Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Aurreko GoiBerri baten azalean (517. zenbakia, 2023-06-16) emakumezko baten erretratua; ezaguna egiten zitzaidan, baina ezin asmatu nor zen; izenak ere –Juli Apaolaza– ez zidan pistarik ematen; harik eta Aimar Maizek egindako elkarrizketan sartu nintzen arte: Gabiriako Olalkiaga baserrikoa!
Umetan, Ormaiztegitik Gabiriako festetara mendiz abiatzen ginenean, baserri hura zen –Olkia deitzen genion, izena laburtuta– Gabiriako lurretan geundela markatzen ziguna. Bertako jendea –gizaseme eta emakumezko gazteak orduan– ezagutzen genuen, Julik Aimarri emandako elkarrizketan kontatzen duen bezala, Ormaiztegira joaten baitziren enkargutara. Gutxienez anaietakoren batek, gainera, gure herrian lan egiten zuen. Auzokideak gertatzen ziren ormaiztegiarrontzat Olalkiagakoak.
Elkarrizketak aurrera egin ahala, Aimar Maizek galdetzen dio Juliri 1937an Bizkargin hil zieten anaia Joxe gudariari buruz. Juliren erantzuna: «Herriko beste gudari batek kontatu zidan gerora, Lazkaon bizi zenean. Gure anaia tiroz zauritu zuten, eta berak eraman zuela bizkarrean puska batean. Baina gerturatu zitzaizkiela, eta utzi egin behar izan zuela. ‘Hemen utzi behar al nauk?’ esaten omen zion… Laguna han utzi behar izan zuen, eta hori berarekin geratu zitzaiola bizi guztirako, esaten zuen».
Begiak busti, korapiloa eztarrian… Aspaldian irakurri gabe nengoen hain lekukotza gogorrik. Eta guk ezer jakin ez Olalkiagako familiak pairatutako tragediaz, ezta lagun gudariak bizi guztian jasan zuen ezinaren zamaz.
Koldo Izagirrek «Euskal prentsak ekarritako zenbait kronika gogoangarri (1869-2000)» bildu ditu Zaldi bat ihes garrezko zelaian liburuan (Argia, 2023). Kroniketako bat Joseba Zubimendik idatzia da: Gernika erraustean, lekuko nintzen (Euzko Enda, 1939). Hain zuzen ere kronika horretatik hartu du Koldo Izagirrek liburuaren izenburua. Zubimendi gudaeritegi bihurtutako Joseba Deuna egoitzan dago, Gernikan. Eraikina erasotzeari ekin diote etsaiek: «Jaiki eta, erdi jantzian, irten nintzan gelatik. Albokoan, hogei urte doi-doi, musua izara bezain zuri, begiak zabal-zabal, gudari beltzaran gaztea.
– Jaiki adi, motel –esan nion– hemen ez gatxaudek ongi. Goazik behera…
– Pakean hiltzen ezin utzi! erantzun, eta beste aldera jira zitzaidan».
Joseba Zubimendiren kronika, Juli Apaolazaren lekukotza… 1936ko gerraren hasierak 87 urte bete berri dituen honetan, ahaztezin.