Janire Barreira (Ormaiztegi, 2002), Sarai Gorostidi (Ormaiztegi, 2004) eta Izaro Mendizabal (Ormaiztegi 2004). Hiruek osatzen dute DJ Bass&dere. Reggaetoia eta teknoa dituzte estilo gogokoenak pintxatzeko, baina toki eta egoera bakoitzera egokitzeko gaitasuna dute.
Nola sortu zen DJ Bass&dere?
Parranda giroan sortu zen ideia hau. Txantxetan genbiltzala ‘basajaun’ eta ‘basandere’ deitzen hasi ginen elkarri eta bat batean dj batentzat izen ona izan zitekeela Bass&dere pentsatu genuen. Aurrez ere pentsatuta genuen sekula dj izatea, baina ez genuen errealitate gisa ikusten orduan. Beraz, irrealitate edo nahi hori errealitate bihur zitekeela ikusi genuen une horretan eta proiektu honi hasiera ematea erabaki genuen. Gainera, Ormaiztegiko Gazte Eguna ere bertantxe genuen eta herriko gazteok parte hartzea polita izaten da, beraz, hortxe ikusi genuen aukera. Hala ere, saio bateko kontua izango zelakoan geunden, baina gustura sentitu ginen eszenatokian eta hainbat tokitatik idazten hasi zitzaizkigun, beraz, aurrera jarraitzea erabaki genuen.
Pixkanaka-pixkanaka ikasten joan zarete.
Hasieran, lagun batek lagundu zigun nahasketa-mahaiaren funtzionamendua ulertu eta hau ikasten; eta bestalde, gure kabuz ere informatzen eta ikasten joan ginen, saltseatuz. Pixkanaka hala joan gara ikasten. Zerotik hasi ginen eta hasiera ez zen erraza izan, baina ikasketa-prozesu hau ilusio handiz hartu dugu eta oraindik ikasten jarraitzen dugu.
Ormaiztegin, Hazparnen eta Zaldibian izan zarete jada, hilabeteko epean.
Bai, Ormaiztegin, Hazparnen eta Zaldibian izan gara hilabete batean baina ez genuen espero Ormaiztegiko saioaren ondoren beste inondik deitzea, aurrez aipatu bezala, gure asmoa herrian pintxatzea bakarrik zen. Hala ere, gustura hartu ditugu aukera hauek eta oso eroso sentitu gara eszenatokian. Gertuko giroa izan dugu beti, izan herrian zein kanpoan eta etxean bezala sentitu gara.
Aurrera begira zein dira zuen asmoak?
Aurrera begirako planei dagokienean, ez daukagu plan jakinik. Ondo pasatzea dugu helburu eta nahiago dugu momentua bizi etorkizunean pentsatu baino. Gaur-gaurkoz ez dugu lan gisa ikusten dj izatea, baina deitzen gaituzten bitartean eta hala disfrutatzen jarraitzen dugun bitartean honetan jarraituko dugu, eta gero, gerokoak.