Eraikin berria eraikitzerakoan, teilatua emandakoan erramu adar bat jartzea ohitura zen. Oraindik bizirik da usadio hori, egunotan Lazkaoko Iturrialdea auzuneko bloke batean ikus daitezkeen bezala. Hango langileek esana: hormigoizko teilatuaren egitura bukatutakoan, nagusiari edo jabeari afari bat eskatzeko keinua da gailurrean erramu adarra jartzea. Lehenago gehiago egiten zela aitortu du, baina oraindik han-hemenka segitzen du.
Aspaldikoa da ohitura. Teilatua emandako egunean egin ohi zen lehenago afaria, auzolanean aritu ziren guztientzat. Nagusiak eman behar zuen otordua, oparoa eta ona. Trapalea deitzen zaio Goierrin ekitaldi horri; teilatu-afaria edo teila-afaria ere bai beste leku batzuetan, eta Bizkai aldean montxorra (erramu adarra bera).
Auzolana bai, baina zuzenean teilatuarekin du zerikusia erramuak eta trapaleak. Lur lanak egiten zirenean ere ogia, ardoa eta gazta eskaintzen zitzaien langileei, baina afaririk ez.
Erramuaren esanahia
Normalean erramu adar bat jartzen da, teilatuaren goenean, leku agerikoenean eta garaienean. Gailurrean. Dohain sendatzaileak egozten zaizkio erramuari. Latinezko izen zientifikoak ere nobletasuna omen egiten dio: Laurus nobilis. Erramurik ezean, lizarra edo artea ere jarri ohi zuten.
Antzinako Greziatik dator, gutxienez, erramuaren gorespena. Nahiz Olimpiako jokoetan irabazleari olibondo adarra ezartzen zioten buruan, Delfosen erramu hostoak ipintzen zizkioten. Erromak hartu zuen ondoren tradizioa, eta Napoleon Bonapartek ere jarraitu zuen, XIX. mendean.
Babestaile funtzioa ere badu, eta teilatua emandakoan etxearen zori onerako ikur da gailurrean jartzen den adarra. Erlijioak ere bere egin du, eta Erramu igandean bedeinkatutakoekin eramaten zuten babes hori etxera. Santa Kruzetan, gurutzetxoak egin eta soroan jartzen zituzten, bestetik.
Arropa sitsak jo gabe mantentzeko ere erabili izan da, baita sendabelar gisa ere edo xaboia egiteko.
Dagoeneko, langileei afaririk ez dietela ordaintzen argitu du igeltseroak. Trapala eskatzen segitzen dute, ordea. Bien bitartean, etxea tximisten eta bestelakoen aurka babestu dute.