Lazkaomendiko Iztueta Azpikoa baserrian zazpi-zortzi urte daramatzate idixkoak etxean hazten eta iditarako uzten. Jasangarritasunaren aldeko apustutzat dute proiektua.
Iztueta Azpikoa baserrian hainbat belaunaldi daramatzate lurretik eta abereetatik bizimodua atereaz. Behi esnearen ekoizpena eta horren eraldaketa izan da azken hamarkadetan jorratu duten aktibitate nagusia –behi esne pasteurizatua, jogurt naturalak eta zaporedunak, izozkiak, arrautz-esneak eta arroz-esneak, ogitan igurzteko gazta…–, eta produktuen banaketaz eta salmenta zuzenaz ere arduratzen dira. Esnetan bizi gara da haien goiburua. Duela zazpi-zortzi urte bigarren aktibitate bati ekin zioten. Baserrian jaiotako idixkoak hazten eta iditarako uzten hasi ziren. Idien proiektua deitzen diote.
Tolosako Haragi Festaren atariko modura Basque Culinary Centerren antolatu zuten konferentzi nagusian eman zuten proiektuaren berri Iztuetako Eñaut Sala Insaustik eta Alina De Castro haien aholkulariak, maiatzaren 18an. Tolosako Casa Julianeko Xabier Gorrotxategi eta Ibarrako Barriola harategiko Joxe Mari Barriola zituzten ondoan. Eta ez kasualitatez, azken bi horien etxeetan dastatu eta eros baitaiteke Iztuetako idien eta behi zaharren okela. «Guretzat plazera eta aukera polita izan zen gure proiektu txikia horrenbeste adituren aurrean aurkeztea. Eskerrak eman nahi nizkieke proiektu txikiei balioa emateagatik eta kalitatearen aldekoa apustua egiteagatik».
Gaurko egunean 30 esne behi dituzte jezten baserrian. Orain dela hamar urtera arte, frisoi arrazako behiekin lan egiten zuten erabat, baina orduan Austria-Suitzan jatorria duen Fleckvieh arrazako behiak sartzen hasi ziren. «Fleckvieh arraza kalitate handiagoko arraza bat da. Frisoiak baino esne gutxiago ematen du, baina kalitate handiagokoa, eta haragitarako ere hobea da, gantza hobeto hartzen du».
Idixkoak etxean hazteko erabakia
Behien herena frisoi arrazakoa da oraindik Iztuetan, beste herena gurutzatutakoa eta beste herena Fleckvieh arrazakoa. «Behien arraza aldaketarekin hasi ginenean erabaki genuen idixkoak etxean hazten hastea. Beti zalantza sortzen zigun kontu bat zen. Idixkoak hamabost egunekin saldu eta gizentzera bidaltzen genituen, eta pena ere ematen zigun horrek. Gainera, beti aditzen genuen idi eskasia zegoela eta sukaldariek estimu handitan zituztela. Guretzat bigarren aktibitate bat da, eta orain arte baliorik eman ez diegun abereei balioa ematea eta animalia horien zikloa etxean ixtea lortu dugu», nabarmendu du Eñaut Salak.
Fleckvieh arraza puruko nahiz gurutzatutako idiek «haragitarako errendimendu eta gantz infiltrazioa hobea» dute frisoiekin alderatuz. Salak adierazi duenez, lau urterekin dei dakieke idi ar zikiratuei, oraindik haien garapen fisikoa amaitu gabe badago ere. «Bost urterekin hasten dira gizentzen eta gantza hartzen. Idia eltzeitsu baten modukoa da, ez duzu etekin ekonomikorik ikusten kentzen duzun arte. Hazi eta hazi bai, baina gastua bakarrik».
Ekonomikoki bideragarri izateko, abeltzaintzak «estentsiboa» izan behar du idien bizitzako lehen bost urteetan, «ahal den gehienetan belarra janez kanpoan, eta belar onduarekin lagunduz». Idia mila kilotik gora da adin horretan, eta gizendu daitezen, artoa eta zerealen kontzentratua gehitzen dizkiote abereen elikadurari. «Azken hilabeteetan ukuiluan egoten dira, lasai, jaten, hausnarrean eta gizentzen. Urteen poderioz ikasten ari gara. Gaur egun sei urtetik aurrera kentzen ditugu, gantza hobeto hartzen dute adin horretan, eta hiltegira 1.400 kilo inguru dituztenean eramaten ditugu».
Erabakia aurrez hartua bazen ere, orain hiru urte mamitu zen proiektua, lehen idiak saltzen hasi zirenean. «Merkatua bilatzea kosta egin zitzaigun
egian esan. Ahoz ahoko lana egin behar izan dugu, eta jada finkatuta gaudela esan genezake. Casa Julianeko Xabirekin eta Joxe Mari Barriola harakinarekin talde bat osatu dugu, eta elkarri laguntzen aurrera goaz. Dena hemen saltzen dugu, Tolosan».
Landa lurrak kudeatzeko ere bai
Beste alderdi bat ere badu idien proiektuak. Eñaut Salaren aita Lazkaoko beste baserriko batekoa da izatez, eta han beti Pirenaika arrazako behiekin lan egiten dute, eta horiekin igo izan dira Aralarrera. «Aitak eta biok ordea beti garbi izan dugu ez genuela arraza horrekin jarraituko, eta idiak etxean haztea aukera bat izan da guretzat. Hasieran aukera bat zena orain proiektu bihurtu zaigu». Konifera landaketak izan dituzte, baina gaitz bat dela edo bestea dela, aita-semeek ere garbi zuten ez zutela pinudiekin jarraitu nahi.
«Gure gaur egungo eta etorkizuneko proiektuak pinudiak garbitzea du oinarrian, mendiko lur-sailak animaliak bizitzeko eta bazka lortzeko eremu bihurtuz. Animaliak modu ordenatu eta kontrolatuan maneiatzen ditugu, jan eskasia garaian biltegiko bazkarekin lagunduz eta neguko hilabete gogorrenetan ukuiluan sartuz beharrezkoa balitz». Esparru aldean ari dira lan hori egiten, eta idiak dira gako zeregin horretan. «Eraldaketa horretan idiek mendiari eta naturari egiten dioten onura infinitua da, ez dauka mugarik. Lurra ongarrituz, sasi eta oteen garbiketarekin suteak saihestuz… Eta gu hazi berritzeak eginez. Hori da guk jasangarritasunaren eta biodibertsitatearen alde egiten dugun apustua».
Idien haziera faseak
Lazkaomendiko Iztueta behekoa baserrian bost fase dituzte zehaztuta idiak hazteko. Lau urtetik aurrera dei dakieke idi ar zikiratuei.
- 0-1 urtea. Ar zikiratuak adin bereko urrixekin bizi dira, eta elikadura bera izaten dute: forrajea eta hazierarako zerealak.
- 1-2 urteak. Larrea eta belar ondua dira elikagai nagusiak neguan, ukuilua eta aire librea uztartuz.
- 2-3,5 urteak. Udazken-neguan larrea, ukuilua eta aire librea uztartuz. Udaberri-udan Aralarko goi larreetan.
- 3,5-5,5 urteak. Baserri inguruko mendietan larratzen, forrajea gehituz behar izanez gero, eta abereak ukuiluan sartuz eguraldiak hala eskatzen badu.
- 5,5 urtetik aurrera. Baserrian ukuiluratuta, toki lasaian, belar ondua, artoa eta zereal kontzentratua janez.