Ordizian jaio zen Jose Sarriegi 1911n. Herriko Arte eta Ofizio eskolan hasi zituen arte ikasketak. Aszensio Martiarena ere izan zuen maisu. 1930ean gurasoek Goenkalen zuten etxeko terraza estudio moduan prestatu eta eztabaidagune bilakatu zen «gerraurreko belaunaldia» bezala ezagutu zen taldeko kideentzako. Sarriegirekin batera, gerraurreko abangoardiako izen garrantzitsuenak, Oteiza, Lekuona eta Balentziaga adiskide eta artistak elkartzen ziren. Goenkaleko estudioan eta Cafe Comercio, Sarriegiren familiaren kafetegian eztabaidatu ziren euskal artea berrituko zuten oinarriak. Beste ordiziar batekin, Joseba Rezolarekin ere aritzen ziren askotan Euzko Pizkundeaz eta EAJren «artearekiko balentria ezaz». Ziur asko, Rezolaren eskutik 1934an Madrilen Jose Antonio Agirrerekin izan zuten guzti horretaz hizketaldi bat Sarriegik, Oteizak eta Lekuonak. Lehendakaria izango zenak harrera eskuzabal eta itxaropentsua egin omen zien, baina gerrak eten zituen bi urte geroago berritzeko proiektu guztiak.
Sarriegi artearen azken joeren ezagutzaile eta bultzatzaile bazen ere, bere lanean ez zen erabat abangoardiarekin lotu, bere kideak ez bezala; Artetaren edo Zuloagaren eraginak tartekatzen zituen errealismo berriarekin edo surrealismo apur batekin.
Ordizian egin zuen 1932an lehen erakusketa Arte Industrial izenpean Lekuona, Quilez eta Zurutuza ordiziarrekin batera. 1931n Artistas noveles izeneko lehiaketan mila pezetako sari bat lortu zuen. 1935ean 230 pezetako laguntza eman bazioten ere, sekulako iskanbila sortu zuen Lekuonaren koadroak erakusketatik kenduz, azken hau sari gabe utzi zutelako.
Amaiur gudalosteko tenientea
EAJko kidea zenez, Amaiur gudalostean sartu zen, eta teniente izatera iritsi zen. Horrek espetxera eraman zuen eta Joseba Rezolarekin batera heriotzera ere kondenatua izan zen. Epaia ez zen bete eta bost urte eta erdi El Dueso, Larrinaga eta Burgoseko espetxeetan eman ondoren libre utzi zuten. Burgosko kaperan, fresko batzuk enkargatu zizkioten bertako mojek preso zegoela. Bitartean, Ordizian frankistek Sarriegiren estudioa hustu eta bere lan guztia plazan jendaurrean erre zuten.
1949an eta kartzelaldiaren ondoren erretratu zein muralak enkarguz egiten jarraitu zuen, Basauriko elizaren kupula edo Bilboko zenbait fabrika eta kafetegietan, besteak beste. Hamar urte geroago Arantzazuko basilikaren berriztatze proiekturako basilikaren berriztatze proiekturako absidea apaintzeko muralen proiektua aurkeztu zuen. Baina Arantzazuko abanguardia proiektu aurrerakoian ez nuen tokirik eduki.
1967aren urriaren 12an tronbosiak eman eta hil zen, margotzen ari zela.