Zenbat denbora gorde daitezke babarrunak izozkailuan?». Mariok sentitu ere ez ditu egiten hatzak. Azkazalak ere izoztu dizkio tupperrak, esku artean sei minutuz eduki ondoren. Kristalezko ontziaren inguruko izotza hasi da urtzen, baina Mario ez da konturatu ere egin hatz puntetan ur tantak pilatzen ari zaizkiola. Ezta izozkailuko atearen alarma jotzen ari denik ere. Babarrunak urtu hala, izozten zaio burmuina tupper hori ateratzen duen bakoitzean. Parentesi batean bizi da, eta azkenean buruarekin kargu hartu dio Karmeni.
Emazteari begiratu dio, baina horrek ez dio imintziorik egin. Mario jada haserretu ere ez da egiten. Ezta Karmen ere. «Hilda balego bezala bizi da», etsi du Mariok. Lehen hitz egiten zion, nahiz eta botaka keinuak jaso bueltan. Baina denborak metro bateko bi ohe eta geroz eta malkartsuagoa zen isiltasun bat ezarri zuen bien artean.
Orain tupper hori da bien arteko zubi bakarra. Azkena. Bi urte lehenago, babarrunekin batera, oroitzapenak gorde zituzten betiko izozkailuan. Babarrunak egosi zituen goiz horretan, Karmen Iruñera joan zen egun pasa, arratsaldeetako parkeko bankuko lagunekin, bokadillo bat eskuan hartuta, udaletxeko plaza, katedrala eta entzierroaren bidea ezagutzera. Babarrunak eltzean utzi zizkion Mariori. Horrek, ordea, auzoko tabernan bazkaltzea erabaki zuen. Bueltakoan Karmenek babarrunak eltzetik jaso eta tupper batean sartu ondoren, izozkailuan gorde zituen. Esker hitzik ez zuen izan, ez goizean ezta gauean ere. Eta orain hori zen bien arteko azken lotura, Mariori pentsamenduak izozten zizkiona.
«Barruan sartuko ditut berriro». Ez arre eta ez so. Mariok Karmeni begiratu dio berriro. Iruñetik bueltan hasi zen atzera egiten. Egun batean gatza utzi zuen hozkailuan. Beste batean aspiradora entxufatu gabe ari zen garbitu nahian. Behin Mariok etxeko atarian harrapatu zuen Karmen, trastelekuko giltzak hartuta, inoiz izan ez zuten SEAT 600 autoarekin gurasoen herrira joan behar zuela esanez. Eta beste behin, nobioak ote ziren galdetu zion.
Orain Mariok egiten ditu babarrunak. Karmenek egiten zuen guztia egiten du berak orain. Alegia, dena. Ez Karmeni gustatuko litzaiokeen bezala, baina horrek ez du inporta jada. Inoiz ez zion galdetu noiz jartzen zituen beratzen babarrunak, suak ze zenbakitan behar zuen, saltsa nola loditzen zuen… Hain gustura jaten zituen sakramentuei ere ez zien behar bezala erreparatzen; jan bai, baina zer eta nola? Erantzunik gabe, tupperra dezifratu ezin duen izotzezko jeroglifo bat bihurtu da.
Eltze lasterraren hotsak altxarazi du izozkailuaren aurretik Mario, belaunek utzi dioten moduan. Itxi du atea, isildu da izozkailuaren alarma eta eltzea sutik kendu du. Aspaldi behar zuen suak txikiago. Ke-kanpaia piztu du, eta lurruna eraman du. Sukaldea berriro geratu da hutsik, Mario eta Karmenekin.