Euskarabentura espedizioa Goierrira iritsiko da bihar. Zerainera 15:00ak aldera helduko da taldea, eta igandean Ataunera joango dira. Bi goierritar daude taldean: Lide Urrestarazu ordiziarra mediku lanetan eta Haitz Goia zegamarra begirale lanetan.
Euskarabentura espedizioak uztailaren 1ean ekin zion ibilbideari, Mauletik (Zuberoa). Euskarabenturaren laugarren edizioa da aurtengoa. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako zein diasporako 16 eta 17 urteko 125 gaztek Euskal Herria gurutzatuko dute oinez, etapaka, euskara oinarri, elkarrekin euskal geografiaz, kulturaz eta historiaz gozatzeko, lagunartean. Hilaren 31ra bitarte, Euskal Herria zeharkatuko dute, Getxora (Bizkaia) iritsi arte. Hiriburuez gain, basoak, hondartzak, museoak, gazteluak, herriak edota portuak bisitatuko dituzte.
Euskarabenturaren ardatza errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural ezberdinak dituzten neska-mutilak nahastea da, Euskal Herrian barrena, euskaratik sortutako harreman horiek luzaroan ere iraun dezaten. Haien artean euskararen erabilera sustatzea, gazte euskaldunen sare berri bat sortzea eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko eta kulturalak bermatzea dira egitasmoaren helburuak. Horretarako, parekidetasuna, bizikidetza, autonomia, bizi-ohitura osasuntsuak edota turismo eredu jasangarriak lantzen dituzte.
Euskal Herriko 32 herritatik igaroko dira, eta 400 bat kilometro egingo dituzte oinez. 125 gazteetatik 45 bizkaitarrak dira, gipuzkoarrak 30, Nafarroakoak 26, Arabakoak 12, Lapurdikoak 5, Nafarroa Beherekoak 3, Zuberoakoak 2 eta diasporako beste bi. Izan ere, aurten, Herrialde Katalanetako eta Argentinako bi gaztek parte hartu dute espedizioan. Haiekin batera, 30 laguneko lan taldeak osatzen du espedizioa. Lan talde horren barruan daude Lide Urrestarazu mediku ordiziarra eta Haitz Goia begirale zegamarra.
Hiru mediku eta erizain bat
Urrestarazuk lehendabiziko aldia du Euskarabenturan. Mediku bezala dabil lanean bertan. Azaldu duen moduan, «espedizioko kideen osasuna zaintzeaz arduratuko» da osasun lan taldea, bi medikuz eta erizain batez osatua. Zeregin ezberdinak izango dituzte. Batetik, gomendio orokorrak emango dituzte, higiene, eguzki izpi edo oinen zainketaren inguruan. Beste alde batetik, gaixotasunak dituzten pertsonen (diabetesa, asma, alergiak eta abar) «zaintza estuagoa eta jarraipena» egingo dute. Eta azkenik, momentuan egon daitezkeen osasun arazoak artatuko dituzte. Botikina eramaten dute haiekin, eta furgoneta batean botikin handiagoa eramaten dute. Bakoitzak, gainera, botikin txikiago bat eramaten du motxilan. «Arta berezia behar izanez gero, ospitalera deribatuko genuke».
Osasun lan taldea espedizio osoarekin batera joaten da. «Garrantzitsua» da abentura gazteekin bizitzea, edozein arazo dela gertu egoteko. Hiru taldetan daude banatuta gazteak, erritmoaren arabera, eta osasun langile bana dago talde bakoitzean. Aurten bukatu berri du Medikuntza Gradua ordiziarrak, eta «aukera polita» ikusi du Euskarabenturan: «Proiektua bera oso polita iruditzen zait. Ikasi duzunarekin horrelako talde batean parte hartu ahal izatea eta zure laguntzatxoa ematea oso polita iruditzen zait».
Beste ikuspuntu batetik
Haitz Goia zegamarrak, berriz, bigarren aldia du Euskarabenturan. Iazko espedizioan gazte bezala parte hartu zuen, eta aurten, xerpa laguntzaile bezala ari da. Begirale lanak egingo ditu. Azaldu duenez, iaz ere parte hartu zuen beste gazte batekin erabaki zuen xerpa laguntzaile moduan joatea: «Oso gustura egon ginen. Oso hilabete ona pasatu genuenez, aurten erabaki dugu pare batek begirale moduan joatea». Iazko esperientziaren ondoren, errepikatu egingo du, baina beste perspektiba batetik. «Ondo pasatzen dugu han. Aurten, halere, ardura gehiagorekin goaz, lanera goazelako».
Zerainen afaria
Euskaraz hitz egiteko aukera izateko eta gazte euskaldunen artean sare bat sortzeko «garrantzitsutzat» jo du Goiak Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendea izatea, Euskarabentura ekimenak bultzatzen duena, alegia, «euskararekiko ikuspegi eta jarrera ezberdinak daudelako» egun Euskal Herrian. «Oso esperientzia polita da». Hilabete batez Euskal Herriko luze-zabaleko txoko ezberdinak bisitatuko dituzte denek. Maule-Pagola-Donibane Garazi, Xabier-Irunberri-Urrotz-Iruña-Gares, Añana-Argantzun-Gasteiz-Araia egin dute orain arte, eta Goierrira bihar iritsiko dira, Araia aldetik, Zerainera. Jada ohitura bihurtu da Euskarabenturako kideek zeraindarrekin herri afaria egitea bailarara iristen direnean, eta aurten ere hala egingo dute. Euskarabenturako taldearen hitzetan, «herriak erabat besarkatu du Euskarabentura, eta espedizioak modu berezian maite du herria».
Zeraindik Ataunera joango dira igandean. Aurten lehendabiziko aldiz bisitatuko du Euskarabenturako taldeak Ataun. Aurretik geldituko zaizkie Tolosa-Lesaka-Urdazubi-Amaiur, Baiona-Urruña, Donostia, Getaria-Deba, eta Lekeitio-Nabarniz-Gernika-Bermeo-Bilbo-Getxo. Uztailaren 31n helmugaratuko dira, euskal kulturaz, geografiaz eta historiaz betetako esperientziak poltsikoratuta.
Ataunen, Barandiaranen museoa, etxea eta jaiotetxea, eta ginkana
Euskal Herriko kulturaz, historiaz, herrigintzaz eta natur-ondareak eskaintzen duenaz blaitzea da egitasmoaren helburuetako bat. Uztailaren 1ean ibilbidea hasi zutenetik, hainbat gai jorratu dituzte: tartean, Errekaleorreko eta Lakabeko kideekin izan dira kontsumismotik aldentzen diren bizimodu alternatiboak lantzen, Irulegiko eskua aurkitu zuten gunean izan dira Aranzadiko kideekin, euskarazko wikipediaz aritu dira Galder Gonzalezekin eta Ainarak emakume espartin-egileen migrazio historia ezagutu dute Robert Elissondorekin. Goierrin ere kultur-esperientziak eta herriari lotutakoak biziko dituzte. Zerainera bihar 16:00ak aldera iritsiko dira. Herritarrekin afalduko dute, eta igande goizean Ataunera joango dira, autobusez. Bertan Joxe Miel Barandiaranen bizitza eta lana landuko dute. Barandiaranen museoa, etxea eta jaiotetxea ikusi ondoren, haren inguruko ginkana egingo dute. Arratsaldean Tolosara autobusez abiatuko dira ibilbidearekin jarraitzeko.