Frantziako Tourreko etapa bat irabazi duten bi goierritarretik lehena izan zen Joxe Nazabal Mimendia (Zaldibia, 1951). Oloroe eta Gasteiz lotu zituen etapa hark 1977ko uztailaren 2an. Nazabal bakarrik iritsi zen KAS lantegi ondoan jarritako helmugara.
Zer oroitzapen duzu garaipen hartaz?
Etapa berezia izan zen, etxera iristen ginen. KAS hemengoa zen, Gasteizkoa. Agindua geneukan ihesaldiren batean sartzeko bai ala bai, saiatzeko. Oloroetik atera, eta akordatzen naiz Izpegin petardoren bat jarri zutela. Ordura arte lasai zetorren karrera, eta Izpegi pasatu eta Elizondora bidean ihesaldia sortu zen. Niri tokatu zitzaidan sartzea Bianchiko Rossi eta Flandia taldeko belgiar batekin. Ezkurra igotzen gelditu ziren biak, ez nituen nik utzi. 113 kilometro falta ziren, eta bakar-bakarrik: Leitza, Lekunberri, Irurtzun, Sakana, Lautada, Gasteizera arte. Gogoratzen dut poza latza hartu nuela.
Azken asteetan elkarrizketa asko egiteko eta aurkezpen ekitaldietara joateko deiak jasotzen ari zara.
Bai, orain dela 46 urte mugimendua ere izan zen, baina ez orain bezalakorik. Gasteizkoarengatik izango dela pentsatzen dut. Kazetari batek esan zidan errekor bat ere badudala. Zer errekor galdetu nion, eta erantzun zidan Euskal Herrian irabazi duen euskal herritar bakarra naizela.
Indurainek ere irabazi zuen Donostiako aitzin-etapa 1992an.
Bai, hala da, baina kazetari horrek ez du Indurain euskalduntzat hartuko. Migel Mari Lasak ere irabazi zuen Biarrizko hipodromoan 1978an.
Aste honetan Gasteizen mahai-inguru batean parte hartu duzu, eta bihar, larunbata, Bilbon bazkari batean izango zara.
Bai, ostegunean [atzo] Sean Kellyrekin eta Pako Galdosekin. Joseba Belokik deitu zidan. Eta larunbatean [bihar] Bilbora joan beharra daukat Tourrean parte hartutako txirrindularien bazkari batera. Josu Loro-ñok deitu zidan, Jesus Loroñoren semeak.
Hemengo etapak arriskutsuak izango direla esan eta esan ari dira.
Dudarik ez arriskutsuak izango direla! Hor egoten den urduritasuna ez pentsa berriketa denik! Esprinterrak ez dira ailegatuko seguru asko aurrean hemengo etapetan.
Eta zuk zer asmo duzu egun horietarako?
Uztailaren 1ean iloba baten ezkontza daukat, eta urtebetetze eguna dut gainera. Eta igandean ez dakit. Beste iloba batek esan zidan baserrira igo, eta han bazkalduz Saturdiko bidegurutzean karrera ikusteko. Ez dakit azkenean zer egingo dugun!