Noemi Insausti Lopez • Nutrizionista – EUS00304 (Beasain)
Ez gara bakarrik bizi, gure gorputzean gurekin batera bizi diren milioika mikroorganismoen multzoari mikrobiota deitzen zaio. Bertan, bakteriak, birusak eta abar elkarrekin bizi dira. Gure organismoan zehar zabaldurik egon arren, zati handiena hesteetan dago. Gaur egun asko hitz egiten da mikrobiotari buruz eta ezagutza gero eta handiagoa izan arren, oraindik asko dago egiteko.
Nolakoa da mikrobiota perfektua?
Pertsona bakoitzak bere mikrobiota propioa dauka; beraz, zaila da erabakitzea nolakoa izan daitekeen mikrobiota egokia edo perfektua. Gainera, une oro aldatzen doa. Alde batetik genetikaren pisua dagoelako, baina ez da hori kontuan hartu behar den gauza bakarra. Bestetik, zenbait eragilek ere paper garrantzitsua dute, hala nola, elikadurak, estresak, kutsadurak, alkoholak, tabakoak…
Argi dagoena da osasunerako behar-beharrezkoa dela mikrobiota osasuntsua izatea eta hainbat faktorek eragiten diotela.
Zergatik da gero eta entzunagoa?
Heste-mailako mikrobiotak paper garrantzitsua du digestioan, sistema immunitarioaren erregulazioan eta gure osasunean bere osotasunean. Normalean orekan bizi da (eubiosia), baina hainbat arrazoiren ondorioz oreka hori galtzen denean (diosbiosia), arazoak sor daitezke. Edo, zenbait patologiak oreka hori aldatu egin dezakete. Beraz, oraindik asko geratzen da honi buruz ikertzeko.
Nola manten daiteke oreka?
Aurretik aipatu dudan bezala, eragina izan dezaketen eragile asko daude. Beraz, gure esku dagoena egin behar da oreka hori mantendu ahal izateko. Elikadura aldetik badaude zenbait elikagai edo elikagai talde lagungarri direnak; hala nola, elikagai probiotikoak (hartzitutako elikagaiak: kefirra, jogurta, xukruta, ozpinetakoak) eta prebiotikoak, hainbat motatako perretxikoak, tipula, baratxuria, ahabiak, almidoi erresistentea (patata).
Horretaz gain, beste ohitura on batzuk izatea ere lagungarria da gure hesteetako bizilagunentzat: kirola egitea, estres maila baxua izatea, eguzkia neurrian hartzea…
Laburbilduz, garrantzitsua da ohitura osasuntsuak izatea, ez guretzat bakarrik, gurekin batera bizi diren «zomorrotxoak» ere ongi elikatu behar ditugu, horiek gure organismoan eragiten dituzten onurez baliatu ahal izateko.