Altuneko belardiak, eta Gainera, Aranguren eta Errekalde auzoak lotuz, Olaberriko herri kaskoa itzulinguratu daiteke ibilbide zirkular honetan, udalerriaren paisaia ezberdinak ezagutzeaz gain. Baserri ugarirekin egiten da topo bidean.
Talaia paregabea dela inor gutxik uka dezake, ez diote alferrik deitzen Goierriko balkoia Olaberriari. Aralar batean, Aizkorri bestean, belardi zabalak eta baita baserri ugari ere. Begiratoki bat baino gehiago ere bada, ordea. Herri kaskoa eta Ihurre auzoa dira bizi-nukleo nagusiak, baina asko dira udalerriaren bi isuri nagusietan sakabanatutako eraikin esanguratsuak. Horietatik asko ezagutzeko aukera ematen du Ibiltari honek, goierritar askorentzat ezezagun diren bideetan seguru asko. Sei kilometroko pasako bidean egiten daiteke hori, udaletxea, San Joan Bautista eliza, herri eskola eta Zezilionea ostatua hartzen dituen plazatik abiatuta (285 metro).
Iparralderantz eginez hasi behar da ibilbidea, hilerrirantz, eskubitara Aralar ageri dela. Hilerria igaro eta beherala, ezkerretara hartu behar da, Altune alderantz. Aurreko bideari jarraituz gero, Olaberriko Garitain eta Beasaingo Altamira baserri aldera eta Lazkaoko Arizti-Haundi aldera –eskubitara– egingo luke oinezkoak. Plater-tiraketa zelaia eskubitara utzita, 2020an konpondutako baserri bide batean egin behar da behera –autoentzat eta oinezko-bizikletentzat egokituta dago–. Beherantz eginda, Karobi industrialde aldera jaisten da, baina hego-ekialderantz egin beharra dago bidegurutzean, ezkerretara, mendi hegalean dauden belardi eta basoetan barneratzeko. Hara egin aurretik, bidez eskubitara pinudi batean bakarti dagoen pago handia bisitatu daiteke (24 metroko altuera eta 30 metroko zabalera adarretan).
Gaineratik Aranguren aldera
Lehen kilometroa hamar minutu inguruan osatuta, eskoria bide gorabeheratsuan egin behar da aurrera. Zelai zabalak, basoak eta landaketa berriak ezker-eskubi, eta pare-parean, Aizkorri. Beste hamar minutuan Aizpea baserri-gaztandegira –orain salgai dago– iristen da oinezkoa (235 metro), eta haren barrenetik aurrera segiz, bost minutuan, Etxezaga-berri baserri berritu eta dotorera. Azken baserri horren lehen aipamenak XVI. mendekoak dira, eta izen ezberdinak izan ditu historian zehar: Isasaga de yuso (1603), Isasaga de abaxo (1649), Isasaga la nueva (1649) eta Ichasaga berria (1741), besteak beste. Olaberriko arkitektura zibilaren adibide egokienetariko bat da eraikin hori. Familia bakarreko baserria da, eta 343 metro
koadro ditu hiru solairutan banatuta.
Metro gutxian aurrera eginda, paisaia erabat aldatzen da Gainera auzoan. Behealdean txakolina ekoizten duen Bengoetxe baserria ikusiko du oinezkoak, eta aurreraxeago Gi-3560 errepidearekin egingo du topo. Hura gurutzatu behar da, Balda, Haizbide, Matsalde eta Etxezaga baserriak adierazten dituen seinaleei jarraituz (253 metro, eta ordu erdi oinez). Bost minutuan iristen da Matsalde baserri handi eta zurira, eta haren ondoan zabaltzen den bideari jarraitu behar zaio, Azarola baserria ezkerretara utziz.
Olaberriren ohiko irudia ageri da begi aurrean, San Joan elizaren, herri kaskoaren eta Txindokiren irudia. Herri bideari jarraituz, bidegurutzea, Donejakue bidearen ikur eta guzti: ezkerretara, kaskora doan eliz bidea, aurrera eginez Aldasoro baserria eta Santikutz ermita. Ermita horren lehen erreferentziak 1552. urtekoak dira, nahiz eta eraikinaren ezaugarri arkitektonikoak XVIII. mendekoak diruditen. Barne elementuak, berriz, XVII. mendekoak dira. Aranguren auzoko lautadaren goialdean eraikia –Agirre baserritik gertu–, Olaberriko parrokia primitibotzat jotzen da, nahiz eta ezin den erabat ziurtatu. Garai batean, maiatzaren 3an, prozesioa eta erromeria egiten zituzten (290 metro, eta 45 minutu).
Errekaldetik herri kaskora buelta
Aldasorotik Aranguren baserrira egin behar da segidan, Olaberriko hainbat landabideren elkargunera. Hiru bide aukera daude han: hego-mendebalderantz eginda, Idiazabal eta Urbaundi mendi hegalera joaten da, ekialderantz eginez gero, Lazkaoraino heltzen den Sustraitz ubidearen urertzera. Hamar minutuan iristen da handik Amoskategi baserrira aldapa behera pikoan, aurrez iturri berritu bat igarota. Arreta pizten du baserri ondoko pabiloiaren dekorazioak (200 metro, ordubete).
Ordu laurdeneko bide erosoa dator aurretik, beheranzko joerarekin, Sustraitz errekastoa eskubitara dela, lazkaotar askoren paseo tokia. Amoskategiko iturria, Telleri baserria –garai batean sagardotegi izana–, Borda, Bildotsaga eta bidegurutzea berriz. Aldabiako iturriaren ondotik Otsoategi baserrirantz doan bideari heldu behar zaio gora, eskubitara orain gutxira arte sagardotegia izan den Etxezuri baserria utzita. Ibilbideko punturik baxuena da (158 m.).
Otsoategi Lazkaotik Olaberrira igotzeko errepidearen kontra dagoen baserri historikoa da (XVI. mendea). Hainbat aldiz berritua, orain ere berrikuntza lanekin ari dira. Errepidea gurutzatu eta metro gutxira, oraindik ere oso nabarmena ez den herri-bidean gora egin beharra dago herri kaskora igotzeko. Bide hori oinezkoentzat txukundu eta egokitzea da agintaldi honetan Olaberriko Udalaren asmoa. Desnibel dezenteko aldapa da, ordu laurdenean 130 minutu inguru igo behar baitira ibilbidearen abiapuntu izan den plazara iristeko.
Kontuan hartzeko
- Baserri historiko ugari. Ibilbidearen zatirik gehiena baserri bideetatik egiten da, eta baserri atari askoren aurretik pasatuko da ibiltaria. Etxezaga-berri eta Otsoategi, esaterako, Euskal Herriko Ondare historiko-arkitektonikoaren zerrendan sartuta daude.
- Santikutz ermitaren teilatua. Erabat baieztatzerik ez dagoen arren, Santa Krutz edo Santikutz ermita Olaberriko lehen parrokia izan zela uste da. Hainbatetan berritu dute, azkena 2009-2010 urte inguruan. Teilatua berria eman zioten orduan, eta 2010 otsaileko ziklogenesiak airean eraman zuen.
- Bi jatetxe herri-kaskoan. Olaberriak bi jatetxe ezagun ditu herri-kaskoan. San Joan plazan Zezilionea ostatua eta Zebazelai kalean Arrieta jatetxea. Otordua egiteko aukera dute bietan ibiltariek.
- Hiru iturri bidean. Ibilbidearen bigarren zatian daude hirurak, Arangurendik Errekaldera bidean. Lehena Amoskategira iritsi aurreko iturri berritua, bigarrena Amoskategi igaro eta beherala, eta hirugarrena Etxezuriko bidegurutzean, Aldabiakoa. Azken horretako ura tratatu gabea da.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Ordu eta erdi
- Luzera: 6,2 km
- Desnibel metatua: 458 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza