Zuzenbide arloko lana utzi, «norbere burua eta besteena zaintzeari» lehentasuna eman eta Mimogoxo egitasmoa sortu du Eztizen Agirresarobek (Berrobi, 1991), Ezkioko Goienetxe baserrian. Sendabelarrekin zaintzarako, goxatzeko produktuak egiten ditu, mimo handiz.
Mimogoxo. Mimo eta goxo. Mimoz eta goxo egindako produktuak dira?
Alde batetik hori da. Eta beste alde batetik, iruditzen zait garrantzitsua dela ikusgarritasuna ematea, norbere burua zaintzeari eta besteak zaintzeari. Ni berez Zuzenbide mundutik nator, eta han zaintza gutxi dago; erabaki nuen bide hura ez zitzaidala gustatzen. Beti gustatu izan zaizkit sendabelarrak eta Ezkiora bizitzera etorri izanak [duela hamar urte] naturarekin gehiago lotu nau. Aurten Naturopatia ikasten hasi naiz eta eskolan ikusten ditugun gauza teoriko horiek praktikara eramateko beharra neukan. Izenari bueltaka, mimatzeko gauzak direnez, Mimogoxo aukeratu nuen. Goxatu behar pixka bat badaukagula uste dut.
Noiz hasi zinen Mimogoxorekin?
Duela urtebete bigarren eskuko azoka bat egin zen Ezkion, lehen aldiz. Garai hartan ukenduak etxerako egiten nituen eta pentsatu nuen ukendu batzuk azokan jartzea salgai. Lagun batek esan zidan zergatik ez nintzen santalutzitarako animatzen. Animatu egin nintzen.
Ze ukendurekin hasi zinen?
Erretrapuarekin, berbenarekin eta intxusarekin, oinarrizko horiekin. Pixkanaka gehiago sortzen hasi naiz, barietatea handitzen. Kakaoa ere sartu dut, olioak ere bai…
Inguruko landareak erabiltzen dituzu?
Bai. Gehienak inguruko sendabelarrak dira. Kantitateak direla eta, batzuk erosi beharra dauzkat. Olio esentzialak adibidez. Olio esentzial tanta bat sortzeko landare pila bat behar da eta nik oraingoz ez daukat sendabelar plantaziorik.
Urrutira joan gabe, beraz.
Izugarrizko aberastasuna daukagu hemen. Esaten da etxe inguruan jaiotzen direla etxe horretako pertsonek behar dituzten sendabelarrak. Komeni izaten da inguruan daukagunean arreta jartzea.
Zure etxe inguruan zer da ugariena?
Plantaina (llantena), asko dago.
Eztarrirako ona izaten da, ezta?
Bai. Eta egia da, katarro dezente izaten ditugula etxean, eta oso ondo etortzen zaigu jarabeak egiteko. Esaldiak egiatik badu orduan gure kasuan.
Ezkion badago sendabelarrekin eta aritzen denik?
Azokatan, gehienbat emakume helduak etortzen zaizkit esanez, beraien etxean beti erabili izan dutela halako ukendua. Duela gutxi, Ezkioko eskolan izan nintzen sendabelarrak biltzen eta ukenduak egiten, eta ume askok esan zidaten euren amonak egiten dituztela.
Saldu ahal izateko, araudi berezirik bete behar da?
Oztopo asko daude. Ni ari naiz saiatzen bide desberdinetatik ikusten ea zein den modua produktuak legezko baldintzak betetzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik esan didate araudia falta dela. Dagoen araudia Madrilgo Farmazeutikaren araudia dela, baina beraiek ikusten dute hori ez dela aplikagarria hemengo errealitatera. Horren faltan, kosmetikaren araudia dago. Eta horrek ere baldintza oso zorrotzak dauzka.
Non saltzen dituzu produktuak?
Azoketan, Instagramen, ahoz aho, enkarguz… Enkarguz lan egitea asko gustatzen zait. Nik egin dezaket hidratatzaile orokor bat, errezeta orokor batekin, adibidez adin zeinuentzat. Baina ez da berdina izango pertsona horrek azal lehorra badu, adin zeinua zein den, edo 20, 40 edo 60 urte izan. Pertsona bakoitza bakarra da. Asko gustatzen zait krema pertsonalizatuak egitea.
Ukenduetan, zer eskaintza daukazu?
Belar bakarrarekin egindako ukenduak, kalendularena (azal gorritu edo errearentzat, pardela daukaten umeentzat asko erabiltzen da) eta intxusarena (zauri gaiztotuentzat). Erretrapu ukenduak, hogei landaretik gora dauzka, denak ingurukoak. Azala berritzen du, goxatu, kolpeentzako… Botikineko oinarrizko ukendua da erretratapua, denerako balio du. Zirkulazioarentzako ere egiten dut nahasketa batekin.
Ezpainetarako kakaoa ere baduzu.
Bai. Goierriko argizaria erabiltzen dut kakaoa egiteko. Garrantzi handia ematen diot produktuen kalitateari. Nire landareetakoa ez bada, behintzat ekologikoa izan dadila. Bestalde, pausoak ematen ari naiz Itsasoko Aizpea Lasa diseinatzailearekin. Adibidez, lehen kakaoarentzat plastikozko ontzia erabiltzen nuen baina ez zitzaidan koherentea iruditzen. Laguntza eskatu nion eta berari esker, bilgarriak ere ildo horretakoak dira.
Olioez gain, xaboiak egiten dituzu, aurpegirako, gorputzerako eta ilerako.
Bai, xaboi eta xanpu solidoak. Buztinak erabiltzea gustatzen zait xaboietan; iman funtzioa betetzen du buztinak eta zikinkeria kanporatzen laguntzen dute.
Sokak dituzte xaboiek eta xanpuek.
Xaboi solidoak plater batean uzten baldin baditugu, desegin egiten dira eta galdu egiten da. Produktua aprobetxatze aldera soka jarri diegu, zintzilikatzeko. Horrela lehortu egiten dira eta gehiago irauten dute. Originaltasun puntua ere ematen du. Iturritik zintzilikatu daitezke adibidez.
Ardiak ere kontuan hartzen dituzu.
Batetik, gure etxeko ardi esnearekin egindako xaboia daukagu. Esneak propietate anti inflamatorioak dauzka, azala goxatzen dutenak. Eta bestetik, ardientzako xaboi berezi bat egiten dugu. Gomiztegi Artzain Eskolan ikasi nuen egiten. Tailer batean izan nintzen eta Iparraldeko emakume batzuk etorri ziren eta azaldu ziguten nola egin ardientzako produktuak. Azoketan ez ditut saltzen, baina eskaerapean egin daitezke.
Zein da zure ametsa?
Produktuez aparte, Naturopatia kontsulta bat jartzea. Baina uste dut bidean asko ikasi beharra daukadala.
Kontsulta, Ezkion?
Hori posible balitz, zoragarria izango litzateke.