Aratz Albisu • Telesail zalea
Izen oneko chef batek anaiaren oinordetzan hartuko du Chicagoko jatetxe klasiko bat. Iritsi orduko jatetxea eraldatzen eta dotoretzen saiatuko da, baina bertako langileak ez dira ados egongo. Horregatik, praktiketako langile bat hartuko du laguntzeko, baina lehendik zegoen kaosa areagotu egingo du.
Hartza, izenburua izateaz gain, irudi garrantzitsua da telesail honetan eta erreferentzia ugari ditu. Animalia oldarkor bezala definitu dute pertsonaiek, baina baita adeitsu, sentibera eta enpatiko ere. Modu berean deskribatuko nuke telesail hau, eszena agresibo asko izan arren sentimenduz beteta baitago.
Ez dut gezurrik esango, lehenengo denboraldia ez zitzaidan asko gustatu, sortzailearen adierazteko modua ulertzea kosta egin zitzaidalako. Bigarrena ikusi ondoren, ordea, iritzia erabat aldatu dut, beste perspektiba batetik ikustean mezua jasotzea lortu dut. Orain ulertu dut bere garaian izan zuen arrakasta eta kritika on zaparrada.
Besterik gabe, ikusi eta sentitu beharreko telesaila da. Sukalde txiki hartan dagoen estresarekin, pertsonaien poz, tristura eta antsietatearekin enpatia izan behar da, beraien arazoak ezagutu eta eboluzioaz gozatu. Pertsonaia guztiak maitatuko dituzu azkenerako, batzuk hasieran gorroto izanagatik.
Teknikoki oso ondo eginda dago gainera, plano eta sekuentzia oro oso landuta dago. Eta hori gutxi balitz, hartze bakar batean grabatutako kapitulu oso bat dago lehen denboraldian. Oso zaila da horrelakoak grabatzea, entsegu eta koreografia asko eskatzen baitute, baina lortu dute eta goraipatzeko modukoa da.