Ekintzen memoria eta balantze ekonomikoa onartzeaz gain, etorkizuneko proiektu nagusiak izan ditu hizpide Goierri Valleyk batzar orokorrean. Zuzendaritza ere berritu dute.
Pandemiaren ondoren egoera hobetzen hasi dela eta fakturazio datuak onak izan direla. Hori da Goierri Valley Elkarteak ekainaren 16an Goierriko Berrikuntza Guneko NBF eraikinean egin zuen urteko ohiko batzarrean emandako datuetako bat. Eskari zorroari dagokionez «urte ona» izan da 2022a enpresentzat, baina lehengaien eta energiaren prezioetan jaitsierak egon diren arren, prezio guztiak ez dira proportzioan txikitu, eta horrek «zailtasunak» ekarri ditu marjinetan. «Horrek guztiak lan gehiago eta errentagarritasun gutxiago ekarri du».
Bazkideetako asko digitalizazio prozesuetan murgilduta ere ibili dira. «Karga handiko proiektuak dira, baina datu bilketa onak egiteko eta erabaki estrategikoak hartzeko gakoa direla diote enpresek». Digitalizazioa eta adimen artifiziala denen ahotan dagoen garai honetan, Luis Moreno aditua gonbidatu zuen elkarteak, eta hark, adimen artifizialak gizartean izango duen eraginaz, lan paradigmaren aldaketaz eta beste hainbat gaiz hausnartu zuen.
Bost proiektu nagusi 2022an
Bost izan dira Goierri Valleyk 2022an zehar garatu dituen proiektuak. Maurizio Uharteetako ospitale modularraren proiektua gauzatu eta gero, Aycos Healthcare start up-arekin jarraitu du elkarlanean. Organizaciones Ágiles proiektuan ere murgildu da, elkarteko bazkideei «erakunde arin eta malguak sortzeko» tresnak eskaintzeko. Hirugarrena, HUB 4.0 Laborategia izan da. «Eraldaketa digitalarekin bat egin nahi duten enpresa txiki eta ertainei irekitako gunea da, 4.0 Industriaren teknologiak ezagutu eta txerta ditzaten». Ongizatea Enpresan proiektua ere jorratu da, enpresa batzuen ongizate maila neurtuz eta hobetu beharreko arloetan tresnak eskainiz. Bosgarrena Maila Anitzeko Mahaien sorrera izan da. Hidrogeno eta Komunikazio mahaiak jarri ditu martxan elkarteak.
Datu bat ere nabarmendu zuen elkarteak 2022ko aurrekontuen exekuzioa onartzearekin batera: «Ekitaldi horretan bazkideen artean egindako euro bateko ekarpenarekin, elkarteak 6,09 euro kudeatu ditu. Hortaz, baiezta daiteke elkartearen jardunak eragin biderkatzailea duela».
Erronka eta zuzendaritza berriak
2025. urteari begirako estrategia berria ere landu du elkarteak, bisioa berrituz. «Kanpora ireki eta hazi egin nahi» du Goierri Valleyk, bazkide ez diren enpresei proiektu eta ekintza zehatzetan parte hartzeko aukera emanez. Kanpo erronketan, ETE Enpresa Txiki eta Ertainen ahalduntzean sakondu nahi du, eta barrukoetan, aurrez aipatutako proiektuekin jarraitu.
Zuzendaritza berriak egin beharko die aurre erronka horiei. Elkartearen barne araudiaren arabera, Zuzendaritza batzordea eta komitekide erdien berrikuntzak onartu dira. HINEk hartu dio GHri presidentziaren lekukoa, eta Geolan, GAME SA eta AMPO ere sartu dira zuzendaritza berrian.
GHko Josean Guerrak pandemia betean hartu zuen lehendakaritza, eta biltzeko eta lankidetzarako «nahiko mugatuta» egon arren, «oso positibotzat» jo du hiru urtetako bilakaera. «Batez ere, inguruko enpresekiko harremana eta hurbiltasun horren bidez lortzen duzun ikaskuntza aipatuko nituzke». Lehendakari izateak elkartea lantzen ari den proiektu guztiak hurbiletik ezagutzeko aukera eman dio, batez ere ETEei bideratuak.
Guerraren esanetan, ETEak ixten ari dira bazkideak erretiroa hartzen ari direlako, eta horrek eskualdeko «industria-ehuna hondatzea» eragin dezake. «Uste dut oso modu aktiboan lan egin behar dela bi zentzutan: bat, pertsonan erreleboa ziurtatuz, eta bi, ETEn kopurua handituz. Bigarren horretan eragiteko gaitasuna du elkarteak, ETEak indartzen eta eskualdearen etorkizuna hobeto bermatzen laguntzen».
Zuzendaritzan bi urte daramatzan HINEko Mikel Arrizabalaga da elkarteko lehendakari berria. «Ilusioz eta gogo handiz» hartu du kargu berria. «Orain arte egindako lanari jarraipena ematea da asmoa eta hori kontsolidatu ondoren bide berriak irekitzen saiatuko gara. Enpresa berriak elkartzea eta gaudenon parte hartzea bultzatzea oso garrantzitsua dela pentsatzen dut».
Goierri Valley 70 enpresak baino gehiagok osatzen dute 2023an, eta elkarteak egindako bidea «guztiz positiboa» dela uste du. «Elkarteko bazkideen arteko kooperazioa bultzatzen du elkarteak, eta enpresa askok beren kabuz egin ezin dituzten ekintzak eta proiektuak ahalbidetzen ditu». HINEri begira ere egin dio ekarpenik elkarteak: «Enpresa foro ezberdinetan eta aurkezpenetan parte hartzeko aukera emango digu, baita errentagarritasuna helburu duten proiektu zehatzetan egoteko ere». Arrizabalagak elkartean ez dauden enpresei parte hartzeko dei egin die, «ez bakarrik bazkide bezala, baizik eta edozein proiektu zehatzetan».
ETEen ordezkaritzan ere aldaketa
Ormaiztegiko CEGi enpresako Jesus Palacios izan da ekainera arte ETEen ordezkari Goierri Valleyn. «Oso-oso positiboak izan dira zuzendaritzan egondako urteak, bai enpresarentzat bai niretzat. Esperientzia osoa aberasgarria izan da, batez ere egin den lanarengatik». Haren ustez, ETEek «pisu egokia» dute elkartean, eta «ahalegin handia» egin dute entzunak izateko. «Goierri Valleyn egiten den lana ETEon onerako da, zentzu guztietan. Goierriko ETEek hausnarketa egin beharko genuke elkartearen funtsaz: Elkarrekin urrunago. Potentzialitate handia du, eta elkartea garatzearen aldeko urratsak egin beharko genituzke».
Olaberriko GAME SAko Mari Jose Bidaurretak hartu du haren lekua. «Ilusioz, arduraz eta gogoz hartu dut ordezkaritza, eskualdean eta enpresa komunitatean eragiteko konpromiso irmoarekin». Haren helburu nagusiena ETEen garapenaren alde lan egitea izango dela dio, elkartea osatzen duten enpresa guztien artean ezagutza eta berrikuntza partekatuz. Elkarteko kide izateak GAME SAri baliabideak eta onurak ekarri dizkiola nabarmendu du.