Baserritarren egunean, Olaberrian hitzaldi batean parte hartu zuen Juli Apaolaza Oiarbidek (Gabiria, 1932). Emakumearen papera eta lana berebizikoak izan dira, nola barruan, hala kanpoan. Ferietara joaten zen txikitatik jaiotetxetik. Esne banatzen aritu zen urtetan, Lazkaon, Bildotsagako Juli.
Olaberrian, emakume baserritarren hitzaldian parte hartu zenuen, San Isidro egunean, eta 91 urterekin.
Bai, baina nahi zen guztia esateko astirik ez genuen eduki. Emakumeak baserrian lana beltz egin du. Ni, egia esan, segan eta behiak jezten ez naiz behin ere ibili. Etxea gizonezkoz beteta, eta horixe falta nian! Baina, hala ere, lana atertu gabe.
Emakumea, baserriaren zutabea?
Emakumerik gabe, baserria erorita. Hala geratu dira mutilzahar geratu direnen baserriak, denak hondoa jota. Baina aintzakotzat ez da behin ere hartu emakumea.
Beti bazterrean, ezkutuan?
Bai. Oraindik ere pentsa zenbat gauza gertatzen ari diren. Hori horren seinalea da. Zer dela eta? Ahalegina egitea besterik ez dugu egin beti eta. Eta, hala ere, gaizki ikusita. Askorik ez da ari aldatzen, gainera. Horregatik, baserrira ez du joan nahi emakumeak. Gaur izan balitz gauza asko ez genukeen jasango, baina orduan bai. Asko aguantatu du emakumeak.
Gabiriako Olalkiaga baserrikoa zara jaiotzez, eta Olaberriko Bildotsagan bizi zara… Noiztik?
Ezkonduta etorri nintzen hona. 61 urte egin ditut. Gabirian 30 urte egin nituen, eta hemen, berriz, bikoitza baino gehiago. Semeak [Alberto Irastortza] segitzen du baserriarekin eta behiekin. Nik jada ez dut egiten ezer asko, baina beno, hemen gabiltza.
Bildotsagan beti baserritik aterako zenuten bizimodua, lehen ere.
Beti, bai. Ganaduarekin ere bai. Tratuan ibiltzen ziren nire senarra eta haren anaia bat, idiak saldu eta. Galiziatik ekartzen zituzten idiak, eta hemen prestatzen zituzten lanerako. Garai haietan ez zegoen traktorerik, eta idiak beharrezkoak ziren lanerako. Etxeko behiak ere bageneuzkan, eta esnetarakoak ere jarri zituzten, ni etortzerako.
Esnea, saltzeko?
Gurelesari ateratzen zioten esnea. Diru pixka bat ikusten orduantxe hasi ziren baserrietan. Baina gutxi pagatzen zuten, litroa 7 pezeta. Kotxeko karneta atera nuen, eta neu hasi nintzen zuzenean saltzen, 17 pezetan. Alde ederra!
Lazkaoko kaleko askok gogoan dute oraindik Bildotsagako Juli esnezalea.
Eneee! Makina bat etxetara eraman nuen esnea. Batzuekin kontutan denborak egin ere bai. Hemen bizi zen nafar batek esan zidan ea zergatik ez nintzen Lazkaon banatzen hasten, etxe asko egin zituztela eta jende asko ari zela sartzen eta. Hala joan nintzen, eta pixka bat baino gehiago, puska bat egin nuen! Ia jubilatu arte; 63 urterekin utzi nion.
Nola izaten zen esne banatzeko lana?
Sei eta erdietan jaiki, esne denak prestatzen nituen –lehen ukuilua hemen geneukan, baina gero goian egin zuten–, gosaldu, eta aire! Alabak zeudenean haiek laguntzen zidaten, baina bestela, bakarrik. Egunero eramaten nuen esnea. Asteazkena eta igandea libre nahi nituen, eta astearteetan bikoitza eramaten nien, gauean ere bai: negu-neguan, gauean zazpiak eta erdi aldera joaten nintzen berriz. Jendea jada erretiratuta egoten zen, gizontxo-kaleren bat berandu… [barreak]. Gureselaren kamioia ere etortzen zen bila.
Jende ona ezagutu nuen. Horiek sekula kexarik ez zuten eman. Beste batzuk, berriz, 7. edo 8. pisutik hoska, esnea moztu zitzaiela eta. Noski, ontzirik garbitu gabe, aurrekoaren gainera botatzen zuten eta!
Bezeroak nola egiten zenituen? Etxez etxe eskainiz joaten al zinen?
Eskaini, ez. Oraindik bezero gehiago edukiko nituen, nahi izanez gero. Batzuek eskatu zidaten eramateko, baina ez nuen lan gehiago hartu. Ni esnea eramatera joaten nintzen, ura eramatera ez nintzen joaten.
Esne ona, alegia.
Galdetu, galdetu… Jendeak ontzia edo eltzea atarian uzten zidan, eta hura betetzen nien. Nik ere ontzi txikiak baneuzkan, inori ahaztuz gero uzteko. Baina egunero uzten baziezun, haserretu egiten nintzen, hurrengoan uzteko ontzirik ez neukan eta. Etxe bakoitzean zenbat behar zuten jakiten zen.
Lazkaora bakarrik joaten al zinen?
Nahikoa nuen! Jende berri asko etorri zen, auzoak egin zituzten. Etxe guztietan neuzkan bezeroak: San Prudentziotik hasi, Santa Madalena, San Jose…
[Sakelako telefonoak jo dio. Biloba bat da, Zuzenbide karrera bukatu berri duela amonari esateko]
Zuek ere ikasteko aukera izan bazenute, zerbait egingo zenuten, ala?
Ene! Hori da. Eskolara joanda ere, errekreotik atera eta etxera joan behar izaten nuen, Ormaiztegin enkarguak egiteko. Ahizpa bat neukan etxean, baina hark ez zuen joan nahi izaten. Joan egin behar, bestela amak joan beharko zuen.
Zer eskola-ibilaro egin zenuen?
Zazpi urterekin hasi, eta hamalaura arte. Maistra kexatu egiten zen, errekreotik ez joateko, ahizpa etxean neukala eta. Egun batean, maistrak esan zidan eskolan sartzen utziko zidan azkeneko eguna zela. Noski, hark esplikazioa emanda edukitzen zuen atzera ni joaterako; ordubiek bidean jotzen zidaten. Lagun batzuek esan zioten bazkal ondoren sukaldea jaso eta dena eginda joaten nintzela ni eskolara. Denek maistrari eraso zioten, eta ez zidaten aterik itxi. Baina amari eragin zion Ormaiztegin eskolan hasteko. Negar egiten nuen, ez nuen hara joan nahi, lagunak Gabirian neuzkan eta. Hilabete batzuk egingo nituen Ormaiztegin; nahikoa zen. Eskolan ibili, enkarguak egin, eta etxera. Eskola utzi, eta kito. Horrelako bizitza zen.
Hamabost senide izan zineten zuek.
Bai, eta hamahirugarrena ni. Senidetan ni bakarrik bizi naiz, beste denak joan dira. Amak bai mereziko zuela monumentua! Hamabost ume, esan erraz egiten da… Ama Sabina Oiarbide zen, Mutiloako Gargoitikoa. Ona emakumea; onegia. 21 urte egin gabe ezkondu, eta umeak bata bestearen atzetik ekarri. Lana egin zuen hark, isil asko, etxe eta kanpo. Beharko! Aitona eta amona ere bizi ziren, baina hainbeste ume ikusi zituenean amonak, Gabiriako kalera joan ziren bizi izatera. Geroago etxera ekarri zituzten berriz, aitak esanda. 56 urterekin hil zen ama.
Bizimodu gogorrean, pertsona ere larre motzean ohitzen omen da.
Denak osasunarekin hazi ginen. Beno, bakoitzak bere gaixoak izan ditu, baina nik ez dut ezer izan, jainkoari eskerrak. Lo egiteko pilula bat besterik ez dut hartzen, orain ere. Gogorrak aterako ginen, bai! [barreak] Lana eginda, hori bai. Goizean eskolara joaterako, bi oilategi geneuzkan, eta haiei jana eman, konejuentzat arbi ondoan ateratzen ziren kardu batzuk bildu eta eman… Tximistak harturik beti!
Hamalau urterekin, etxean erabat?
Etxean, lanean. Behiak geneuzkan. Mutilak denak lanera joaten ziren fabrikara. Ama hil, eta ni hogei urterekin geratu nintzen zazpi gizonezkorekin etxean: aita eta anaiak. Anaiek lantokira bazkaria etxetik eramaten zuten, saskitxoa esaten zieten. Bazkariak prestatu behar izaten zitzaizkien, goizeko eta arratsaldeko ogitartekoak… Jai arratsaldeetan ere urrutira ez zegoen joaterik, hurrengo egunerako saskitxoak prestatu beharra izaten nuen eta. Ez zitzaigun garai hartan iruditzen hala izan behar ez zuenik; obligazioa bezala zen.
Baina emakumeentzat, beti ere.
Bai, emakumeek beti. Obligazioa zen.
Jaietan zer egoten zen?
Gabirian soinua egoten zen. Beti Gabiriara joaten ginen, beste inora ez. Iluntzako aimarikoak jotzera [festa bukatu zela adierazteko kanpaiak, apaizak agindutako orduan jotzekoak] ni joaten nintzen, Mari Karmen Lasa lagunarekin. Haren aitona Pablo sakristaua zen, eta hark ematen zion elizako giltza. «Pixka-pixka bat aguantatu egin behar dinagu, beste pieza bat edo», esaten genuen. Apaizak esan bai, baina guk ere egiten genuen nahi genuena.
Ferietara joaten zineten etxeko jeneroa saltzera?
Bai. Ordiziara, Legazpira eta Zumarragara. Oñatira, gutxitan ni. Zumarragara, jaiero, lehen igandetan egiten zen. Mezetara Eitzagako mojetara joaten ginen, eta askotan esan ere bai: ”Zer ondo bizi diren mojak! Gu baino hobeto zeudek…”. Behin etxean esan nuen moja joan behar nuela, eta gozoak jarri ziren.
Zer eramaten zenuten feriara?
Sagarra, eta baratzean zerbait baldin bazegoen, huraxe: azaren batzuk, ilar garaian ilarrak, babak… Baina sagarra, asko. Gure etxean sagar klase asko zen. Bat bazen oso-oso ona, orain ere fruta-dendetan ikusten da. Hura Legazpira eramaten nuen. Astoarekin Gabiriara igo, eta Patxi letxeroak kamioian eramaten zizkigun saskiak hara. Gu trenean joaten ginen. Nik Ormaiztegin hartzen nuen beti, etxetik gertu eta. Zubia gainetik pasatzen nuen; trena alde batetik eta ni bestetik, korrika biok! Etxetik bakarrik joaten nintzen, eta herriko jende gehiago gero. Astoarekin joaten ginenean, Zuazolan elkartzen ginen kuadrillla, denok batera joateko.
Esnerik eramaten al zenuen orduan?
Ez, feriara ez. Melokotoi sagastia ere bageneukan. Soro barrenean sailak ziren melokotoiarenak. Andre Maritan, Beasaindik-eta kuadrillan festetara etortzen ziren, Ormaiztegin gora, eta pasaeran melokotoi arbolak hustuta uzten zituzten. Urteak ere txarrak ziren, gerra ondoa, eta ez zen jana nonahi egoten.
Gerra aipatu duzu. Joxe anaia gudaria hil zizueten, 1937an, Bizkargin.
Herriko beste gudari batek kontatu zidan gerora, Lazkaon bizi zenean. Gure anaia tiroz zauritu zuten, eta berak eraman zuela bizkarrean, puska batean. Baina gerturatu zitzaizkiela, eta utzi egin behar izan zuela. ‘Hemen utzi behar al nauk?’ esaten omen zion… Laguna han utzi behar izan zuen, eta hori berarekin geratu zitzaiola bizi guztirako, esaten zuen. Orain jakin dugu, ospitalera bizirik eraman zutela anaia. Baina hil egin zen. Herriko apaizak gure amari meza ateratzea debekatu zion, semea kondenatutakoa zuela eta, gudarietan hil zelako. Hori ere pasatu zuen gure amak; nahikoa, gazterik hiltzeko.
Gerrako zer oroitzapen dauzkazu?
Txikia nintzen, lau urte. Aireplanoak-eta etortzen zirela gogoan dut. Auzoko umeak gure etxera etortzen ziren jolasera. Aireplano hotsa aditzen zuenean, gure amak ezkutatzeko, mandiora sartzeko deiadar egiten zigun. Geure beldurra bageneukan.
Bildotsagatik azokara joaten zinen?
Bai, hemendik ere bai, Ordiziara. Hemen frutarik ez genuen eramaten; arrautzak eta untxiak. Autobusa beheko geralekuan hartzen nuen.
Olaberrian San Joan jaiak datoz orain.
Garai batean bezalako festak ez dira izaten orain. Azkeneko urteotan ez naiz herrira igotzen. Lehen ere, gutxi; bazkariak etxean ematen ziren, eta haiek prestatu behar. Ni etorri aurretik sukaldaria ekartzen zuten San Joanetan bazkaria prestatzeko. Ni etorri nintzenetik, alto. Neronek jarri behar. Hori ere ez zen gauza polita. Bizitza horrelaxe izan da…
Familia zabalaren habe oraindik
Bakarrik bizitzeari ez dio beldurrik Juli Apaolazak. Bere kasako lantxoak egiten ditu. Bastoitxo bat dauka orain hirugarren hanka-lagun, eroriko baten erruz. Burua, atariko arrosak baino freskoago; eta hizkera, distiratsuago.
Asko leitzen du; «ikaragarri». Inguruko berriak jakitea gustatzen zaio, baita jaioterrikoak ere: «Denak irakurtzen ditut». Biloba guztien urtebetetze egunak eta urteak pentsatu beharrik gabe esaten ditu. Miresmena jariatzen zaio ezpain-begietatik haietaz hasten denean. Lanak itzaldu eta zaildu zion bere gaztaroa haiengan biziko balu bezala. Baina oroitzapenak ez zaizkio ilunpetan geratzen; beti ateratzen dio txinpartaren bat, lezioren bat, barretxoren bat konturik ilunenari ere.
Lana —eta ez besterik— egin behar izan zuen belaunaldi baten azkenetariko berriemailea da Juli. Kotoi bigunezko garaiok lazten direnerako gogoratzeko moduko gaitasunekoa; eta duela ez hainbesteko emakumearen erresignazio etsitik berdintasunera ahalduntzeko eredu modura aldarrikatzekoa.
Oroimen historikoa deritzon horretan ere lehen mailako testigu da. Begi bistan baleuka bezala kontatzen du anaia Joxek nola alde egin zuen gerrara: bi urteko arrebatxoagandik urrundu ezinda. Bizkarrean erabili, musuka agurtu… eta metro batzuk aldendu orduko, atzera buelta, eta musu. Joxe gerra hartan galdu zen; arrebatxoa, txutxur eztularekin hil zen, geroxeago.
Bizkargiko Egunean antolatutako omenaldietan, deitu dioten guztietan joan da Juli, familia osoaren ordezkari.