Nekane Gonzalez • Legazpi
Aspaldiko argazkia dugu irudikoa, ez baita alferrik Nafarroa kalea Legazpiko kalerik zaharrena. Zaharrena, eta denbora askoan, bakarra, gainera. XVIII. mendean ez zuen izenik, herriko kale bakarra izanda ez baitzeukan inolako izendapenen beharrik. Dirudienez, 1887. urtean bataiatu zuten aurrenekoz, eta Santa Maria izena jarri zioten.
1765. urtera arte, Euskal Herriko errepide nagusietako bat, Baionatik Gasteizera zihoana, Legazpitik igarotzen zen, eta, horrenbestez, baita Legazpiko kale bakar hartatik ere. Gaztelako errege-erreginak maiz igaro ziren izenik gabeko kaletik, eta igarotzeaz gainera, bertan ostatu ere hartu omen zuten hainbatetan. Kale hura zapaldu behar izaten zuten, beraz, Legazpitik igarotzen ziren lau hankako, hanka biko zein gurpildun guztiek.
Garai hartan, hura zen Legazpiren ardatz, eta kalean zehar zeuden barreiatuta herriko zerbitzu gehienak. Zenbait denda eta taberna, kalearen alde bietan, eta oraindik ere ezagunak egiten zaizkigun izeneko etxeak ere bai: Gerranea, Ibarrategi, Beatakoa, Araozenea, Kantoikoa, Oiarbidenea, Damata, Etxaluze, Medikunea, Atxaparrokoa, Santxoneaaundi, Santxoneatxiki, Mantxolanea, Ermentaria… Urretxutik Oñatira zihoan errepidea ere handik bertatik igarotzen zen.
«Kale zaharra» esateko joera
XX. mendearen 30eko hamarkadan etorri zen aldaketa. Harekiko paraleloan, Kale Nagusia izenekoa eraikitzen hasi ziren, eta hortik sortu zen Santa Maria kaleari «Kale zaharra» esateko joera. Eta, gerora, «kalekoak» eta «auzoetakoak» izendapena zabaldu izan da Legazpin, bakoitza non bizi den kontuan hartuta.
Gertakari historikoen lekuko ere izan zen kale hura, 36ko gerran, faxistak handik sartu baitziren. Eta urte batzuen buruan, Santa Maria edo kale zahar hari Nafarroa kalea izena jarri zioten, nahiz eta kale zahar izendapena ez duen inoiz ere galdu.
2014an, jaiak
Herriaren historian kaleak izan duen garrantzia aintzat hartuta, garai hartan EH Bildu buru zuen udalak kaleko jaiak egitea erabaki zuen 2014. urtean. Hala, urriaren 24tik 26ko asteburuan, ekintza sorta zabala antolatu zuten, Nafarroa kaleari merezitako protagonismoa emateko.
Urteen joanean, sortutako beharretara egokitu dute kalea; esaterako, irisgarritasuna bermatzeko oinezkoentzako bihurtuta. Eta herrian antolatutako ekintza gehientsuenek egiten dute ibilbidea handik.
Pasa den asteburuan, Frantziako Tourra igaro zen geuretik (Udana, Mirandaola…), baina ez zituen herriko kaleak zeharkatu. Jarrai dezala Nafarroa kaleak herriko gune garrantzitsu eta herrigintzaren topagune izaten!