Euskal Herria Zuzenean jaialdian, Irisarrin, joko du bihar Alarma Morea hirukote goierritarrak. Euskal runba feminista egiten dute eta «ilusioz beterik daude» oholtzatik publikoa «dantzan jarri eta kontzientziak astintzeko».
Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdian joko du Alarma Morea talde goierritarrak. Euskal Herri mailako jaialdi garrantzitsuenetako bat da honakoa, non oso musikari ezagunek parte hartu duten (Sutagar, Public Enemy, Alpha Blondy, Lluis Llach, Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Goran Gregovic…), 1996an lehenengoz ospatu zenetik. Aurtengo jaialdia ere indartsu dator. Hala, euskal runba feminista egiten duen hirukoteak, beste batzuen artean, Gatibu, Liher, Zetak, Mice, Belako eta Willis Drummond taldeekin osatuko dute kartela. Irisarrin (Nafarroa Beherea) izango da, gaurtik hasita, igandera arte. Alarma Moreak, bihar, larunbata, joko du, 17:15ean, plazan.
EHZ bezalako jaialdi batean jotzeak beti sortzen du «urduritasun pixka bat». Data handia heltzear, orain arte egindako lanaren fruitua dela ulertzen dute taldekideek; «oso harro sentiarazten gaitu, ohore handia da hain talde potente eta garrantzitsuekin eszenatokia partekatzea», nabarmendu dute. Momentu honetan, «esperientziaz gozatzea» da nahia, «ziur gaude bai publikoak bai guk primeran pasatuko dugula elkarrekin runbeatzen».
EHZ festibalak aukera kultural anitza eskainiko du beste behin bere egitarauan. Hala nola, estilo ezberdinetako musika talde ugari, dantza talde zein antzerki taldeak eta baita tailer ezberdinak ere jasotzen ditu, guzti honekin ikusleei parte hartze maila ezberdinak eskainiz.
Alarma Moreak, bere ikuskizunean, jai giroa bai baina hausnarketara ere eraman nahi ditu ikus-entzuleak, kontzientzia sortzeko sortutako letrez jantzitako runba doinu alaien bidez. Gainera, kontzertu honetarako, Amets Aznarez tronboi jotzailearen kolaborazioa izango dute, beraz, inork galdu ezin duen aukera da.
2019tik kontzientziak astintzen
Alarma Morea, proiektu musikal bezala, 2019an sortu zuten. Hasierako taldekideak Ainhoa eta Uxue Plagaro ahizpak eta Nerea Dual izan ziren. Sortu berritan «lasai», eta 2021ean pixkanaka oholtza gehiagotan presentzia hartu zuten. 2022 urtean, «dei eta mezu mordoxka» bat jaso zituzten zuzenekoak egiteko, eta hortxe «korapilatzen» zaizkie «prekarietatea eta motibazioa». Ordurako Palmira Dual ere taldean zegoen, baina bai berak, bai Nerea Dualek, utzi behar izan zuten, ez zirelako nahi bezain beste kontzertu ematera iristen. Taldeak jarraitu nahi bazuen, taldekide berriak behar zituen. Ordurako, Uxue kajoiarekin hasita zegoen. Urte bukaerarako «40 kontzertu» eman zituzten eta horietako batzuetara, Amets Albisu gonbidatu zuten, klake-a egiten duena, ikuskizunari «ikusgarritasuna» emanez. 2023rako birarako beraz, hirukote berritua zuten.
Batzuk joan, beste batzuk etorri, baina helburu nagusia, «gozatzea», beti mantendu da. «Musika pasioz bizi dugu eta gainontzekoekin partekatu nahi dugu sortzen ditugun abestiak baita bertsioak ere», bat dator hirukoa. «Gure artean ongi konektatzen eta ulertzen gara, ez dugu askoz gehiagorik behar zentzu honetan», borobildu dute.
Kontzientziak astintzeko sortu zen Alarma Morea, eta orain arte konposatu dituzten abestietan, plataforma desberdinetan entzungai daudenak, islatzen dute. «Gizartea ez dago ondo eta guztiok dugu zer egin paper ezberdinetatik bada ere, horregatik, garrantzitsua da buruak martxan izatea, pentsatzea, hausnartzea eta entzuteko prest egotea», esan du taldeko beteranoena den Ainhoak. «Nik Gizarte Hezkuntza ikasi dut, beste gauza batzuen artean, eta uste dut, hezkuntza dela gizartea aldatzeko erroa. Hezkuntza ez dago soilik liburuetan, eskoletan edo instituzioetan. Egunerokotasunean hezten gara. Eta musikak ere badu hezteko gaitasun hori, pentsatzen jartzen gaitu, barrenak mugitzen ditu. Zer idazten duzun eta nola idazten duzun garrantzitsua da», borobildu du.
Agenda bete-betea
2023ko urtarriletik ekainera arte, «21 kontzertu» beteko dituzte. «Oso pozik gaude kontzertuen kopuru eta aniztasunagatik» diote. Aipagarrienak, «Ipar Euskal Herrian, Uztaritzekoa», azpimarratu dute. Eremu «berria» dute, eta «txunditu» egin ditu bertako «desberdintasun kulturalak». «Izugarri gustatzen zaigu hainbeste ekitaldi desberdinetan parte hartzea, herri edo auzo desberdinetako jaietan, gune autogestionatuetan, jardunaldi feministetan…».
Beste oholtza asko geratzen zaizkie oraindik, izan ere, uztailetik irailera, beste 25 kontzertu inguru dituzte. Izaten ari diren harreragatik «ilusioz beterik gaude eta erritmo horretan jarraitzeko gogoz gaude». EHZ jaialdiaz gain, Iruñeko sanferminetan eta Donostiako Aste Nagusiko Piratetan izango dira, besteak beste. «Aurten ez dago aitzakiarik, aukera mordoa izango dira Alarma Morearekin dantzan eta parrandan aritzeko», luzatu dute gonbita.
Alarma Morearen abestien artean zein aukeratuko zenuke?
Ainhoa Plagaro, gitarra eta ahotsa:
«Sentimenduak askatzeko idatzi nuen ‘Udaberrian’»
Udaberrian konposatu nuenean emozionalki ‘on fire’ nengoen. Idaztean, sentimenduak askatzen ditut eta mila abesti ditut kajoi batean gordeta, batzuetan ez ditut gehiago abesten, beste batzuetan berriz, aurrerago berrikusten ditut… Abesti hau, 2019an konposatu nuen eta ingurukoei bidali nien nire sentimendu eta emozioak partekatzeko, eta gitarra eskuan nuen bakoitzean abesteko eskatzen zidaten. Azkenean, taldera ekarri eta gero 2021ean kaleratu genuen.
Amets Albisu, perkusioa eta dantzak:
«‘Errunba’-k orainari lekua egiten laguntzen digu»
Errunba. Duela 5 urte hasi nintzen runba musika gehiago ezagutzen, eta niretzat benetan garrantzitsua bilakatu da. Uste dut, runbaren erritmo eta doinuek botere handia dutela bizitza erlatibizatzen laguntzeko, gorputzak dantzan jartzeko eta arimak askatzeko, eta hori da, hain zuzen, kanta honek transmititzen duena. Orainari bere lekua egiten laguntzen digu, gure bizitzak bizitzeko. Kontzeptu sinpleak edo ohikoak erabiltzen ditu, baina modu boteretsuan.
Uxue Plagaro, perkusioa eta ahotsa:
«‘Azala’ da, gure burua errespetatzen ikasteko»
Azala abestia Alarma Morearen aldarrikapenen isla da. Musika oso lagungarria da emozioak edo bizipenak sendatzeko eta abesti hau emakume askok gure gorputzarekin dugun harremanaren adibide argia da. Gure burua errespetatzen eta maitatzen ikasteari buruz hitz egiten du, finean, gure iritzia da gehien inporta behar diguna gure buruarekin eroso sentitzeko. Oso mezu indartsua da, eta uste dut, oso garrantzitsua dela horri buruz modu publikoan hitz egitea.