Etxean Marimurumendi irabazi berritan, eta ondo merezitako atsedena hartu ondoren, mendi lasterketen munduko koparako puntuagarria den beste proba baterako prestatzen hasiko da laster Irati Zubizarreta Armendariz (Beasain, 1998). Lehiatik kanpo urte bete egin eta gero, mendira itzuli da eta berriz ere gozatzen ari da.
Marimurumendin parte hartu duzun lehen aldian, irabazi eta errekorra.
Bai, eta pozik nago, errekorrak ez direlako egunero egiten. Gainera, herrian izatea gehigarri bat izan zen. Jendeak ezagutu egiten ninduen eta animoak beste era batekoak ziren.
Ajerik utzi zizun ospakizunak?
Ospatu nuen, baina ez nuen ajerik izan!
Eta nolakoa izan zen errekuperazioa?
Horrelako lasterketekin hastean, gorputza ez dago ohituta, eta hasieran mina izaten duzu. Baina nik azken aldian karrera asko egin ditut, oso zorrotzak, eta banuen errodajea. Muskulatura ondo daukat, eta gihar minen bat edo beste kenduta, ona izan da errekuperazioa.
Zu pistan hasi zinen.
Txikitatik gustatu zait mugitzea, kirola, eta korrika, Alkartasuna Lizeoan hasi nintzen, Lehen Hezkuntzan. Elena Calvillo zen nire entrenatzailea. DBHra igarotakoan, Txindoki klubarekin hasi nintzen entrenatzen eta lehiatzen.
Familiatik al datorkizu zaletasuna?
Nik uste dut berezkoa dela. Baina nire entrenatzailea nire lehengusua da, beste lehegusu bat profesionala da futbolean… familiaren zati bat oso kirolaria da.
Zuk korrika egitea aukeratu zenuen.
Beti gustatu zait korrika egitea, eta eskolan hasita, Txindokin jarraitu nuen. Han atleta gehiago ezagutu nituen, Ainhoa Goikoetxea, Ana Samaniego, eta haiekin hasi nintzen entrenatzen, eta lehian, pistan. Krosa ere egiten genuen.
Zein zen zure espezialitatea?
Oztopo lasterketa. Gipuzkoako errekorra egin nuen, Espainiako txapelketara joaten nintzen… Baina gehiegi zentratu nintzen horretan, eta Espainiako txapelketa irabazteko faborito nintzela uda batean bakar-bakarrik gogor entrenatu ondoren, lasterketa egunean erori, eta besoa puskatu nuen. Orduan jabetu nintzen emaitzekin itsututa nengoela, noranzkoa galduta nuela, eta bidean ez nuela gozatzen. Mendia ezagutu, eta ikusi nuen hura zela nik nahi nuena.
Zergatik mendia?
Nik entrenatzea nahi nuen, baina hori ez izatea sakrifizio bat, baizik eta disfrutatzea, eta hori median lortu dut. Hala ere, jarraitzen dut pistan, errendimendua hobetzeko behar delako serieak egitea. Azken finean, ni mendizalea naiz, baina korrikalaria ere bai, eta alde horretatik txispa edukitzea gustatzen zait, eta txispa hori pistan lortzen da.
Nola hasi zinen mendian korrika?
Hor neukan Elena Calvilloren eredua, ezagutzen nuen mutil bat mendiko karreretan ibiltzen zena… Lehen lasterketa Axari Trail izan zen, 2015ean.
Nola hartu zuten aldaketa inguruan?
Atletismokoek ez ninduten bultzatu mendian lehiatzera, mendia beti lotu izan delako erritmoa galtzearekin. Haiek nahi zuten nik txispa mantentzea eta pistan jarraitzea. Nik gehiago disfrutatzen nuen mendiarekin, eta ez nuen babesik sentitu. Nirekin batera Ordiziako Lide Urrestarazuk ere egin zuen aldaketa, eta biok hasi ginen karrerak egiten. Ondo ateratzen zitzaizkigunez, Euskal Selekzioak deitu zigun.
Eta etapa berri bat hasi zen orduan.
Bai, probatu egin nahi genuen, eta harrapatu egin gintuen. Garai hartan, junior mailako munduko txapelketa irabazi nuen, gainera, 19 urterekin, 2017an. Euskal Selekzioan 2016an sartu nintzen, eta bigarren urtean irabazi nuen.
Nolakoa izan zen munduko txapelketa hura?
Andorran izan zen, bi lasterketa, eta kristorena izan zen, bidaiatik hasita. Jende pila bat ezagutu nuen, eta haietako batzuk profesionalak dira gaur. Andorrako festak ziren eta parranda handi bat egin genuen.
Ordutik lasterketa pila bat egin dituzu.
Bai, horren ondoren La Sportiva taldeak fitxatu ninduen, eta besteak beste, Espainiako bost txapelketa jarraian irabazi nituen. Urte oso onak izan nituen. Baina gaztetan jende gutxiago dabil, kategoria absolutura igarotzean gauzak aldatu egiten dira alde horretatik.
Nolako lasterketak dituzu gogoko?
Kilometro bertikalean eta lineakoetan ibiltzen naiz. Azken horien artean, gaztetan 15 eta 21 kilometro artekoak egiten nituen, eta orain, absolutuetan, 35ekoak. Aurten ez dut egin kilometro bertikalik eta gehiago zentratu naiz distantzia luzeko lasterketetan.
Marimurumendi luzeagoa zen.
Bai, luzeagoa kilometrotan, baina desnibela ez zen hainbestekoa. Adibidez, Austrian Munduko Koparen barruan egin nuen lasterketak kilometro gutxiago zituen, baina desnibelak ez zeukan zerikusirik, eta altitudea ere altuagoa zen, Alpeetan zelako. Biak bi ordu eta erdian egiten dituzu, baina Austriakoak kilometro gutxiago ditu, eta zailtasun handiagoa. Niri horrelako probak gustatzen zaizkit, paraje ederretan direlako, oso alpinoak, eta tarte oso teknikoak dituztelako.
Munduko Kopa aipatu duzu…
Bai, urte sabatikoa hartu eta gero, iazko urrian itzuli nintzen, baina ez lehiara, baizik eta entrenamenduetara. Nire lehengusu Eneko Elosegirekin hasi nintzen entrenatzen, eta pixkanaka forma hartu, eta lehiara itzultzeko Marimurumendi jarri nuen helburu. Bitartean beste lasterketa batzuk egin nituen, eta ondo atera zirenez, Espainiako txapelketara joan nintzen; hura ere ondo egin nuen, eta Sky Runner World Series Munduko Koparako hautatu ninduen Euskal Selekzioak. Munduko Kopan lasterketa asko daude, gutxienez hiru egin behar dituzu, eta hiru onenek puntuatzen dute sailkapenerako.
Zenbat egin dituzu zuk?
Oraingoz, hiru. Andaluzian lehena, gero Frantzian Alpeetan, eta han bosgarren sailkatu nintzen, eta azkena Austrian. Hurrengoa, Gorbeia Suzien egingo dut irailean, eta finalera ere joango naiz, Italiako Limonera, urri amaieran. Karrera bakoitza esperientzia bat da, eta gozatzea da nire helburua.
Talde baten babesa beharko da, ezta?
Bai. Nik urte asko egin ditut La Sportivaren babesarekin, baina lehiatik kanpo egon nintzenean alde batera utzi nuen taldea. Hala ere, itzuli naizenean enbaxadore gisa egin dut korrika, eta Euskal Selekzioak ordaindu dizkit bidaiak. Oraintxe bertan erabakitzear dut zer egingo dudan taldeari dagokionez.
Zer gertatu zen lehia uzteko?
Nik urte onak izan nituen gaztetan, eta La Sportivarekin senior taldean sartu nintzenean, beste liga bat zen hura. Presio handia sentitu nuen absolutuetara igotzean, gaztetan bezalako maila ez nuelako ematen. Eta zer egin nuen? Gehiago ahalegindu, baina horrek kalte egin zidan, emaitzetan zentratu nintzelako berriz. Ez nuen disfrutatzen, eta gainera, unibertsitatea amaitu berritan, beste lehentasun batzuk nituen buruan. Horregatik, geratu eta lasaiago hartu nituen gauzak. Arrastaka taldekoekin elkartu nintzen, mendi irteerak egiteko, alpinismo ikastaroak egiteko… eta horrela ibili nintzen urte bete. Oso ondo etorri zitzaidan geldialdia.
Itzulera ona izan duzu.
Nonbait, nire oinarriak finkatzea behar nuen, eta lortu nuen. Emaitza onak ari naiz lortzen, eta aurrera segitzeko gogoz nago. Munduko Kopakoez gain egingo ditut beste proba batzuk ere. Irailaren hasieran Anbotoko Sorginen lasterketa egingo dut, lagun artean.
Nola bateratzen da goi mailako lehia eta bizitza normala?
Ondo daramat. Oso diziplinatua naiz, eta aste osoa aurretik antolatuta, ondo konpontzen naiz. Lanbidez gizarte langilea naiz, eta Donostian lan egiten dut, lagunekin ere irteten naiz, bereziki orain atseden hartzen ari naizela , kirola eta entrenamenduak ere egiten ditut…