Irati Garmendia Aranburu • Irakaslea eta idazlea
Ekologiaz, osasunaz eta norberaren zaintzaz gero eta kontzientzia handiagoa dugun garai hauetan, txikienen eguneroko ekintzetarako erabilgarria izango den bilduma da ‘Ortuko bizitza’.
Zazpi kontakizunez osaturiko bilduma izango da, non kontakizun bakoitza gai konkretu baten ingurukoa izango den. Jada bost argitaratuta daude, azken biak datozen hilabeteetan kaleratuko dira.
Helburua baratzaren inguruko hiztegia eta edukia zabaltzea da, errimen eta abestien munduan murgilduz. Horrela, modu ludiko batean irakurtzeko, kontatzeko edota entzuteko aukera izango da. Gainera, kontakizun bakoitzaren amaieran informazio gehigarria dago. Hortaz, bilduma hau informazio-iturri bezala ere erabili ahal izango da. Eta bestetik, lehen irakurleentzako ere aproposa da, letra larriz nahiz xehez idatzia baitago, eta testu laburrak izanik egoki ikusten delako irakurle hasiberrientzat.
Gaiak anitzak dira (nor norekin landatu, fenomeno meteorologikoak, ilargiaren eragina, simaurra, xomorroak, izurriteak…), haurrentzat deigarriak eta ortu edo baratze propio bat eraikitzeko aproposak. Hona hemen, bildumako izenburuak:
- Patata eta tomatea, tripontzi parea! (2022)
- Tipula eta erremolatxa, hau pagotxa! (2022)
- Zer du zeruak gure aurka? (2022)
- 27 egunez jira eta buelta (2022)
- Kirats aberats! (2023)
- Ospa hemendik! (argitaratzeke)
- Elkarren lagun, gau eta egun. (argitaratzeke)
Aitona Joxe, amona Axun eta Lea ezagutu nahi? Korri, bizkor ibili!
A! Eta animatu ipuinaren amaieran dagoen jolasa burutzea. Asmatuko al duzu emaitza?