Janariak sekulako garrantzia dauka komunitate baten bizimodua eta kultura-harremanak eraikitzerako orduan. Elikaduraren bitartez ikasten dugu zer eta nola jan, noiz eta non jan, norekin jan… gure egunerokotasuneko dinamika guztiak baldintzatzen dituen ariketa da.
Era berean, janaria oso faktore garrantzitsua da komunitateen identitate-eraikuntzan, komunikazio-bide bat, kultura bakoitza adierazi, irakatsi eta honen kide egiteko bidea.
Hala, Igartubeitin ere, asko eta asko dira elikagaiak prestatzeko erabiltzen diren espazioak. Prestatze-prozesu garrantzitsuenetako bat gaztagintza zen, familiaren kontsumo eta ekonomiarako benetan baliotsua baitzen gazta. Pausu ugari jarraitu behar ziren prestaketan zehar, eta, beraz, tresna ezberdinak erabiltzen zituzten. Horietako bat aurkeztu nahiko genizueke gaur: abatza.
Gazta egiteko ontzia
Abatza edo apatza gazta egiteko erabiliko den ardi-esnea eduki eta berotzeko erabilitako ontzia da. 12 eta 20 litro bitarteko edukiera du eta bi helduleku alboetan. Esnea jaso egiten zen, aurrez inbutu edo iragazki baten bidez iragazita, eta barruan gatzatzen zen.
Esnearen koagulazioa egiteko, gatzagi natural bat gehitzen zen, arkumeen urdaila. Ondoren, ondo nahastu, eta, apur batean jalki ondoren, gaztak egiten ziren, normalean ardi-esnearekin.
Elikadurak gure kultura molde eta komunikazioan duen garrantzia aldarrikatu nahi dugu Igartubeititik. Hartaz, adi ibili datozen asteetan… Janariari eta honek euskal kulturan izan duen garrantziari estuki loturiko erakusketa berria izango baitugu museoan uztailetik aurrera!
Honi buruzko berri gehiago kontatuko dizkizuegu laster…