Itzuli izeneko belaontzian Iberiar penintsulari bira osoa ematen ahaleginduko da Jokin Muñoz (Ordizia, 1982). Orioko portutik abiatuko da, bihar, hiru hilabetetan erronka osatzeko helburuarekin. Azken prestaketa lanetan ari da, belak zabaldu aurretik.
«Lagun batek esanda hasi» zen Muñoz itsasontzian. «Hark txalupa txiki bat dauka, eta gonbidatu egin ninduen arrantza egitera», hasi da azaltzen, lehorrekoa izanik, abentura honetan nondik nora murgildu den ulertarazi nahian. Lagun harekin txalupan sartu eta «ordu erdi» bakarrik behar izan zuen konturatzeko, «hori zela egin nahi nuena». Lagunaren txalupan ibiltzen zen «noiz behinka», beti distantzia «laburrak» izaten ziren, hori bai.
Egun batean, lagunak esan zion: «Zergatik ez duzu itsasoko gidabaimena ateratzen?». Esan eta egin. Barku txikienak eramateko tituluarekin hasi zen, banan-banan, kapitain titulua ere atera zuen arte. Kapitain tituluarekin, nahi den barkua, nahi den tokiraino eraman daiteke.
Ordurako, barku txiki bat bazuen Muñozek, «motorduna». Baina halako titulazio bat poltsikoan izanda, «ezin nuela geldirik egon eta zerbait egin behar nuela pentsatzen hasi nintzen». Irakasle izandako batekin harremanetan jarri, eta haren bidez, lortu zuen «barkua Atlantikoaren beste aldera eraman nahi zuen pertsona batekin harremanetan jartzea». Zerbait potoloa zen hori. Hala, 2015 urtean, Atlantikoa zeharkatu zuen. Muñozen hitzetan, «oso esperientzia polita» izan zen, baina bizia galtzeko zorian» ere egon zen. «Ekaitz baten erdian lema hautsi genuen. Uste dut behin esan dudala dena hemen bukatzen da». «Kostata», baina «onik» atera zen.
Bigarren trabesia luzeena
Duela urte pare bat, bi kantabriarren istorioa irakurri zuen Muñozek. Corto Maltes izeneko belaontzian Iberiar penintsulari bira osoa egin zioten, ere Canal de Midi ere nabigatu zuten. Haien istorioa irakurri zuenean, zerbait piztu zitzaion barru-barruan. «Ez nintzateke lehenengoa izango Iberiar penintsulari bira egiten, baina bai, bakarrik egingo duen lehena». Horrela jaiotzen da abentura honetarako ideia, ordiziarrarentzat barku batean nabigatzen bigarren trabesia luzeena dena.
Pelikuletan bezala, panel batean, txintxetak jarrita brainstorming bat egin zuen, bidaiari forma emateko. Itzuli hura egin zutenekin ere elkartu zen, hainbat zalantza argitzeko.
Bidaia honetan barkua erostea izan da zailtasunetako bat. Penintsulari itzulia egiteko barku «berezi» bat behar delako; «Atlantikoan sartzeko adinako tamaina duena, gorputza duena, baina sakonera txikia duena». Midi nabigatzeko sakonera «txikia» hartzen duen barkua behar baita, «1,20 metro baino ez», argitu du kapitainak. «Abortza
tolesgarria duen barku bat» behar zuen, horrela, sakonera galtzeko. «Murtzian» topatu zuen bat. Lanean «aurpegia eman, hiru hilabeteko eszedentzia eskatu eta joan nintzen barkuaren bila».
Oriotik Oriora
Orioko portuan du belaontzia eta handik abiatuko da. Kantauri itsasoa zeharkatuko du lehenik. Baldintza klimatologikoak aldeko baditu egun gutxitan Galiziako kostaldera iritsiko da. Bertan, Kantauri itsasoak eta Atlantikoak talka egiten dute. Belaontzian eguzki plakak jarri dizkion Krea energiako Jon Zabala izango du bidelagun. «Soporte garrantzitsua» izango da, esan du Muñozek. Bien artean, distantziak moztuko dituzte.
Portugalgo kostaldean behera egingo du gero. ‘Nortada’ esaten diotena, konstantea, izan daiteke oso positiboa. Alde txarra da, Portugalgo araudi bat: «Portuetan argi gorria jartzen badute, ezingo da porturatu; porturatzea itsasoan geratzea baino arriskutsuagotzat jotzen dutelako».
Hori gaindituta, Mediterraneoa itsaso lasaia da berez, «kaltegarria» izan daitekeena. Haize gutxi bada, ez duelako aurrera egingo, eta irailaren 17an lanean egon behar du goizeko 7:00etan. Haizerik ez bada, motorrarekin egingo du aurrera «bost milia orduko, hau da, 10 kilometro orduko». Okerrenean jarrita, 12 ordutan 60 milia egingo ditu. Ez da hori bere nahietan dagoena, baina ez luke beste aukerarik.
Narbonan, Midi kanalean gora joango da, Raquel bere bikotearekin [abentura honetan murgiltzera animatu duena]. Esklusa sistema bat dauka Midik;
56 esklusa daude. Abentura bat izango da. Midira sartzeko bela kendu eta txaluparekin geldituko da bakarrik, eta motorrarekin mugituko da. 17 egunetan igarotzea espero du. Eta Landetan, barkua muntatu, eta Oriora.
Itzuli
«Rammstein 3» izenarekin bataiatu behar zuen Muñozek belaontzia, «leku guztietan» dagoelako talde hori berekin, baina «irrati bidez komunikatzeko fonetikoki ez zen egokiena». Izenaren jira-biran, Raquelek sarri errepikatzen zion, «egitekoak egin, baina batez ere, etxera itzuli». Itzuli, huraxe zen barkuak behar zuen izena. Hitz joko polita zen; penintsulari itzulia egin eta etxera itzuli biak batzen zituelako.
Abentura honen jarraipena egiteko aukera ere izan dezake interesa duen orok, itzuli23 Instagram perfilean.
Itsasoen arteko talkak, haizea eta orkak
Irteeraren eguna gertu du Jokin Muñoz ordiziarrak. Abentura antolatzea ez da lan erraza izan; antolaketa, ezustekoak, konponketa lanak, entrenamendua… Orain, abenturaren bigarren zatia hastear da; Itzuli belaontzian, Iberiar penintsula alderik alde nabigatzea.
Bidean baina, arrisku ugariri egin beharko dio aurre. Klimatologia eta itsaso baldintza gogorrei ez ezik, beste arrisku bat ere gehitu behar zaio; orkak.
Azken urteetan barkuekin izan dituzte interakzio ugari eta ikertzaileak horien arrazoiak aztertzen eta hausnartzen ari dira. Animalia hauekin topo egiten badu, abiadura moteldu eta motorrak itzaltzea da gomendioa. Galizian eta Gibraltar Itsasartean, kokatu dituzte animalia hauekin interakzioak. Muñozek, biak zeharkatu beharko ditu.