Orain hirurogei urte aitari laguntzen hasi, eta harrezkero Ordiziako Probaren antolatzaile nagusia izan da Jose Luis Sanz Txapel-Gorri elkarteko kidea. Aurten, 100. edizioa jokatuko den urtean, azkena izango duela iragarri du.
Elkarrizketa batean baino gehiagotan aipatu izan duzu zure ilusioa 100. ediziora iristea zela. Zer sentipen dituzu?
Pozik, iristeko aukera izan dudalako. Eta uste dut, beno, uste ez, nire azkeneko edizioa izango da hirurogei urteren ondoren. Azken boladan osasun arazoak izan ditut, tentsio handia, urduritasuna, loa galduz karreran pentsatzen…
Erreleborik ba al dago?
Bai, bai, erreleboa badago, nola antolatzen diren kontua. Horretan asmatu beharko dute. Ez dago ondo nik esatea, baina gaurko egunean antolakuntzaren %90 nire esku dago, eta ez, horrek ezin du horrela jarraitu.
Iruditzen zaizu jendea kontziente dela zer suposatzen duen horrelako proba bat antolatzeak?
Ez, ezta elkarte barruan ere! Urrian, artean aurreko edizioko kontu guztiak itxi gabe daudenean, hasten gara hurrengo edizioarekin, taldeei hoska, taldeak gonbidatzen… Txirrindulari taldeek urri-azaroan egiten dute hurrengo urterako egutegia, eta orduan bidali beharra dauzkazu gonbidapenak gogoratu daitezen lasterketa hau hemen dagoela.
Aurten Pro-Tour mailako bost talde izango dira karreran, iaz baino bat gutxiago.
Bai, ezinezkoa da izan da seigarrena lortzea. UAEk urteak daramatza etortzen, Jayco-Alula ere bai beste izen batekin izanagatik, baita Astana, Education First eta Movistar ere. Pro-Team mailakoak bederatzi izango dira. Egia esan, lehen lortzen ez ziren taldeak lortzen ari gara.
Kontaktuak ere beharko dira noski?
Dena posta elektronikoz egiten dut! Urtean mila emailetik gora kudeatzen ditudala esango nuke. Gero, egia dena da, txirrindularitza munduko jende asko ezagutzen dudala, eta ni ere ezagutzen naute, eta horrek ere laguntzen du, ez dut kontrakorik esango. Euskal Herriko 43 Itzuli egingo ditut, Donostiako 32 Klasiko… Beti hor egon naiz karreren aholkulari tekniko modura.
Puntako txirrindulariren baten konfirmaziorik baduzue?
Lehen buletin bat bidaltzen dute taldeek, baina ez du ezertarako balio. 72 ordu lehenago bidali behar dute behin betikoa, hori nahitaezkoa da, eta hala ere, bezperako izen-ematean aldaketak izan ohi dira.
Izen handiren esperantzarik izango duzue ezta?
Ez, baina puntakoren bat Tourra korritu ondoren etortzen bada, irabazi egingo du, garai batean hala izaten baitzen. Azkenekoa Otxoa izan zen, Hautacamen irabazi, hona etorri eta irabazi. Beste garai batzuk dira, baina lehen Marino Lejarretak egiten zuena orain ez du inork egiten. Hark beti esaten zuen Tourra Ordizian bukatzen zela berarentzat.
Zer da zuretzat Ordiziako proba? Zure bizitza izan al da?
Nire bizitza izan da, dudarik gabe [hunkituta]. Ni orain dela 27 urte gaixotu nintzenean, eta Madrilen izan nintzenean mediku espezialista batekin, galdetu nion ea jarrai nezakeen lasterketarekin, eta erantzun zidan jarraitu egin beharra neukala, nire buruak lanean jarraitu beharra zeukala. Eta egia dena da on egin didala, nahiz eta zailtasun fisikoak izan baditudan. Emazteak lagundu behar izaten dit gauza askotan, baina hemen jarraitzen dugu.
Ehuneko marka
Klikatu erreportaje osoa irakurzekoa