Igor Susaeta • Kazetaria
Galdetuko balizuete ea ba ote dagoen Euskal Herriko errepideetan jokatuko den Frantziako Tourreko bigarren etapa bat baino gauza garrantzitsuagorik, ziurrenik aho bete enpaste geratuko zinatekete eta erantzungo zenukete baietz, hamaika gauza direla inportanteagoak, noski. Adibidez, lagunarteko bazkari bat Antioko mahai batean Santa Isabel egunez. Aurreko igandean izan zen juntadizoa, baina zutabe honetarako testua hiru egun lehenago bidali nuenez, ezin jakin azkenean telebistako pantaila bat jarri ote genuen mahaian Tourreko etapa jarraitzeko.
Lagun batek horretarako nahia agertu zuen kuadrillakoon Whatsapp taldean. Pentsatu nuen ubikoitasunaren dohaina edukitzera bultzatzen gaituela FOMO delakoak (ingelesez, Fear Of Missing Out; euskarazko proposamena Gertakariak Galtzeko Beldurra), eta mesede baino gehiago kalte egiten digula harremantzerakoan. Eta ez da izango txirrindularitza maite ez dudalako. Pistola bat buruan jarri eta galdetu diezadatela ea zein den nire bigarren kirol gustukoena.
Ez da, bide batez, besteen gustuak gutxiesteagatik. Horren harira, Aitor Manterola adiskide eta lankide ohia elkarrizketatu dute Argia aldizkariaren azken zenbakian. Hau da goiburua: «Kirolari mespretxuz begiratzen dio kulturako sektore batek, eta ez zait jarrera praktikoa iruditzen». Tourrak, oro har, eragindako sukarra dela eta, pertinentea iruditu zait Manterolak esandakoak hona ekartzea. Zeren, mespretxuz begiratzen diotenak paperak galtzen eta lasterketari berari ez beste guztiari neurriz kanpoko arreta eskaintzen ikusi ditut azken egunetan. Izango da, ziurrenik, denek egin nahi izan diotelako beren ekarpentxoa Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak elkarrizketetan esandakoari: «Tourra da dagoen iragarki onena herrialde bat mundu guztiari erakusteko». Ziurtasun horiek… Bide batez, hona nire apustua: ertzain batek Jaizkibel jaisten erasoa jo, eta etapa irabazi.