Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Sartu gara udan, eta urtaro aldaketaz gain eguzki orduak gehitzeak, tenperaturaren igoerak, herrietako festen leherketak eta opor usainak, oro har, herritarron aldartera baikortasuna dakartela esango nuke. Koktel horren zati da solstizioa ospatzeko urteko egunik mistikoenetako bat: San Joan bezpera. Suaren bueltako tradizio, kantu, dantza eta magiaren arteko nahasketa Euskal Herriko plazetan. Goierrin ere bai.
Silvia Federicci historiagile italiarrak plazaratu zuen ‘akelarre’ hitza Pierre de Lancre epaileak erabili zuela lehenengoz 1609an, emakumeak gobernatutako lur-eremu batekin topo egin zuenean, euren senarrak marinelak izan eta bakarrik geratzen zirelako denaren kargu. Zugarramurdiko emakumeak bizirik sutan erre zituzten 1610ean. Egun, festa moduan eta fantasia moduan oroitzen bada ere, sorginen irudiak dekoraziorako opari gisan estimatuak izan arren, exekuzio beldurgarria izan zen han gertatutakoa, emakume autonomoei egindako jazarpen izugarriaren emaitza. Gogoan hartzeko moduko datua da inkisizioak 50.000 emakume erail izana. Horri erantsi behar zaio sorginen inguruko iruditerian emakume zahar, zatar eta iraingarri eran irudikatu direla, ekintzaile feministaren hitzetan.
Testuinguru honetan, berrirakurketarako eta birpentsatzeko premia plazaratzeko beharra sentitu dut. Oso umetatik bizi izan dugu ilusio eta magia handiz Urretxuko Gernikako Arbola plazako San Joan bezperako suaren bueltako guztia. Haurretan Luzaide dantzatzeko ilaran zain urduri egoten ginen, bertsotara ere askotan hurbildu gara, xarma bereziko plaza da, egia esan, baina bada azkura eragiten didan atal bat jai horretan. Ipuinaren irakurketa. Murumendiko baserri bateko emakumearen gaiztakeria lau haizetara aldarrikatu (eta normalizatu), zer eta zazpi seme-alabak bataiatu nahi ez zituelako, artzainaren zoriontasunerako elizarekiko emaztearen aurkakotasuna eta herritarren marmar zein gaizki esanak benetako drama bihurtu, eta andreak suzko hodeian desagertzea erabaki ohi du bertan. Ezin zital eta krudelagoa da kontakizuneko emazte zein amaren rola eta sorginkeriarekin lotzen da pasadizo hau ere.
Agian, mikroa eskuan suaren bueltan hitza hartzean aldaketak egiteko aproposa izan daiteke aurtengoa. Baita zer transmititzen eta erreproduzitzen ari garen hausnartu eta horren eraginak lasaitasunez aztertzeko ere, zer den lau haizetara hedatzen duguna eta zein iruditeria eta gizarte ereduren isla den hori guztia.
“Eta sorginak? Dantzara!”