Uda hasi eta sekulako jai magikoak datozkigu: San Joan Jaiak. Euskal Herriko hamaika txokotan ospatzen dira jai hauek, baita Goierrin ere, hala nola, Seguran eta Olaberrian.
Sua, kanta eta dantza… urteko akelarrerik bereziena: San Joan bezperako sua. Zenbat kondaira zein historia mitologiko ezkutatzen diren ekitaldi hauen atzean… etxe bakoitzean bakoitzarena zein kondaira orokortuak.
Jai hauetan ere, beste hainbatetan bezalaxe, gazteak dira motor, eta Seguran eta Olaberrian ere hala dira. Segurako Gaztek taldeak parte hartu du jaietako egitarauaren osaketan, eta Olaberrian, berriz, Olaberriko Gazte Taldeak.
Olaberrian lehen aldiz
Olaberriko Gazte Taldeak dioenaren arabera, jaiak modu «parte-hartzailean» bizitzea aurreikusten dute eta posible izanez gero «eguraldi onarekin» baina hau ez dago inoren esku. Aurten lehen aldiz hartu dute parte herriko jaien antolakuntzan gazte taldea sortu zenetik eta adierazi dute gazteentzako «erakargarriak» diren ekitaldiak proposatu dituztela jaien antolaketa taldean. Bestalde, emakume talde berri batek ere parte hartu du aurtengo San Joanen antolakuntzan, hala, «jai berdinzaleagoak» osatuz guztien artean. Hau guztia hala izanik, eta antolakuntzan aritu diren taldeen arteko harreman «ona» dela eta, etorkizunera begira jaiek «beste xarma bat» izango dutela konbentzituta daude gazteak.
Seguran elkarlana
Seguran ere gazteek parte hartu dute jaien antolakuntzan, Segurako Gaztek izeneko taldea aritu da buru-belarri lanean, jaien antolakuntzan, beste zenbait eragilerekin batera, hala nola, Segurako Sare, Elorri Kultur Elkartea eta Ganbaran Norbait Dabil taldea. Hauek guztiak elkarlanean aritu dira aurtengo jaiak aurrera ateratzeko eta jada «azken ukituak eginik, prest daude San Joan jaietarako». Gazteen arabera, «gogo handiz» hartuko dituzte festak, udako oporretako lehenengo festak izaten baitira gehienentzat eta ikasturte amaiera «ospatzeko» testuinguru bikaina jartzen diete jai hauek.