Irati Goikoetxea Asurabarrena• Idazlea
Solasean aritzea beti da aberasgarri; begietara begiratu eta hitzari hitzarekin erantzutea, nork bere baitan ezkutatzen duen ispilua bestearen begiradan agerian jartzea. Entzutea jolas ederra izan daiteke, hizketan ari zaizuna zirika ari zaizula ohartu eta mingaina korapilatzen asmatzen baduzu batez ere.
Natura hizketan jarri du Antton Kazabonek liburu zoragarri honetan. Solasa elkarrizketa, elkarrizketa eztabaida eta eztabaida jolas bihurtu du. Irudimen askorik ez da behar, edo bai, egunak eta gauak, edo errekak eta zubiak, edo kilkerrak eta satorrak, edo izarrak eta ilargiak, edo otsoak eta zakurrak, edo euriak eta elurrak, edo hostoak eta orbelak, edo basoak eta basamortuak, edo loreak eta belarrak, edo ur-jauziak eta iturriak, edo makalak eta lizarrak, edo sagarrak eta mahatsak elkarri zer esaten dioten asmatzeko. Hain zuzen ere, errealitateari irudimen pintzeladak oparitu eta natura ikasgai literario bihurtu du Anttonek. Bi orri eskaseko istorio laburrak dira, elkarrizketa forman muina, azal beharrik gabe, agerian jartzen dutenak. Enrique Morenteren ilustrazio bikainek, bizitasun berezia ematen diote, gainera, kontakizun bakoitzari, mugimenduaren sinesgarritasuna irakurlearen eskura jarriz.
Natura, eta bide batez geure burua, bere horretan maita dezakegula (behar dugula) irakasten digun liburu zoragarria da. Eleder semeari orain gutxi esan nion: Liburu hau altxor bat da. Edonorentzat.
Eta bai, denok dakigu zozoak beleari ipurbeltz esaten diola. Beleak zozoari zerbait gehiago ere erantzuten dio, ordea. Eta, hain zuzen ere, literaturak hor du xarma, erantzuna kolore bihurtzen duen zerbait gehiago horretan.