Gaur egun xenofobotzat ulertzen diren gizarte jokabide baztertzaileak gertatu ziren Goierrin, XVI. eta XVII. mendeetan. Juduak, mairuak eta beltzak izan ziren, nagusiki, errepresio eta bazterketa sozialaren jasaleak. Ez zen, ordea, gizarte osoan era berean gauzatzen eta ulertzen jokabide arrazista hori.
XVI. mendean, esportazioari begira bizi zen Gipuzkoa, eta gizarte antolaketa ere horretara jarrita zegoen. Familiak –eta horietan familiaburuak– ziren autoritate unitate. Familia aberatsek gobernatzen zituzten herriak, eta Batzarren bidez herrialde osoa. Leinuaren oinetxeak garrantzi handia hartu zuen, hidalgia edo kaparetasun unibertsala aitortzeko eta justifikatzeko garaian giltzarria suertatu zena.
Hala, 1510ean, kristautasunera bihurtutako juduei (‘konbertso’ deituak) eta mairuei herrietan bizilagun estatusa hartzea debekatu zieten. Hiru hilabeteko epea eman zien Gaztelako erregeak alde egiteko. Gipuzkoak onetsi zuen, oinetxeen kaparetasun unibertsalaren eta haien ‘garbitasunaren eta zuzentasunaren’ printzipioarekin bat zetorrelako.
Baina ez dirudi eginahal handiz gauzatu zutenik errege agindua. 1527an berretsi behar izan zuten Batzarretan; Gaztelatik ihesi zetozen Burgosko jatorriko juduen kontra egin zuten orduan. Herritar xeheek ere ez zuten arazo handirik ikusten, nonbait. 1531n, artean ezkontza mistoak egiten ziren, bizikidetza arruntean oztoporik ez zen seinale.
Kanporatze agindua
XVI. mendeko bigarren erdian, hala ere, gogortu egin zen juduen eta mairuen kontrako politika. 1561eko udaberriko Batzarretan «arraza txarreko» edo «sekta txarreko» herritarrak kanporatzea onartu zen. Juduak, mairuak, turkoak, agotak eta beltzak zeuden jomugan. Diputazioa artean gutxi egituratua zegoenez, Eliza izan zen ezinbesteko kolaboratzaile: 15 eguneko epea eman zieten ospa egiteko, mezetan aldarrika.
Esklabutzaren esistentzia agerrarazten du auzi horrek. Esklabuak ekartzeko debekua ezarri zuten Batzarrek; kontrara, saldu, kanpora bidali, eta dirua Probintziak gordeko zuen. Aberatsak aurka agertu ziren –Ordiziako Juan de Arteaga prokuradorea, kasu–, interes ekonomikoak maspiltzen zizkielako esklabuak galtzeak.
1561eko neguko Batzarretan, Deban, gaia lantzen jarraitu zuten. Aurkako jarrera zeukaten Segurari eta Ordiziari Areriako alkatetza nagusia batu zitzaion orduan. Gipuzkoako judu komunitate handienak Seguran eta Arrasaten zeuden. Arazoa ez zen morala, ez gizatiarra, ekonomiko hutsa baizik.
(jarraituko du)