Iritsi da Ehunmilak lasterketa. Beasaindik atera eta Goierriko zenbait mendi igarotzen dituzten hiru lasterketa, Ehunmilak, 168 km-koa; Goierriko 2 Handiak, 88 km-koa, eta aurten 7.edizioa duen Mari Murumendi Maratoia. Eskualdean eragin handia duten lasterketak dira, eta hainbat eta hainbat gazte atera ohi dira lasterketa horietan, batez ere aipatutako azken bietan. Horrez gain, boluntario gazte ugari izan ohi dira baita ere, lanerako prest. Aurten ez da izango Goierriko gazterik Ehunmilak lasterketan, baina beste bietan hainbat izango dira.
Goierri 2 Handiak
G2h edo bere izen osoa Goierriko 2 Handiak duen 88Km-ko lasterketa. Lasterketa horretan Txindoki eta Aizkorri dira puntu altuenak, biak ala biak Goierriko tontor ezagunenak. Beasaingo Plaza du abiapuntu lasterketak eta gaueko 23:00etan abiatuko da bertatik, linterna argiz eta txaloz betez Beasaingo kaleak. Bertatik Zaldibiara joango dira, Larraiztik pasa eta Txindokirantz abiatzeko. Bertatik, Lizarraustira jaisten dira korrikalariak eta Etzegaratetik pasatuz Aizkorrirantz joaten dira, ondoren Mutiloa aldetik igaro eta Beasaingo Plazan amaitzeko.
Lasterketa honetan gazte goierritar batzuek parte hartuko dute: Manex Urien, Mikel Insausti, Koldo Galarreta, Martin Cebrian eta Oskar Rodriguez, kasu. Azken horren kasuan, Oskar Rodriguez (Beasain, 1996) aurten bigarren urtea du lasterketa horretan parte hartzen duena. Iazko lanarekin «gustura» geratu zela dio eta aurtengo helburua «iazkoa hobetzea» du, «izan sentsazio aldetik zein marka aldetik». Aurtengo prestakuntza guztia «horretara bideratu» duela adierazi du, «alderdi fisiko zein nutrizionaletik». Hala ere, argi dauka helburu nagusia «disfrutatzea» dela. Egindako prestakuntzarekin iazko denbora «3 ordu» jaisteko espektatibak dauzkala dio.
MariMurumendi
MariMurumendi Maratoian goierritar gazte ugari aterako dira, lasterketa motzagoa izanik beste biak baino eta ibilbide ederra izanik, asko izaten baitira bertan parte hartzera animatzen direnak. Horietako batzuk dira, adibidez, Maria Ezpeleta, Endika De Las Heras, Asier Sarriegi, Josune Aldanondo, Aitor Mujika, Nerea Iurrebaso, Enaitz Lasa eta Uxue Arrese.
Josune Aldanondo (Beasain, 2001) eta Uxue Arrese (Beasain, 2001) elkarrekin egitekoak dira lasterketa hori. Adierazi dutenaren arabera, lehen aldia da distantzia horretako lasterketa bat egiten dutena eta «gogotsu» daude. Lasterketa herrian izanik asteburu osoa «oso berezia da» haientzat eta nahiz eta «sufrituko» duten, lasterketaz «disfrutatzea» dute helburu.
Gazteen parte hartzea
Lasterketetan parte hartzeaz gain boluntario gisa ere zenbait gazte animatzen dira eta bestalde, aurten, Beasaingo Gazte Asanbladak auto juntadizoa egingo du G2H lasterketa ikustera Larraitzera joateko irteera ikusi ondoren. Izen ematea irekita dago gaur arratsaldera arte eta herriko gazteak lasterketa «elkarrekin ikustera» animatu nahi dituzte, «une polita» izaten baita hau harremanak egin eta elkarrekin «herriko gazteak animatzeko».