Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Britainiarren arabera, lehenengo egiazko bizikleta 1885ean azaldu omen zen, orain direla 138 urte. Askorentzako munduko asmakizun hoberena eta politena. John Howardek esaten omen zuen: «Txirrindua ibilgailu oso bitxia da, bidaiaria baita bere motorra». Eta, Albert Einsteinek berriz: «Bizitza txirrindu gainean ibiltzea bezala da. Oreka mantentzeko pedalei eragiten jarraitu beharra dago».
XIX. bukaeran kazetariak gauza batekin estu eta larri omen zebiltzan: Emakumeak okerreko bidetik eta errua bizikletak. Askorentzako pedalkada bakoitzarekin damatxoak zuzenean infernura zihoazela. Bere jarlekuaren deabruzko diseinuarekin, emakumeen pelbisa kaltetu eta gainzirikatu ere egin zezakeela. Txirrinduak beste gehigarrizko arrisku bat ere bazeukala, beraien kontrolpetik erraz hanka egin eta xaloki nahi zutena egitekoa noski. Pedalkatzeko eskubidea galdatzeko garaiak.
Txirrinduan ibiltzen ikastea gure bizitzako mugarri handienetako bat da, bere biziko bi kontzeptu barnean hartzen dituelako: oreka eta askatasuna. Frances E. Willardek (1839-1898) berrogei ta hamahiru urterekin ikasi zuen txirrinduan ibiltzen. Bere txirrinduari Gladys izena jarri zion. Aurretik irakasle, idazle eta sufragista izan zen. Hiru arrazoiengatik ikasi omen zuen: abentura zaletasun soilagatik, botere tresna berria eskuratu eta, hitzez hitz, bere anken azpian jarri, eta jende askok adin horrekin ez zuela lortuko pentsatzen zutelako.
Susan B. Anthony (1820-1906), feminista sufragista estatubatuarra mundu osoan sonatua izan zen, elastiko guztietan estanpatu beharreko, esaldi bat ahoskatzeagatik: «Uste dut txirrinduak munduan beste edozerk baino gehiago egin duela emakumezkoak askatzeko! Emakume bat gurpilen gainean igarotzen ikusten dudan bakoitzean harrotasunez bete eta pozik jartzen naiz. Askatasun eta loturarik gabeko sentipen zoragarria ematen dio. Independientea izango balitz bezala sentiarazten du».
Helen Parkhurst, Susan B. Anthony edo Elizabeth Candy Stanton bezalako buru karismadun batzuei esker azkenean bizikletak emakumeen alde irabazi zuen partida. Perbertsio eta libertinajearen eragile izatetik bizitza osasuntsurako kide, lanerako tresna eta ekologiaren sinbolo bezala onartua izatera.
Harrezkero euri asko egin du, eta ze polita, Lizarrustin gora, mototsa zinzilika eta farre txiki batekin neskatila batek zuzen-zuzen aurreratzen zaituenean. Ez ahaztu: ez diogu pedalei emateari uzten zahartzen garenean… pedalei emateari uzten diogunean zahartzen gara.