Josu Maroto (Urretxu, 1975) arkitektoak Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiten du. Ondarearen zainketaz arduratzen da. 2018an erortzeko zorian egon zen Debako zubiaren konponketa zuzendu du. Lan horrek Europa mailako sari bat jaso du. Sari banaketa Venezian egingo da, irailean, eta Maroto bertan izango da.
Umetatik al zenuen argi arkitekto izan nahi zenuela?
Ez. Arkitekto bat zer zen ere ez nekien. Marraztea gustatzen zitzaidan. Marrazketarekin erlazionatutako zerbait ikasi nahi nuen eta oso nota onak nituen. Aitak probetxuzko zerbait ikasteko esan zidan eta Arkitektura ikastea erabaki nuen. Marrazteko eta sorkuntza lantzeko aukera izango nuela uste nuen, baina ez da hainbesterako. Dena den, gustura nago. Nire ogibidea da eta nire alde artistikoa beste era batera lantzen dut. Hala ere, gaur egun ez dakit Arkitektura ikasiko nukeen. Izan ere, egun aukera gehiago daude marraztea gustatzen zaion gazte batentzat. Bideo-jokoen munduan, adibidez.
Marrazketa umetatik gustatzen zaizu, beraz.
Bai. Nire aitak ere marrazten du. Etxean ikusi nuen eta nire mundua garatzeko eta sortzeko eta espresatzeko modu bat izan da. Ikastaro askotara joan naiz, baina nahiko autodidakta izan naiz. Ez dut irakasle finko bat izan. Eli Mendiarekin, Begoña Idiakezekin, Koldo Cadiernorekin, Manu Muniategiandikoetxearekin… aritu naiz. Askotan, haur bakarra nintzen. Ez diot sekula marrazteari utzi: karikaturak, akuarela… Nire lanean ez dut espero bezainbeste marrazten, baina marrazketa ezinbesteko erreminta da: pentsatzeko, proiektuak egiteko…
Nondik nora ibili zara lanean?
Karrera 1993an hasi nuen eta 2000. urtean bukatu. Seigarren urtea Herbehereetan eman nuen eta zazpigarrenean proiektua egin nuen. Karrera bukatu eta berehala lana aurkitu nuen, Donostiako arkitektura estudio batean. Garai hartan lan asko zegoen. Lau urte eman nituen bertan. Ondoren, Zumarragara etorri nintzen. Zelai Arizti kultur etxeko proiektua martxan zegoen eta alkateari proiektuari buruz galdetu nion. Lan egun erdia eskaini zidaten, Ignacio Quemada arkitektoak laguntza behar zuelako. Quemada oso ona da eta lan bikaina egin zuen. Ordutik, administrazioan lan egin dut. Zumarragako Udalean lau urte eman nituen eta horietako bitan Urretxuko Udalarentzat ere lan egin nuen. Garai hartakoa da Areizaga-Kalebarren plazako Erreka eszenatokia. 2008an eszedentzian zegoen arkitektoa itzuli egin zen eta kalean gelditu nintzen. Ermuan hasi behar nintzen lanean, baina egun berean aldunditik deitu zidaten. 2006an oposizio bat egin ondoren lan poltsan nengoen eta Kultur Ondarea zerbitzuan lan egiteko deitu zidaten.
Zer lan egiten duzu aldundian?
Jose Luis Biteri legazpiarraren ordez hasi nintzen. Egun, bi arkitekto, aparejadore bat, arkeologo bat, zerbitzu burua eta idazkaria gaude Kultur Ondarea sailean. Eusko Jaurlaritzak zehazten du zer eraikin babestu behar diren eta gu eraikin horiek babesteaz arduratzen gara. Babestutako eraikinetan obrak egiteko, aldundiaren baimena behar da.
Gure ondarea ondo zaintzen al dugu?
Ez. Denoi asko gustatzen zaizkigu Iparraldeko herriak, baina etxean ez dugu halakorik nahi. Arautegiak isolamenduak eta halakoak eskatzen ditu eta eraikin zahar bati ezin zaizkio halakoak eskatu. Ingurumenaren izenean, nahiago dugu eraikin zaharrak bota eta berriak egin. Nire ustez, hori ez da jasangarria. Jasangarriagoa da dagoeneko eginak daudenak erabiltzea. Agian berogailua gehiago jarri beharko da, baina zaharra botatzeko eta berria egiteko gastatu dituzten baliabide guztiak? Eraikin berriak erosoagoak dira, baina zaharrek herriei izaera ematen diote. Gainera, ez dakit eraikin berri asko ondare bezala hartu ahal izango diren etorkizunean. Sortzea eraikin berriak eta handiak egitea dela iruditzen zaigu, baina ondarea mantentzeko egin beharrekoa ere sorkuntza da. Behar den guztia egin behar da, baina ahalik eta gutxien.
Debako zubia ez da galdu behintzat.
2018ko uztailaren 5ean Debako zubiaren oinarrietako batek behera egin zuela eta plataforma guztiz deformatua gelditu zela esateko deitu ziguten. Ez genekien eutsiko zion ala ez. Zubi horrek Eusko Jaurlaritzaren babes maila handiena du. Aldundiak esku hartu behar izan zuen, Debako eta Mutrikuko udalek horretarako baliabiderik ez zutelako eta obra zailtasun handikoa zelako. Lau urteko lana izan da. Ez da batere erraza izan: errekaren gainean, gangak erortzen baziren berreskuratzea oso zaila izango zen… Baina oso proiektu polita izan da. Bi ingeniaritza enpresekin lan egin dugu eta astero joan gara bertara lanak nola doazen ikustera. XXI. mendean, harrizko zubi bat eraikitzea ez da batere arrunta: 1.400 harri kendu, zenbakitu eta berriz jarri. Gainera, egitura handi bat muntatu behar izan genuen: bi gangak ez erortzeko eta bizilagunak alde batetik bestera pasa ahal izateko. Egitura kendu genuen unea, magikoa izan zen. Lan didaktikoa egiten ere saiatu gara, jendea ondarearen inguruan kontzientziatzeko. Deban, Sasiolako komentuko bobeden berreraikitzean ere lan egin nuen. Legazpin, berriz, Patrizio Etxeberriaren etxean.
Zubiarekin sari bat lortu duzue.
Europa Nostra saria lortu dugu. Ondareari dagokionez, Europako sari garrantzitsuena da.