Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Lagun batzuei galdetu diet ea zergatik gustatzen zaien hainbeste uda. Zintzo erantzun didate: mendiko egun-pasak, afalondoko paseoak, balkoiko afariak, zerbeza freskoak ilunabarrari begira, afalondoko hizketaldiak, eztabaidak eta anekdotak, gaueko hamarretako argitasuna, hondartzako txiringitoko izozdun kafesnea, sudur gorri-gorriak, herri guztietako festak, ordutegi finkorik eza, Pirritx eta Porrotxen familien kartak, eskoba, seiko urrea, igerilekuan molestatzen duen jendea, iratzargailuen mututasuna, olatuekin jolastea ur gazia kontrako eztarrira joan arte, frontenis partida bat, Aftersuna, Aizkorriko puntan esnatzea, presarik gabeko siestak, sagardo dastaketak, gaueko hamaiketan itsasoan bainu bat, kotxe-bidaiak, burua iturriaren azpian, Maxibon Cookiea, amaren «hau ez da hotel bat», Ehunmilak-eko irteerako musika, bazkari autogestionatuak, txankletak, itsasoko uraren gazitasuna azalean, baratzeko tomateak, katilukada bat esne hotz, euriaren usaina, udalekuak…
Maite ditugun momentu txiki pila batez dago osatuta uda. Zereginek lagunekin elkartzea eragozten ez diguten garaia da. Lanetik atera berri denarentzat ere, zapore desberdina izaten du afariak udan. Egin nahi duguna egiten saiatzen gara gehien-gehienetan. Askotan iruditu izan zait San Juan suak gozatzeko eta bizitzeko gogo estra bat sartzen digula gorputzean; eta Kontxako estropadetan edo, berriz esertzen garela hurrengo uda noiz iritsiko zain.
Niri ere dezente gustatzen zait uda; baina nahiko nuke gainerako hilabeteetan ere umore honi eutsiko bagenio. Azaroko egunik grisenean izozkiak jateko geratzea permitituta dagoela uste dut.