Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Jakitun izanda edo izan gabe, tiraka, eutsi nahian edo ezinean, aurrera doakigu denbora. Aurrera egite horretan etorri ohi den guztia, ordea, berria izate hutsak ezin du egokia denik bermatu.
PIRLS 21 txostenean Suedian irakurmenaren ulermeneko datuak kaskartu zaizkiela eta (gurean okerragoak atera dira) ikasgeletan pantailak mugatu eta testu liburuetara itzuliko direnaren informazioa zabaldu berri da. Ikasgeletako digitalizazioaren aitzindari izanik, hara non, formatu klasikoetara itzultzea ere planteatzen ari diren. Bertako adituen ustetan pantailen erabilera desegokiak irakurmenaren nahiz entzumenaren ulermenean eta idatzizko nahiz ahozko adierazpenean ez du behar bezala laguntzen. Horretaz gain, ikasleengan pantailek dakarten berehalakotasunaren behar horrek antsietate kasuak handitu, adi egoteko eta kontzentratzeko gaitasun gabeziak agerian utzi, trebetasun sozialak murriztu, uniformizazioa eta kontsumismoa bultzatu, pentsamendu kritikoa mugatu eta pantailekiko adikzioa hedatzen dituela ere badiote, besteak beste.
Geurean ere pantailen erabilera okerren hainbat ondorio negatibo nabari dira. Ikasgelak wifiz, arbel digitalez eta pantailaz bete ditugu, baina
hemen ere antzeko arazoak azaltzen ari zaizkigu. Digitalizazioaren bideak atzera bueltarik ez badu ere, bere erabilerak moldaketak, egokitzapenak eta oreka behar ditu, eta ez nolanahikoak. Alfabetizazio digital egokian sakontzea beharrezkoa dugu. Erabilera egokia ematean datza sekretua. Beti ere, digitalizazioa bitartekoa izanik eta ez helburua. Bada zeregina.
Kolaborazio hauxe amaitu eta Mikeli korreoz bidali ondoren, Bizuma egin behar diot Jasoneri gaurko mozorro eguneko gastuak ordaintzeko. Ikasturte amaierako notak eta oharrak Inikan sartzen ere hasi behar dut, bestela Anak abisua pasako dit. Sanjoanetako astebururako zer eguraldi datorkigun ez dut begiratu. Txakarraren mezua ere badaukat, San Joan eguneko elorri adarrekin gogoratzen al naizen galdetuz. Tourrerako badugu plana, ibilbidea eta ordutegia ahaztuak ditut. Udarako irteeratxoren bat edo beste egitearena datorren asterako utziko dut… Pantaila maitagarri eta madarikatuok!