Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Artikuluaren izenburua ez da mamiak eskatzen duena, badakit. Hamarkada aldaketari omenaldia egin nahi nion, hori da egia. Baina zer izan zen 1983a, gure gurasoentzako berezia izateaz gain? Frikiok, adi. AEBn A taldea telesailaz gozatzen hasi ziren, Arpanet TCP/IP protokoloa aplikatzen hasi zen (Internet-en garapenean gakoa) eta lehenbizikoz telefono mugikor bat merkaturatu zen.
Gertuxeago, uholde izugarriak. Bilboko irudi latzak eta Oria ertzeko errotak urak hartuta. Euskalgintzako frikiok eta migranteok, hau guretzako: Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea sortu zen. Hurrengo urteetan etorriko ziren herriko telebista, aldizkaria, emakume taldea, aisialdi elkartea eta enpresak euskalduntzeko elkartea. Hamarkada haietan Arrasateko euskalgintza hamaika frontetan aritu zen, eragile sozioekonomiko anitzekin elkarlanean.
Lehenaldia idealizatzeko joera handia dugu. Baina urteurrenaren aitzakiak eraman nau deskubritzera Arrasateko ikastetxeek umeak euskalduntzeko apustua elkarrekin egin zutela. Ikastolan batzen ziren euskal hiztun gehienak, baina hori ez zen nahikoa herria euskalduntzeko. Beharrezkoa zen beste ikastetxeetan ere euskarazko lerroak zabaldu eta indartzea. Horregatik, euskarazko lerroak elkarlanean sortzeko apustua egin zen, kasu batzuetan lerro osoak ikastetxe batetik bestera pasaz. Pentsatze hutsak, hunkitzen nau.
40 urte geroago, Goierrin, antzeko egoera bizi dugu. Orain ere, euskalgintzak aniztasunaren kudeaketan eragiteko ikaragarrizko aukera (eta erantzukizuna) du. Beste osagai batzuk dituen aniztasuna, bestelako egoera sozioekonomiko, politiko eta kulturalean. Baina, orain dela 40 urte Arrasaten moduan, hemen ere alarma gorriak piztuta ditugu. Edo eragile sozioekonomikoak modu ausartean herri mailako estrategia komunak lantzen hasten gara, edo geureak egin du.