azken aldiz.
Burdinolak XIX. mendearen azken herenera arte jarraitu zuen. Baina Goierrin labe garaien industria agertu izanak eraman zituen galbidera, bai Arrabiola, bai eskualdeko gainerako burdinola txiki ugariak. 1884an, Beasainen, Goitia altzairutegia ireki zuten, CAFen aurrekaria. Bailarako jauntxoek eta aberatsek ere bazuten han partea.
Berriki, artxiboan aurkikuntza aipagarria egin dute: 1819an txapa egiten zuten Arrabiolan. Oso zaila zen langintza hori garai hartan. Goitiak Arrabiolatik kopiatu zuen txapagintzaren artea.
Arrabiolak beste arlo batera dibertsifikatu zuen negozioa, 1909an. Uraren indarra argindar bihurtzeko elektra-etxea jarri zuten, turbina bat muntatuta. Enpresaren estatutuak 1910ean onartu zituzten, eta presidente Francisco Arrieta jarri zen. Segurako etxeetara eta inguruetara argindarra ematen zuen: etxeko bonbilla bat. Baserriek ez zuten nahi izan, euren lur sailetan hari-posteak sartzen ez zietelako utzi.