Orain beteko da urte erdia Biziola denda ireki zela. Intza Barandiaran (Ataun, 1982) proiektuko partaidea eta bertako langilea da. Biologia eta ingurumen zientziak ikasi zituen eta denborarekin agroekologian espezializatu da. Ingurumen hezkuntzan urteak igaro ondoren, baratzera egin zuen salto, eta baratzak Biziolara ekarri du. Barandiaranek hasiera honen balorazio txiki bat egin du: «Bost hilabetetan, Biziolako salmenten % 75 Euskal Herriko produktuetan joan da, zehatzago esateko %30 Goierrikoetan eta ekoizleetara zuzenean 26.000 euro joan dira. Eta dendarekin batera elikadurako proiektua osatzen duten lanketek eman dituzten aurrerapausoak ikusteak izugarrizko poza eta indarra ematen du».
Urte erdi honetan, zerk harritu zaitu gehien?
Erosketa-ohiturek gugan duten errotzeak. Ez da erraza kontsumitzaileen ohituretan aldaketak eragitea.
Emaguzu Biziolan erosketak egiteko arrazoi bat.
Biziolan erosketak egitea etorkizuna elikatzea da.
Ze zaletasun dituzu?
Irakurketa eta natura.
Pelikula bat edo telesail bat.
Ez naiz bat esateko gai. Pantaila gutxi ikusten dut.
Liburu bat.
Jose Luis Sampedroren La vieja Sirena.
Musika talde edo abeslari bat.
Isiltasuna gustatzen zait.
Abesti bat.
Ines Osinagaren Dena aldatzen da.
Oporretarako leku bat.
Galizia. Itsasoa eta mendia gertu, jan ona eta bero gutxi.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta ogia gazi puntuarekin.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Denda irekiera bezpera.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Semeek hareatan egindako idatzi bat.
Amets bat.
Biziolaren helburuak beteta ikustea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Auzoko pintxopotea.
Goierriko txoko bat.
Ataungo Ergone auzoa.
Ataunen biziko ez bazina…
Oporretan etorriko nintzateke.