Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Hauteskundez hauteskunde gabiltzan honetan, hautesleak lehenengo sektorearekin zerikusia duen jardueraren batean ikustea ohikoa da. Gehienetan begirada baserritarren bozkan jarrita, lehen sektorearen beharrei erantzuteko politikak eta baliabideen berri emanez. Baserritar gajo eta gixaixoei laguntzeko egitasmoak. Lehenengo sektorearen beharrak nekazari eta abeltzainei bakarrik eragingo balie bezala.
Bada gure herriaren etorkizunarekin erabat lotuta dagoen lehenengo sektoreari begiratzeko beste ikuspegi bat. Jendarte osoari eragiten dion ikuspegia. Herritarron elikadura osasungarrirako eskubidea eta aukerak baldintzatzen dituena; baliabide naturalen kudeaketarekin lotutakoa (berez ez du zertan ona izan), ekonomia zirkularra eta lurralde antolaketa bideragarria; justizia soziala (gure muga barruko zein kanpoko herritarrekikoa) eta lan baldintzen duintasuna; elikadura burujabetzaren ikuspegia.
Gipuzkoako Foru Aldundiko eraketan departamentu berriak sortu dituzte. Horietako batek, Lurralde Oreka Berdea izena duenak, lehenengo sektorearen ardura izango du. Hamarkadetan zehar berdeak, ekologistak izan dira, baina tira. Gipuzkoako berde ilun kolorea eta azkeneko urteetan herrialdeko gobernu zentralizatuaren mesedetan, eskualdeek eta tokiko proiektuek galdu duten pisua etorri zaizkit gogora. Edo natura eta lurretik urrun dagoen eredu industrialari eta makro-proiektu erraldoiei bultzada instituzionala, edo ikuspegi urbanozentrista politika publiko gehienetan. Baita lehenengo sektoreko diru laguntzen banaketa desorekatua ere, non gero eta pertsona gutxiagoen artean banatzen diren baliabideak.
Azkeneko hamarkadetan, jakina denez, nekazaritzako lanpostu asko galdu dira eta elikagaiak ekoizteko gaitasuna jaitsi da gure lurraldean, indarrean dauden ustiategien tamaina batez beste handitu den arren. Testuinguru honetan, azkeneko urte hauetan lehengaien prezioak eta ekoizpen kostuak izugarri igotzen ari dira. Ondorioz, lehenengo sektorean birmoldaketa azeleratua ematen ari da eta ez dakigu (gehienok) joera honek zer bide hartuko duen, ez epe motzen zein luzean. Baina ingurumenean eta denon elikaduran izango du eragina.
Lurralde desoreka ezin da berdez zuritu, desoreka dakarten politikekin bukatzeko asmorik ez badago behintzat. Azkarreko garai hauetan, lehenengo sektoreko politiketan norabidea aldatzeko premia dago eta eskualdeetan zein sektorean dauden proiektu eta mugimendu koloretsuei heltzetik hasi daiteke.