Ordiziako Burrunbazale txarangako kideak lanpetuta ibiliko dira egunotan, Santa Ana jaietan herria alaitzeko «ardura» baitaukate aurten ere. 2006an Beti Argi bandako hainbat kidek sortutako taldea da Burrunbazale.
Ordiziako Beti Argi bandaren «altzoan» sortutako txaranga da Burrunbazale. 2006an, Beti Argiko lagun talde batek, musikaren beste adar batean, txarangaren esparruan murgiltzeko apustua egin zuten. «Horrek aukera ematen zigun lagunartean herritik ateratzeko eta festa giroan ibiltzeko», dio Iker Gomez de Segura taldekideak. Batzuk joan, beste batzuk etorri, 18 urte bete ditu dagoeneko Burrunbazale txarangak. «Osasuntsu eta gogotsu» dago taldea ordiziarraren esanetan, «oso ‘rollo’ ona daukagu eta hori nabaritzen da gure emanaldietan ere». Ordiziarrak aitortu duenez, harreman on horren adierazlea da, musika emanaldi baino afari gehiago egin dituztela bai iaz, eta bai aurten. Horren ondorioz, herriko jaietan herritarrak dantzan jartzea ez dute «arduratzat» hartzen, «gozamena da guretzat», nabarmendu du. «Musika jotzea gustatzen zaigu, gure artean oso ‘rollo’ ona daukagu… oso plan ona da!».
Eskaintza pertsonalizatua
Behin Ordiziako jaiak amaitu ondoren, oporrak hartuko dituzte. Alde horretatik, txaranga «bitxia» dela azpimarratu du Gomez de Segurak; «txarangentzat goi denboraldia denean guk atsedena hartzen dugu». Izan ere, erabaki horren atzean filosofia bat dago: «Ez daukagu motibazio ekonomikorik, eta hasieratik planteatu izan dugu txaranga guretzat ondo pasatzeko kontua dela». Emanaldiak «neurrian» hartzen dituzte, «eta nahi ditugulako. Eta ikusten badugu lasaixeago ibiltzea komeni zaigula, gelditu egiten gara».
Hala ere, azken boladan, «gogotsu» daude, eta azken aldiko eskaintza gehienei «baiezkoa» ematen dietela aitortu du. Azken asteetan gainera, bi saio berezi ere izan dituzte, inauterietako, danborradetako eta festetako ohiko txaranga doinuetatik urrunduz. Batetik, Ordiziako errugbi taldeak antolatutako garagardo azokarako, Alemaniako garagardo festetako «abesti tipiko alemaniarrak» prestatu zituzten. Eta Goierriko Jazzaldiaren 10. urteurrenerako, berriz, jazz ukitukoak. «Errepertorio eta estilo desberdinak jotzen ditugu. «Horrelakoetarako moldatzeko gaitasuna eta gogoa badauzkagu».
Covid pandemiaren ondoren gainera, 2022. urtea «hazkuntza urtea» izan dela uste du Burrunbazale txarangako kideak. 2022an 31 saio egingo zituzten eta eskenatoki berriak konkistatu dituzte: «Nafarroako Mañerura eta Lapurdiko Getariara ere joan gara». Txarangak modan daudela esan daiteke, eskualdean txaranga ugari sortzen ari baita. Ordizian, Larri txarangak iazko Santa Ana jaietan egin zuen estreinua.
Txaranga sortu berritan musikari guztiak Beti Argi bandakoak izan baziren ere, denborarekin «nortasun propioa» hartu du. Joaten direnei ere ez die urrutiegi joaten uzten, eta abenduan edo urtarrilean, Burrunbazaleen Egunean elkartzen dira egungo eta atzoko musikariak.