Hesteetako zizareak kanporatzeko, eta buruko eta artikulazioetako mina kentzeko erabili izan da.
- Izen herrikoia. Zizare belarra / San Joan lorea.
- Izen zientifikoa. Tanacetum parthenium (Chrysanthemum parthenium) L. Schultz-Bip (Asteraceae)
- Ezaugarriak. Landareak 10 eta 60 cm artean hazten dira, lurzoru eskasetan, errepide bazterretan eta soro abandonatuetan. Lore txikiak ditu, eta luma itxurako hosto berde-horixkak ditu. Hostoek zapore desatsegina dute oso. Uztailetik urrira loratzen da zizare belarra; loreak 30 pieza arteko korinbotan daude antolatuta, lore zuri luzanga batzuekin zein disko-formako brakteadun lore horiekin.
Loreek kamamilaren antza dute, eta erraz nahas daitezke. - Jarorria. Balkanetan, Kaukason eta Ekialde Hurbilean du jatorria landare honek, eta Europan, Asian eta Afrika iparraldean dago hedatuta. Iberiar penintsularen iparraldean aurki daitezke gehienbat. Etxeetako lorategietan landatu izan da, bai apaingarri modura bai sendabelar erabilera emateko.
- Atal erabilgarriak. Loreak erabiltzen dira.
- Propietateak eta erabilpenak. Hesteetako zizareak kanporatzeko (hortik datorkio izen herrikoia), artikulazioetako mina eta buruko mina kentzeko, eta lasaigarri moduan erabili izan da, besteak beste.
- Infusioa: Erabilera ohikoena da. Hesteetako zizareei aurre egiteko sei lorerekin egindako infusioa hartu behar dira hiru egunetan. Digestibo funtzioa ere egiten du, kamamilak bezala. Lasaigarri modura, urduritasun edo muskulu espasmoetan, buruko min eta insomnio kasuetan ere erabil daiteke. Horietarako 20-30 lore egosi eta infusio moduan hartu bizpahiru edalontzi egunean.
- Enplastoa: Enplastoa ez da horren erabilera ohikoa, baina artikulazioetako mina kentzeko erabili izan da, oinazea dagoen gorputz-atalean jarriz.
- Kontraindikazioak. Haurdunaldian ez da erabili behar, ezta hiru urtez azpiko umeetan ere. Asteraceae familiako landareei alergia diotenek ere ez.