Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
1912ko apirilean, 1.500 pertsona inguru hil ziren Titanic itsasontziak, Ingalaterrako Southamptondik New Yorkerako itsasaldian, Ternuako kostaldean iceberg baten kontra jo, eta bertan hondoratu zenean. 2023ko ekainean, 5 pertsona itsasoratu ziren, Titan urpeko ontzian, Titanic zenaren eskeletoa ikusi nahian. Pilotuarekin batera abiatu ziren lau bidaiariek 250.000na euro ordaindu zuten, besteak beste Harris Harding magnate britaniarrak, Shahzada Dawood enpresari pakistandarrak eta haren seme Sulemanek, baita Paul-Henry Nargeolet urpekari frantsesak ere. Azkar baino azkarrago, larri, P-3 aierontzi kanadiarrarekin batera, AEBetako guardiamarina, ROV ibilgailua eta sorospen zerbitzu britaniarrak eta frantsesak hasi ziren bilaketa lanetan*.
Baina nork du gogoan astebete lehenago, Greziako kostaldean, Egiptotik Italiarako itsasaldi klandestinoan, petroliontzi xahar bat 700 migratzailerekin hondoratu zela? Nork du gogoan, 4.000-5.000€ artean ordainduta, 82 pertsona hilik jaso zituztela eta 104 bizirik atera ahal izan zituztela. Nork du gogoan erreskate lanak izugarri berandutu zirela eta Mexikoko familia aberats baten Mayan Queen IV.a yateak laguntza eskaini behar izan ziela? Nork ditu gogoan eskifaiako siriarrak, egiptoarrak, pakistandarrak, agertu ez ziren guztiak…?
Nork du gogoan joan den astean 37 migratzaile hil zirela Kanaria Handirako itsasaldi ilegalean? Nork ditu gogoan hildako lau emakumeak, bi haurrak, titiko umea…? Larri, baina berandu baino beranduago, Afrikan itsasoratutako ontziak 61 pertsona zekartzan eta 24 erreskatatu ahal izan zituzten. Helena Malenok, Caminando Fronteras GKEko bozeramaileak dio 2022an, itsasbide kanariarrean, 1.800 pertsona hil zirela, Titanic-eko hartan baino 300 gehiago…
Beharbada noizbait erreparatu diozu Donostiako portuan dagoen —edo Zumaiakoan, protagonista hangoa baitzen— Aita Mariren eskulturari. Itsaso gaiztotik makina bat arrantzale salbaturik, 1866an hil zen, 38 marinelekin batera. Beharbada irakurri ere egin dituzu monumentuko bertsoak: «O, gizon maitagarriya. Onraturikan zure gloriyaz Donosti eta Kantauriya».
Inoiz baino gehiago, haren espiritu gogoangarria behar dugu. Edo izen horrekin Mediterraneoan dabilen itsasontzi atunaria, orain migratzaileen salbatzailea. Ahal izanez gero, Titanen azken berriak jaso ondorenean, ikusi Aita Mari dokumentala —EITB-ko Nahieran adibidez—, eta agian beste pertsona asko etorriko zaizkizu gogora, eta egoera askoren gogorra.
*Aurkitu gabe jarraitzen dute lerro hauek idatzi bitartean.