Uda iritsi eta kanpoko egonaldiak hasten dira. Hainbat gaztek uda hizkuntzak ikasteko zein hauetan trebatzeko etapa gisa hartzen dute, baita kultura desberdinak ezagutu eta esperientzia ahaztezinak bizitzeko ere. Hau hala izanik, hainbat eta hainbat programa daude gazteen kanpoko egonaldi hauek prestatzen lan egiten dutenak. Hala ere, hemendik gazteak kanpora joaten diren bezalaxe, atzerritik etorritakoak ere jasotzen ditugu Goierrin eta familietan haien lekua topatzen dute, Euskal kultura eta ohiturak ezagutzearekin batera.
Ateak ireki programaren aurtengo edizioa heldu da. Ekainaren 25ean iritsiko dira Goierrira estatubatuarrak eta ekintzaz beteriko egonaldia egingo dute gure eskualdean. Goierriko zein Euskal Herriko txoko desberdinak eta ohiturak ezagutzeko aukera izango dute uztailaren 16ra arte: Ezkioko Igartubeiti baserria, Barandiaran museoa, bertsolaritza, euskal dantzak…
Batzuk etorri eta besteak joan. Horixe da Unax Aldanondo Garmendiaren (Beasain, 2004) kasua. Aurtengoan esperientzia «berezi» bat bizitzea erabaki du gazte beasaindarrak, «ingelesa berreskuratzeaz» gain. WWOOF (World Wide Opportunities on Organic Farms) programaren bitartez Irlandako Hego-mendebaldera dagoen Ballygarvan herrira egingo du irteera. Cork irlandar hiriburutik ordu laurden ingurura dagoen tokia da. Baserri munduan murgilduko da Aldanondo Irlandan, familia batean. Baserrian lanaldi erdia egitearen truke egonaldia eskainiko dio familiak eta dioenaren arabera, «baratzean arituko da ziurrenik lanean, bera doan baserrian animalia gutxi daude eta». Bestalde, «harria ere lantzen dutela» aipatu du, ondoren egindako eskulanak saltzeko. «Kontu espiritualetan» ibiltzen dira baserriko jabeak eta horretaz ere «ikasteko prest dagoela» dio beasaindarrak.
Gauza berriak probatzera
Elikadura aldetik ere zerbait berria probatzeko aukera izango du, izan ere, bertan hartuko duten baserritar hauek barazkijaleak dira eta berak ere haien elikadura bera izan nahi du han dagoen bitartean. Lo egiteko lekua ere eskaintzen diote, baina ez ohiko moduan, «baserritik 10 minutu ingurura dagoen karabana batean» biziko da bertan egongo den hilabete osoan, lehen bi asteetan frantziar batekin eta hurrengo bi asteetan estatubatuar bikote batekin. Hau guztia hala izanik, garbi utzi nahi izan du bere asmoa baserrian lan egiteaz gain «Cork hiria ezagutzea eta lagun berriak egitea» dela, hizkuntza praktikatzeaz gain. Hala ere «urduri samar» dagoela hara joateko aitortu du, baina «gogotsu» dago.
Atzerriko egonaldiak eta atzerritik etorritakoek hemen egiten dituztenak esperientzia ahaztezinak izan ohi dira, eta bai familian estatubatuarrak hartu behar dituztenek, bai kanpora joateko asmoa dutenek eta baita sekula horrelako proiekturen batekin esperientzia izan dutenek «oso esperientzia gomendagarria» dela aipatu dute, eta jendea parte hartzera «animatu» dute.