Matematikaz izeneko proiektua sortu du Beasainen bizi den Maria Lasak (Tolosa, 1991). Ikasleek ikasgelan landutakoa etxean errepasatzeko aukera izan dezaten, matematika ikasgaiak azaltzeko bideoak sortu eta Youtube-n jartzen ditu Lasak bi astez behin, euskaraz. Konfinamendu garaian garatu zuen ideia.
Matematika ikasgaiak lantzen dituzu sareetan. Irakaslea zara ikasketaz?
Nik berez Arkitektura Teknikoa ikasi nuen, eta horri lotutako master batzuk ere bai. Gero irakasle izateko masterra egin nuen, eta zazpi ikasturtez lan egin dut Beasaingo Andramendi Ikastolan, DBHko irakasle bezala.
Matematika irakaslea zara?
Bai, matematika irakasten dut, eta teknologia ere bai.
Zergatik sortu zenuen Matematikaz proiektua?
Berez gauzak egitea gustatzen zait, eta gero nik uste klik txiki bat izan nuela pandemia garaian. Konfinamenduan ia ikasturte oso bat egon ginen saioak etxetik ematen. Ikasgaiak etxetik lantzen jardun genuen, ikasleak pantaila atzean eta gu irakasleok ere bai. Ikasle askok galdetu zidaten orduan ea pantaila grabatu nezakeen. Hor pentsatu nuen lan asko egiten dela, egin beharrekoa, ikasgelan, baina gero, nahiz eta ikasgelan arretaz egon eta entzun, Youtube-ra jotzen dutela ikasleek errepasatu nahi badute.
Nora jotzen dute?
Youtube-ko kanal konkretu batera, baina gazteleraz dena. Susiprofe izena du. Oso txukun dago eta bideo asko dauzka, baina gazteleraz da. Guk euskaraz irakasten dugunez, oinarrizko eta etxerako azalpenak biltzea erabaki nuen ikasturtea hasi zenean.
Euskaraz badaude?
Egon badaude. Nik erabakia hartu nuenean begiratu nuen eta badaude, baina gutxixeago, eta denak konfinamenduan sortutakoak, momentu horretarako baliabide gisa.
Euskaraz azalpenak errepasatzeko aukera izan zezaten sortu zenuen beraz proiektua.
Gelara norbait ez badator egunen batean, bada aukera bat izan daiteke nire azalpenak entzuteko. Ez zait gustatzen beste batzuen azalpenak izatea ikasleek. Euskarazko baliabide hori izateko aukera emateko izan da. Aurten hasi dut kanala eta oso oinarrizko edukietatik hasi naiz. Espero nuena baino erreprodukzio gehiago ditu. Ikasleentzat baliagarria bada, nahikoa.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako edukiak dira?
Horretan oinarrituko naiz. Batxilergoko edo Graduetarako matematikan sartzeko eskatu didate, baina ni ez naiz honetan aditua, eta DBHko edukietan zentratuko naiz.
Youtube-ko kanalaz gain, sare sozialak ere erabiltzen dituzu.
Instagram eta Facebook ere egin nituen Matematikaz-erako. Instagrama asko erabiltzen da eta behintzat hor ere liburutegi txiki bat izan dezaten.
Ikasleek badakite Matematikaz-en atzean zu zaudela. Zer diote? Erabili dituzte azalpen horiek etxean?
Ikasleek jakin badakite gaur egun, baina hasieran nahiago izan nuen ez esan ni nintzela bideoak sortu nituena. Gero haiei bideoak eskaintzeko garaian erosoagoa zitzaidan esatea hasi nintzela bideoak biltzen, etxean ere azalpenak entzuteko aukera eman nahi niela, beharra daukanarentzat edo ondo etortzen zaionarentzat. Ikastetxean DBHn bi irakasle gaude eta besteak errefortzu saioetan erabili ditu bideoak ikasleei azalpenen bat ematerako orduan. Eskura izan dituzte, ez dakit erabili ote dituzten. Irakasle bezala oso baliabide ona da ikasleei eskaintzeko, gelaz kanpoko material gehigarri gisa.
Ikasle bakoitza mundu bat da, baina orokortuta, matematiketatik urrun sentitzen dituzu gazteak?
Ez da ikasgai maitatuena, baina nik uste betidanik izan dela horrela, ez da gaur egungo kontua. Irakasleon artean ere aipatu izan den zerbait da. Oso urrun ikusten dute, gehiengo bati agian teknikoegia-edo egiten zaiolako. Nik uste aukera eta baliabideak eman behar zaizkiela ez sentitzeko hain urruti matematika ikasgaia. Urteak aurrera egin ahala, konturatzen zara beharrezkoa dela, baina zaila egiten zaio gehiengoari eta horrek errefusa eragiten du askorengan.
Zergatik gertatzen da hori?
Oso teknikoa da, prozesuak ulertu behar dira derrigor, logika, eta ulermen orokorretik dena menperatzea zailagoa da. Ikaslearen araberakoa da, noski, baina prozesuen ulermena da falta den egokitzapena. Errealitatearekin lotzea da falta dena, eta nik uste oraindik ez dela guztiz lortu. Ikasmateriala aldatzen doa, eta egokitzapen hori egiten da, baina ez da oraindik asmatu erakargarria izatea batzuentzat.
Matematikaz-en, zenbatero lantzen dituzu bideoak?
Ikasturte hasieran hasi nintzen, eta astero bideo bat igotzea pentsatu nuen, baina konturatu naiz pentsatutakoa baino denbora gehiago hartzen didala, eta lana dudanez, batez ere lana daukadalako, bi astez behin igoko ditut. Gabonetan geldialdia egin nuen eta orain udan ere bai, ikasturtea berriz hasitakoan igoko ditut gehiago.
Irakasle zaren bitartean, behintzat, jarraipena emango diozu Matematikaz proiekturari.
Bai, ikasturtean zehar bideoak sortzen eta sareetara igotzen jarraituko dut, irailean, oporretatik bueltan. Irakasle naizen bitartean nire proiektu txiki honek jarraipena izango luke.