Ez da mendi gailur ikusgarri eta ezaguna, baina Aralarko eta Altzaniako basoen begiratoki aparta da berez Nafarroari dagokion Alleko gaina. Lizarrustin hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular hau pagadi ederren zaindari eta gordeleku da.
Bi herrialderen eta hiru egitura administratiboren lurrak zeharkatzen ditu Alleko gaineko birak. Hasi Ataunen egiten da, Lizarrustiko parketxean, berehala Nafarroako lurretan sartzen da, pagadi arteko igoera mugalerroan doa, gaina bera Etxarri-Aranatzi dagokio, eta ibilbidearen bigarren zatirik gehiena Enirio-Aralar mankomunitateko lurretan da. Hala izanagatik ere, Ataunek eta ataundarrek bere egiten duten natur eremua da Ibiltari honetakoa, eta horrenbestez, hango bi herritar arduratu dira gidari lanak egiteaz: Ion Fontenla eta Maider Irastortza.
Lizarrusti parketxearen atzealdean (605 metro) eraikitako egurrezko pasabidea hartu eta segituan mendi seinaleen bidegurutze batera iritsiko da oinezkoa. Eskubitara egin beharra dago, hiru mendi ibilbidek (GR 12, GR 121 eta SL-Gi 2004) bat egiten duten bidezidorra hartuz, Nafarroako noranzkoan. Lizar ilada bati jarraituz egin beharra dago aurrera Lizarrustiko haitzen gainaldera abiatzeko. Allekoko basorantz doan bide malkartsu hau da Aralarko Natur Parkerako sarbideetako bat. Harkaizti artean sortzen diren pasabide natural hauek itzulinguru handiak egin behar izatea saihesten dute, eta horregatik, oso erabiliak izan dira historian zehar.
Lapiazak eta dolinak pagadian
Lehen hamar minutuetan ehun metroko desnibela igota, Saroiondora (699 metro) iristen da, Lizarrustiko Haitzen gainaldera. GRaren arrastoak segiz, beste bost-hamar minutuan, Malkorbizkarreko mendi seinaleak parez pare. Paraje majikoa da: pagadi ikusgarria, lapiazak eta dolinak, natura bete-betean. Azti bidegurutze honetan. Alleko basoaren bira egiteko ezkerrera egin beharko litzateke SL-GI 2004 bidetik –berrogei minutu inguruan itzultzen da atzera Lizarrustira–. Inguru horretan egin ohi dute Ataungo Jentilbaratza elkartekoek Eguberri bezperatan Olentzeroren ibilaldia, goierritar askorentzat ezaguna dena. Pagoak ez ezik, hagin bikain bat ikus daiteke bide horri helduz gero, Sorozarrekoa. Ezagutu nahiko lukeenak, joan-etorri bizkor bat egin dezake.
Alleko gainera jotzeko, ordea, eskubitara egin beharra dago, gorantz, GRaren arrasto zuri-gorriei segika. Lapiazak –uraren azidotasunak higatutako kareharrizko harkaitzak– eta dolinak –osinen moduko sakonguneak– ikus daitezke eremu hauetan, geologia ikuspuntutik interesa duten elementuak. Igoera gozoan pagadiaz gozatzeko ibilbideko tartea dator aurretik, batere galbiderik gabe. Eskubitara bidelagun izango du oinezkoak une oro Gipuzkoa eta Nafarroa bereizten dituen itxitura. Azken zatikoa bai, pikoa da azken malda, baina motza. Bost minutuko ahalegina eskatzen du, eta pagoen itzalpean samurra egiten da igoera. Beste bost-hamar minutuan itxitura-kontra doan bidezidorrari segiz, Beorresiko Harratera (910 metro, 50 minutu) iristen da.
GR-ak aurrera jarraitzen du, baina Alleko gaina zapaltzea da helburua.
Begiratoki naturala
Harri-piloek erakusten duten mendi magalean gora egitea, besterik ez da egin behar gailurrera iristeko. Hamar minutu, gehiago ez. Bidean, zutik baino hilik dagoen pago enbor bati eta haren ondoan hilik dagoen pago enbor etzan bati egin dio erreferentzia Fontenlak, bitxikeria lexiko bat nabarmenduz. «Zientifikoki snag esaten zaio zutik dirauenari, log etzanda dagoenari. Euskaldunok Esna eta lo hitzekin gogora dezakegu hori». Tontorra baino, gaina da Allekokoa, eta hantxe Ataun Kirol Elkarteak jarritako buzoia (1.019 metro, 65 minutu) eta burdin-ziriak bistan dituen puntu geodesiko hondatua.
Bista latzak ditu. Alde batera Aizkorri, bestera Beriain, parez pare Urbasa, eta barrenean Aralarko eta Altzaniako basoak, amaigabe. Lizarrustitik Etxarri-Aranatz aldera doan errepidea ere ikus daiteke tarte txiki batean. Gainetik bidea jarraitzeko beste bidezidorren bat edo beste badagoen arren, atzera Beorresiko Harratera jaistea egokiagoa dela iritzi diote gidariek. Eta hortxe, Nafarroako lurretan, baso-bidean gozo oinez, Putterri eta Igaratza alderako noranzkoan. Ordu laurdenera, azti. GRa utzi, eta pagadi batean beherantz egin behar da Iraion (893 metro) Akaitzerrekarantz, Enirio-Aralar mankomunitateko lurretan dagoeneko, Gipuzkoan.
Akaitzerrekatik Lareora
Akaitzerreka (844 metro) lurpean doan erreka bat da, baina inguruari izena ematen dio. Haren gainaldean dago Akaitz mendia (1.080 metro). Garo artean zabaltzen den bidezidorrari segi behar zaio, pista batera iritsi arte. Pago handi bat da erreferentzia. Ezkerrera egin beharra dago Maizegi aldera, Iruerreketa eskubitara utziz. Bideari jarraituz Baiarrate (bi ordu, 730 metro) eta beste hamar minutuan Lareoko zubia (750 metro). Aurrera eginez, urtegiaren paretaren ertzaren ondotik zabaltzen den bideari jarraitu behar zaio Lizarrustira iristeko. Bere egunean, txondor-ikatza eta pago egurra garraitzeko ireki zuten bide hori.
Kontuan hartzeko
- Lizarrustiko parketxea. Mikelete Etxea izana, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko joan-etorria zaintzeko eraiki zuten 1887an. Gaur egun Aralarko parketxea da, eta Aralar Natur Parkerako sarbide nagusietako bat. Ostegunetik igandera zabaltzen dute.
- Leize eta koba ugari bidea. Makina bat leize eta koba daude ibilbidean zehar. Lau leize eta koba bat Akaitz Txiki mendiaren (942 metro) barrenean, eta Akerretatik behera, Allekoaitzeko kobatxikia, Sukaldezarreko kobea, Malkorbizkarreko kobea eta Allekoaitzeko kobahaundia.
- Lareo eta Akerreta. Lareoko urtegia 1989an eraiki zuten Agauntza errekaren emari ekologikoa eta ataundarren ur-hornidura bermatzeko. Handik Lizarrustirantz, Akerreta malloa eta tunela igaroko ditu oinezkoak. Azken hori 1916an eraiki zuten, txondar-ikatza, harria eta pago-egurra garraiatu ahal izateko.
- Bi iturri bidean. Lizarrustiko atsedengunean dago iturri bat, eta bigarrena itzuleran, Akerretako iturria.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Hiru ordu
- Luzera: 11 kilometro
- Desnibela goraka: 477 metro
- Desnibela beheraka: 462 metro
- Zailtasuna: Ertaina