Nagore Ozerinjauregi Beldarrain • Psikologian doktorea. Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Esti Amenabarro Iraola • Pedagogian doktorea. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Zaila suertatzen zaigu irakasletzaren inguruan definizio zehatz bat eskaintzea, ertz asko dituen ofizioa baita. Konplexutasun horretan bada arlo bat, irakasle izatearen zera goitik behera blaitzen duena. Eta esan dezagun buruko min eta kezka iturri askoren sorburu ere. Ebaluazioaz ari gara.
Hezkuntzaren eremuan ebaluazioaren inguruan bi paradigma nabarmen gailendu dira (tarteko xehetasunak ere badirela kontuan hartuta). Lehena sumatiboa edo akreditatiboa da, eduki-curriculum zehatzak eta ezarritakoak ikasi eta hura neurtu, bukaeran. Sumatiboa da, ikuspegi kognitiboa erabat, emaitzen batuketa lehenesten baitu, ikasketa bat aukeratu, bideratu eta egiaztatzea du eginkizun nagusi. Ikuspegi honetatik, ebaluazioa, bere estrategia eta tresna guztiekin, lorpenak ziurtatu, sailkatu eta etiketatzera bideratzen da, kuantifikatzen errazak ez diren beste aldagai batzuei jaramonik egin gabe, are gehiago, batzuetan, hezkuntza-ekintza guztiek eta bere protagonistek berekin dakarten kanpoko errealitate soziala alde batera utzita. Baina ebaluatzea eta kalifikatzea ez da gauza bera.
Ebaluatzea, hezigarria
Ebaluatzea hezigarria dela esango dugu, ikasleak norbanako aktibotzat hartzen direnean, informazioa bilatu, hautatu, kodetu, biltegiratu eta erabakiak hartzen dituzten norbanakotzat, alegia. Ingurumari honetan, ebaluazioak prestakuntza eta jarraikortasun handiagoa lortzeko duen egiaztatze-funtzioa galtzen du, planteamendu mediko-psikologikoetatik aldendu eta hezkuntzaren oinarri pedagogikoetatik ebaluazioan pentsatzeak, emaitzak lortzeaz gain, hobetu beharreko prozesuak aztertzea eskatzen du, dimentsio kuantitatiboei baino kualitatiboagoei arreta eskainita. Ebaluazioa, beraz, hezkuntza-proposamen global baten barruan ulertu behar da.
Tradizionalki, ebaluazioa irakaslearen arma gisara hauteman da eta bere inguruan irakasleen pertzepzioek eragin handia izan dute. Gaur ordea, ebaluazioa ikaskuntza prozesuaren mesedetan kokatzen den prozesu global baten moduan ulertzen da, jarraikortasun batean. Neus Sanmartí-rentzat ikuspegi honetan akatsa zigortu beharrean ikasteko balio bat da, akatsak egiten ditugunean hobetu eta gainditu ditzakegulako, horien zergatietan sakonduta. Akatsaren zergatiak ulertzean dago gakoa, beraz. Modu berean, ebaluazioak, erabakiak hartzea esan nahi du bi elementu gako nagusi irizpidetzat: batetik, egindako akatsaren zergatietan sakontzea, eta, bestetik, hartu beharreko erabakia ebidentzietan fundamentatuta. Ebaluazio hezitzailearen beste ideia interesgarri bat, ikasleak ebaluazioan parte hartzeko duen aukera da, ikaslea erdigunean esaten denean, ikuspegi inklusibotik ebaluazioan ere bai esaten ari gara, bere presentzia eta parte hartzea bermatuz, ikaskuntza prozesuaren agente aktibo bilakatuz, nota eta kalifikazio hartzaile pasibo izatetik haratago.
Aldekoak eta kontrakoak
Ebaluazio hezigarriak aldekoak eta kontrakoak ditu. Lehen ere esan baitugu hezkuntzan hautuak ez dira ezerezetik sortzen. Esate batera, interesgarria da, 77/2023ko dekretuak Euskadiko Erkide Autonomorako curriculum dekretu berria zehazten duenak gure ustetan hiru ideia nagusi azpimarratzen ditu gai honi dagokionean: a) konpetentzien bidezko ikaskuntzaren baitan antolatutako curriculumak ikaskuntza sakona eta funtzionala ahalbidetu behar du b) ikaskuntza arlo desberdinen arteko integrazioa egitea ezinbestekoa da, ikaskuntza horiek esanguratsuak eta adierazkorrak izan daitezen c) ebaluazioak, jarraia, globala eta formatiboa izan behar du, bateratzailea izatearekin batera.
Bukatze aldera, ebaluazio hezigarria izan dadin, gaurdanik, hiru dimentsio aintzat hartzea ezinbestekoa da, irakasleen prestakuntza, familia eta komunitatearekiko komunikazio kanalak (kontuan hartu ebaluazioa dela irakaslea eta familien arteko kanal nagusi eta gatazkatsuenetako bat, askotan tamalez bakarra) eta azkenik ikastetxeen antolakuntza. Ados gaude, ebaluazioak hezigarria izan behar du baina nola egingo dugu? zein baliabiderekin?