Ateak Ireki egitasmoari esker, Goierriko 37 familiak Amerikako Estatu Batuetako euskal komunitateko 37 gazte hartu dituzte euren etxeetan, 1970eko hamarkadan bizi izandako esperientzia emankor hura abiapuntu hartuta. Zubiak eraiki nahi dituzte diasporako eta Euskal Herriko gazteen eta familien artean.
Urte gutxi barru estrategikoak izan daitezkeen komunikazio eta harremanak sortu eta sendotzea» da Ateak Ireki egitasmoaren helburu nagusia. Batzen, Nabo eta Goiekik bultzatuta, AEB Amerikako Estatu Batuetako Euskal Komunitateko 16-21 urte arteko 37 gazte Goierrin dira ekainaren 25az geroztik. Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskara ikasi, eta euskal kultura eta ohiturak bertatik bertara jasoko dituzte hiru astean. Ostatua Goierriko familien etxeetan hartuko dute denbora horretan. Batez ere, familietako gazteekin harremanak estutu nahi dituzte, «etorkizunean euskal komunitatearen aktibo izan daitezen». Horretarako, Goierri eta Euskal Herria ezagutzeko egunez eguneko egitarau zabala ere prestatu du Ateak Ireki egitasmoak.
1970eko hamarkadan Oñatin bizi izandako esperientzia hark utzitako hazia erein nahi dute berriro. Orduan Boisetik etorritako euskal komunitateko gazteak, diasporako eragileak izan baitira urteotan guztiotan. «Zortzi milioi pertsona baino gehiagok osatzen dugu Euskal Komunitatea. Guztion indarra, grina, jakituria eta poz taupada aktibatuko bagenitu… Zer egiteko gai izan gintezke lana elkarrekin egitea guztiok bultzatzen badugu?», hausnartu du Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika berriak.
Egunez eguneko jarduerak
Norabide horretan, hiru asteko programa antolatu diete gazteei. Euskara eskolak jasotzearekin batera, euskal kultura eta Euskal Herria ezagutzeko egunez eguneko plagintza ari dira aurrera eramaten gazteak, Lazkaoko Maizpide barnetegia topagune nagusia dutela. AEBetako gazteak eta Goierriko familiak ezinbestekoak izan dira Ateak Ireki proiektua aurrera eramateko.
Goierrira etorri diren gazteetako bi, Sam Walker (Kaliforniakoa, 24 urte) eta Kali Kester (Nevadakoa, 26 urte) dira. Ordiziako familia banatan daude. Orain arteko esperientziaz galdetuta, erantzuna garbia eta indartsua izan da: «Oso ondo!». «Euskal Herria asko gustatzen zaigu. Familiak ere oso ondo. Ezagutu dudan pertsona bakoitza uauh! da. Oso atseginak, eta euskaldunak izateaz oso harro daudenak».
Markinakoa
Bi gazteak, amaren aldeko birramonaren sustraien bila etorri dira. Kesterren birramona Markinakoa (Bizkaia) zen eta badu harremana Euskal Herriko familiarekin eta euskal kulturarekin. «Nire sustraiekin konektatzera etorri naiz, eta euskara ikastera. Zubiak eraikitzen ere lagundu nahi dut, AEBetako eta hemengo kulturen artean. Euskal kultura nire bizitzaren parte izan da. 3 urte nituenean euskal dantzak ikasten hasi nintzen eta nire bizitzan identitate garrantzitsua izan da».
Markinan egonda dago Kester eta bertako familiarekin badu harremana. «Donostian urtebete egin nuen eta nire amarekin eta izebarekin joan nintzen Markinara. Aurten, abuztuan Iparraldeko Donejakue bidea egingo dut eta Markinatik pasatuko naiz». Kesterren birramonaren historiari buruzko liburu bat idatzia dago ingelesez. «Donostian egon nintzenean, Itzulpen eskolan, neska batek nire birramonaren historia idatzi zuen; ingelesetik gaztelerara itzultzen ari gara».
Urepeleko Etxemendikoa
Walkerren kasua bestelako da: ez du harremanik izan Urepeleko (Nafarroa Beherea) familiarekin eta euskal kulturarekin. «Nik hona etorri nahi nuen, euskaldun-iparramerikarrontzat gure arbasoen hizkuntza, euskara ikastea, oso garrantzitsua delako. Nire kasuan, nire birramona AEBetara gerratik bi urtera joan zen Urepeldik, horregatik nire familiako inork ez du euskaraz hitz egiten, ezta gazteleraz eta frantsesez ere».
Walkerrek «bidaia» gaztelerarekin hastea erabaki zuen, 14 bat urterekin, gero euskara ikasteko helburuarekin. «Orduan ez nekien euskara ingelesez ikasteko aukerarik zegoenik. Gazteleratik eta frantsesetik banekien aukera bazegoela. Beraz, gaztelera eta frantsesa ikasten hasi nintzen, beti, euskara ikastea helburu jarrita, nire arbasoen sustraiekin bat egiteko».
Euskal Herria txikia dela esan ohi da, eta Walkerren kasuan ere horrela izan da: «Goierriko nire familiako aitak Berria egunkarian lan egiten du, eta praktikatan ari den Xalbat Urepelekoa da. Nire euskal aitak galdetu zion ea Etxemendi ezagutzen zuen. Kasualitatez, gazte hori Etxemendi baserrian bizi da. Ikusi dugu, Xalbat eta biok lehengusuak garela. Bere birramonaren ahizpa Graxiana zen nire birramona. Oilo ipurdia jartzen zait». Urepelera joatekoa da.
Walkerrek aitortu duenez, «amets bat da euskara hitz egiten den toki batean esnatzea. Toki hori aurkitu dut hemen. AEBetan badakigu euskaldun gehienak elebidunak direla, baina ez genekien kaleetan euskara hitz egiten denik. Uauh! da».
Uztailaren 16tik aurrera
Uztailaren 16ra arteko programa da Ateak Ireki. Walker AEBetara joango da, baina argi du, itzuliko dela. «Nire neskalagunak Hawaira bidaia antolatuta daukalako, bestela hemen geldituko nintzateke gustura, euskara ikasteko. Baina itzultzeko asmoa daukat eta Maizpiden jarraitu». Izan ere, euskara ikasi nahi du Walkerrek, «gero beste iparramerikar batzuei erakusteko, nik bezala, udalekuetara joateko aukera izan ez dutenei. Ni beste euskaldunengatik aparte bizi izan naiz. Ez dut esan nahi gure kultura galdu genuenik, pixka bat bai. Gure kultura eta hizkuntza berreskuratu, mantendu eta besteei erakutsi nahi diet».
Kesterrek antzeko asmoa du. «Irakaslea naiz eta euskara gehiago ikasteko gogoa daukat eta online eskolak eman. Horregatik, itzultzeko gogoa daukat eta euskara ikasten jarraitu. Ez dago euskara eskola aukera handiegirik AEBetan. Baliabideak eman nahi dizkiet». Euskara beraien bizitzaren parte izatea nahi dute, eta hurrengo elkarrizketa euskaraz egiteko erronkari baiezkoa erantzun diote. «Gure parte izatea nahi dugu euskara eta euskal kultura. Asko gustatzen zaigu gramatika, eta batez ere euskara. Hizkuntza desberdinak ikasteko aukera izan dut eta euskara bezalakorik ez dago. Niretzako munduko hizkuntzarik politena da. Bere gramatika ere oso interesgarria, asko daukagu ikasteko», nabarmendu du Walkerrek.
Irakasleak ere gustura
Lazkaoko Maizpide barnetegian ohituta daude Euskal Herritik kanpoko ikasleak hartzen. Amaia Zeberio irakaslearen esanetan, «guretzat ez da lehenengo aldia talde mailan beste herrialde batzuetakoekin dugun abentura edo esperientzia. Egia esan, denak hain gazteak izanagatik, oso jarrera onarekin etorri dira. Ikasteko gogo handiarekin. Guretzat egia esan, oso-oso erraza izaten ari da dena. Jarrera ona dutelako, bai txango bat egiten dugunean, klasean… ikasteko ikaragarrizko gogoa ekarri dute. Beraz, guretzat esperientzia zoragarria izaten ari da».
Goierriko familientzat esperientzia «aberasgarria» izaten ari da
Goierriko ekitaldietan eta jaietan AEBetako gazteak ikustea ohikoa da egunotan, Goierriko gazteekin batera. Goierrin harrera egin dieten familien artean ere giro berezia sortu da eta AEBetako gazteen aitzakian plan ugari egiten ari dira. Argazkian, Frantziako Tourra ikusteko Beasaingo familiek era inprobisatuan antolatutako plana ikus daiteke. Aritz Urienek azaldu bezala, «plana momentu batetik bestera atera zen. Gazteek bezperan parranda egin zuten eta berandu jaiki ziren, eta ez zigun astirik ematen Aztirira edo joateko. Ti-ta batean Tourmaleten jartzen diren bezalako mahai inguru bat muntatu genuen etxe azpian. Ikurrinekin-eta oso giro polita izan genuen».
Egun «mugitu» samarrak badituzte ere, «oso gustura» daude AEBko gazteei etxeko ateak irekitzeko hartutako erabakiarekin. «Hor gabiltza gelditu ere egin gabe, batetik bestera, festa giroan. Giro ona sortzen da eta ondo». Ateak Ireki egitasmoaren berri izan zutenean, «zergatik ez, goazen etxeko ateak irekitzera», pentsatu zuten etxean. «Bestela ere gazteak elkartrukeak-eta egiten dituzte. Egia esan, gazteei pixka bat kostatu zitzaien, beraien erosotasun puntu horretatik ateratzea baita. Baina lotura sentimental bat ere badago, diasporatik beraien arbasoen herrira etorri nahi dutenei aukera ematea ondo dago. Guretzat ere aberasgarria da. Normalean egiten ez ditugun gauzak egiten ere ari gara. Alde horretatik, mugitua doa, baina aldi berean gustura ari gara. Nahiko erraz doa. Egia esan beraiek egun osoan ekintzak dituzte eta nahiko nekatuta etortzen dira».
Kaliforniako Keila gaztea dago Uriendarren etxean. «Bi aitatxiak eta amatxiak, euskaldunak ditu. Esan digunez, Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Nafarroakoak dira bere arbasoak. Euskal Etxean oso integratuta dago bera. Euskal dantzak ere badakizki, aitak ere hemengo txaranga estiloko batean jotzen du… ikusten da euskal sentimendua badaukatela eta bilatzen dutela elkartzea beraien artean. Hemengo familiarekin ere badu harremana».
Euskararik ez du gorde Keilak. «Bere amak poliki hitz egiten du euskaraz. Etorri aurretik bideo dei batean elkartu ginen eta gurasoak ere egon ziren. Amak poliki hitz egiten zuen, aitak galduta dauka. Keilari ez zaio iritsi; hitz asko egiten ditu, baina elkarrizketarako ez da gai».
Uztailaren 17an agurtuko dituzte familiako kide berriak. «Agurtuko ditugu, baina ez dakigu gero arte bat izango den. Azkenean, esan digute Ateak Ireki agian urtero antolatuko dutela. Azkenean giro polita sortu da. Agurtuko ditugu, baina orain arteko giroan badoa, pena handiz, eta agian beste urteren baterako ere ateak irekitzeko desiratzen».
Etorkizunak zer emango duen ikusteko dagoela dio Urienek. «Guk ez dugu etorkizunean zer emango duenaren esperantzarekin egiten. Orain ematen diguna emanda, eta gerokoa ikusiko da».
Angel Oiarbide, Ateak Ireki: Hau hasi besterik ez da egin
Aurreikusten genuen familien eta Goierrira etorritako gazteen artean harreman onak sortzeko aukera paregabea zegoela. Baina aurreikuspen guztiak gainditu dira. Familien eta gazteen artean sortu den harremana are eta handiagoa da. Elkar agurtzea kosta behar zaigu.
Nahiz eta elkar ez ezagutu, nabaria da euskal komunitateko kideon artean ikusten ez ditugun hari batzuk baditugula, pixka bat arakatuz gero, magia eta konexio bereziak sortzen dituena. Euskal komunitatearen arteko zubiak eraikitzeko nahia badago.
Dudarik ez dago, Ateak Ireki programak joko handia emango digula, bai norbanako bezala, bai familia bezala, bai eskualde bezala eta bai Euskal Herri eta euskal komunitate bezala. Tekla klabe batzuk ukitu ditugu, oso ezkutuan geneuzkanak, eta egunotan sentitzen ari gara ematen ari den eta emango dituen emaitzak oso handiak izango direla.
Zalantzarik ez dugu egiten. Bigarren Ateak Ireki ere izango da. Programa hau ez da urte beterako, Ateak Ireki euskal komunitate mailako programa bat da, etorkizunari begira estrategikoa da, fruitu handiak emango dituena. Goierri bihurtu nahi dugu gure euskal komunitatea konektatzeko oinarrizko kanpamendu, sortuko diren zubi guztiak arakatzeko toki.
Beraz, hau hasi besterik ez da egin. Bidean ikusiko gara, ateak irekitzen.
Mikaela Goikoetxea, Ateak Irekiko begiralea: Euskal Diaspora
Euskal Diasporari buruz pentsatuz gero, zer etortzen zaigu burura? Agian festak, migrazioa, edota turismoarekin lotzen dugu. Baina gaur egun, lehengo belaunaldietatik aterata, nolako lotura izan nahiko genuke Euskal Herriko jendeak eta Euskal Diasporakook gure artean?
Hori da Ateak Ireki programaren atzean dagoen galdera nagusietako bat. Hiru aste hauetan Estatu Batuetako 37 gazte Euskal Herrian ibiliko dira. Euskara klaseak jasotzen ari dira, Euskal Herria ezagutzeko hainbat txango egingo dituzte, eta Goierriko familiekin bizi dira. Ni neu Euskal Herrian bizi naiz orain, baina euskal amerikarra naizen aldetik, programari aukera paregabea deritzot, gazte horientzat nahiz bertako jendearentzat.
Alde batetik, askotan diasporako komunitatea euskal folklorean oinarrituta egoten da, eta hori argi ikusten da hango euskal festetan. Gazteek dantzak, aspaldiko abestiak eta historia ikasten dituzte. Aspaldiko ohiturei eutsi nahi diegu, eta horrek bultzatzen du euskal kultura, AEBetan behintzat.
Bestetik, ordea, aspaldiko ohiturak eta lehengo belaunaldiko istorioak ezagutu arren, askotan gazteek ez dituzte egungo Euskal Herria eta bertako berrikuntzak ezagutzen. Orain, gero eta euskaldun gutxiago migratzen ari direnez, AEBko gazte askok ez daukate lotura handirik, eta egungo Euskal Herria ez da lehen bezain eskuragarria.
Esanak esan, guztiok ikas dezakegu programa honen bidez. Garrantzia eman behar diogu haiek Euskal Herria ezagutzeari, noski, baina aldi berean ez dezagun ahaztu zerbait badagoela elkarrengandik ikastekorik. Horrela, euskal kulturak jarraituko du etorkizunean, bai Euskal Herrian bertan, eta bai euskal diasporako komunitatean.